Eider Mendoza
jeltzalearen iritziz, “Foru Aldundiak hitz egiteaz aparte, hitza eman eta bete behar
du, baina ez du borondaterik”.
Politika orokorreko osoko bilkurak
jarraitu du gaur Batzar Nagusietan eta, bertan, batzarkide taldeek aurkeztutako
mozioak eztabaidatu eta bozkatu dira. Eider Mendoza hautetsi jeltzaleak Martin
Garitano foru diputatuak astelehenean egindako hitzaldia kritikatu du: “Xederik
gabekoa izan zen, hain zuzen, Patxi Lopez lehendakariaren antzekoa; izan ere,
oposizioa egiten pasa zuen hitzaldi guztia”. Hori dela eta, Mendozaren ustez,
“baldin eta Bilduren aginteko gobernuak noraezean jarraitzen badu, guk hutsune
horiek beteko ditugu”.
Ildo beretik, batzarkide
jeltzalea azaldu duenez, EAJ-PNVk aurkeztutako mozioak bi oinarri dituzte: “Politiko-demokratikoa eta
politiko-etikoa. Hau da, herri bat osatzen dugulako ekimenak eskatzen dizkiogu
diputatu nagusiari, eta ez dagoelako proiekturik ez egitasmorik pertsonen
duintasunaren gainetik”.
Era berean, Eider Mendozak Foru
Aldundiari segidakoa egotzi dio: “Ez du programarik, ez arauak egiteko
egutegirik. Horregatik, foru diputatuek legealdi hasieran hartutako
konpromisoak betetzeko eskatzen dugu. Izan ere, argi dago Gobernuak oposizioak
onartutako ebazpenak ez dituela beteko, beraz, beraiek hartutako konpromisoak
behintzat gauzatzeko eskatzen dugu, urte eta erdi pasa delako eta ez dugulako
ikusi ezer egin dutenik”.
Mendozak, halaber, kritikatu du,
“Bilduren aginteko Foru Aldundiak ez duela aintzat hartzen Batzar Nagusien, ez
gipuzkoarron borondatea. Horrenbestez, oposiziotik zerbait egin beharko dugu
kasu egin dezaten”. Hortaz, hautetsi jeltzalearen aburuz, “Foru Arau
proposamena da irtenbide bakarra onartutakoa betetzeko; izan ere, hartutako
erabakia loteslea da. Horregatik, ekonomia sustatzeko foru araua proposatu
dugu, Foru Aldundiak krisiari aurre egiteko plana egin dezan”.
Aipatutako foru arauari buruz,
Eider Mendozak PSEren jarrera salatu du: “Ez du ekimen sendorik aurkeztu eta,
beraz, abstenitu dira, bere proposamena izan ez delako. Ondorioz, proposamenak
ez du aurrera egin”. Hala, Mendozak alderdi sozialistari eskatu dio, “bere
lekua topatzeko, izan ere galduta dabil. Egun batean gauza bat esaten du eta
hurrengoan kontrakoa. Jarrera horrek oposizioak aurkezten dituen ekimenak
ahultzen ditu”.
Ekonomiaren arloa izan da
batzarkide jeltzalearen hitzaldiaren oinarria: “Arlo guztiek dute ekonomiaren
sustapena oinarri. Aberastasuna sortu behar da egungo sistema mantentzeko.
Esaterako, baldin eta Foru Aldundiak ekonomia sustatzeko neurriak hartzen ez
baditu, gizarte politikak mantentzeko zailtasunak izango ditu. Orobat, ez dugu
enplegua sortzeko ekimenik ikusi. Badirudi Bilduri diru-bilketak baino ez diola
axola”.
Era berean, Eider Mendozak
azkeneko 15hilabeteotan hainbat departamentutan egindakoak ere izan ditu
hizpide: “Azpiegituretan, Larraitz Ugarte foru diputatuak asmoa du foru arau
berria egiteko, baina nahita ezkutatzen du. Gainera, Mayor Orejaren aitzaki
bera erabiltzen du, alegia, Batzar Nagusietan heldutasun falta dagoela. Eta,
bitartean, Foru Aldundiak errepideen arloan markak hautsi ditu: Etxegaraten
bidesaririk ez jartzeko erabakiak suposatzen du Foru Aldundiaren diru-kutxan
urtean 53milioi euro gutxiago jasotzea”.
Hondakinen kudeaketaren gainean,
hautetsi jeltzaleak honakoa esan du: “Argi dago Bilduk ez duela asmorik
gehiengoak onartutakoa betetzeko. Beraz, eskatzen diogu denbora gehiago ez
galtzeko eta indarrean dagoen foru araua nahiz Europak ezartzen dituen neurriak
betetzeko; hau da, zabortegi berririk ez irekitzeko eta inposiziorik ez
egiteko”.
Parte-hartzeari buruz ere hitz
egin du Eider Mendozak: “Ezker Abertzalearen parte-hartze eredua inposizioa da.
Teoría erraza da, alegia, Ezker Abertzaleak dio gizartearen ordezkariekin hitz
egiten duela, baina errealitatea bestelakoa da: herritarrekin egon bai, baina
ez dituzte entzuten ez eskariak haintzat hartzen”.
Politika egoeraren gainean,
Mendozak Bilduri eskatu dio, “leziorik ez emateko. Kataluniara begira daude,
hain zuzen, Ibarretxe lehendakariak duela urte batzuk egindako ibilbide
berberari. Orduan ez zuten adorerik izan alde bozkatzeko, ez Estatutu Politiko
berriari, ez kontsultaren legeari”.
Gainera, Eider Mendozak,
koalizio abertzaleari dei egin dio, “Martin Garitano ez parekatzeko Agirre
lehendakariarekin. Izan ere, Agirre lehendakaria bezalako Euskal Herriaren
historiaren irudi garrantzitsuenetako baten aurkako erasoa da”.
Azkenik, EAJ-PNVren batzarkideak
Foru Aldundiari leporatu dio, “ez dela beharrezkoa egiten ari. Asko hitz egiten
du, baina horretaz gain, hitza eman eta bete behar du, baina ez du
borondaterik. Horregatik, guk bidea erakutsiko diogu”.
No hay comentarios:
Publicar un comentario