EAJ-PNV
batzarkide taldearen bozeramaileak aditzera eman duenez, “aurrekontuak adosteko
lehenengo bileratik Bilduko ordezkariei esan diegu Gipuzkoak krisiari aurre
egiteko estrategia behar duela”.
Xabier Lapitz Onda Vasca irratiko
kazetariak EAJ-PNV batzarkide taldearen bozeramaile Markel Olano elkarrizketatu
du Euskadi Hoy saioan. Bertan, jeltzaleen bozeramaileak honakoa esan du:
“ekonomia-egoerak ez du hobera egin eta, beraz, erakundeen artean elkarlana
egin behar dugu. Hori da, hain zuzen, herritarrek eskatzen dutena eta,
horrexegatik, Bilduri eta beste alderdi politikoei itun-eskaintza egin diegu,
erakunde guztiek aurrekontua izan dezaten”. Aitzitik, Markel Olanoren ustez,
“Bilduk proposamenaren irakurketa alderdikoia egin du, uko egin dio eta, hori,
herritarrek ez dute ulertuko”.
Ildo beretik, Olanok, beste
behin ere, esan du, “Gipuzkoak krisiari aurre egiteko estrategia behar duela.
Urte osoan zehar, oposizioko beste alderdiekin batera, Bilduren aginteko Foru
Aldundiari eskatu diogu krisiari aurre egiteko plana egiteko, baina ez digu
kasurik egin. Horregatik, ekonomia sustatzeko foru araua egiten ari gara, helburu
jakin batekin: Bilduk Gipuzkoan krisiari aurre egiteko plana egitea”.
Era berean, Markel Olanok salatu
du Martin Garitano diputatu nagusiaren gobernatzeko modua: “Foru Aldundira
iritsi zenetik parte-hartzea, irekiera, demokrazia eta herriari hitza emateko
borondatea desagertu dira. Bere gehiengoa imposatu egiten du – zilegia da -,
baina lehengo legealdian egin genuen lanaren aldean atzerapausoa da. Orduan, lidergo partekatua delakoa egin genuen.
Bilduk, ordea, ez du kasurik egiten eta soilik axola dio bere iritzia
imposatzea”.
Halaber, EAJ-PNV batzarkide
taldearen eledunak hondakinen kudeaketari buruzko galderei erantzun die:
“Herritarrek protesta egin dute Bilduk atez atekoa inposatu nahi duen herrietan.
Baina Bilduri horrek ez dio axola; izan ere, begiak nahiz belarriak ixten ditu
eta bere estrategiarekin aurrera jarraitzen du”. Horrenbestez, Markel Olanok
segidakoa azpimarratu du: “Euskal Autonomia Erkidegoko hauteskundeetan
herritarrek zigortu zuten Bilduren demokraziaren aurkako jarrera, bai
hondakinen kudeaketan, bai beste hainbat gaitan”. Hortaz, Olanoren aburuz, “gu
negoziazioaren aldekoak gara, herritarren iritzia entzutearen aldekoak,
egoerari egokitzearen aldekoak eta parte-hartzearen aldekoak. Bilduren jarrera
bestelakoa da: botere baliabideak ditu eta erabiliko ditu, baina argi utziko du
bere benetako jarrera zein den”.
Jeltzaleen bozeramaileak
aparteko ordainsaria ere izan du hizpide: “EAJ-PNVren irizpidea ezaguna da:
esfortzua egingo dugu Batzar Nagusietako langileek aparteko ordainsaria jaso
dezaten. Uste dugu, foru legebiltzarra izateak gaia beste era batera kudeatzeko
aukera ematen digula”. Horren harira, Markel Olanok honakoa esan du: “Une oso
garrantzitsua da; izan ere, baldin eta herri administrazioko langileek aparteko
ordainsaria jasotzen badute, eguberritako kontsumoa sustatuko da eta, ondorioz,
saltokiek krisi egoerari aurre egingo diote”.
Azkenik, Olanoren iritziz,
“krisialdiaren laugarren urtean da eta herritarren arrazoizko beldurra hor
egoten jarraitzen du. Gainera, alderdi popularraren murrizketek ez dute
beldurra kentzen laguntzen eta, hori da, hain zuzen, egin behar duguna:
beldurra izateari utzi enpresek eskari zein fakturazio gehiago izateko eta,
ondorioz, piskanaka krisialditik irteteko”.
No hay comentarios:
Publicar un comentario