12 de diciembre de 2012

EAJ-PNV-K GIPUZKOAKO EKONOMIA BABESTEKO DEIA EGIN DU, ABERASTASUNAREN ETA FORTUNA HANDIEN GAINEKO ZERGAREN ERASOARI AURRE EGITEKO

Itziar Agirre jeltzalearen iritziz, “foru araua txarra da, izan ere ekonomia-jardueraren ondasuna pertsonaltzat hartzen du eta enpresa txiki eta ertainak deskapitalizatu egiten ditu”.
Aberastasunaren eta Fortuna Handien gaineko Zerga onartu dute Bildu eta PSE alderdiek gaurko osoko bilkuran. EAJ-PNVren batzarkide Itziar Agirreren ustez, “Gipuzkoako ekonomia zein enpresak babesik gabe gelditu dira”. Ildo beretik, Agirrek honakoa gogoratu du: “Zerga berri honekin Gipuzkoak beste lurraldeekiko presio fiskal ezberdina izango du eta, ondorioz, ekonomia-jarduera gehiago zergapetuko da eta, beraz, diru-sarrerak gutxituko dira”.


Bildu eta PSE alderdiek onartutakoari aurre egiteko, batzarkide jeltzaleak segidakoa esan du: “Guk zerga bateratu baten alde egiten dugu, hain zuzen, zerga progresibo baten alde, ekonomia-jardueraren sustapenaren alde, eta gizarte zerbitzuak mantentzearen alde; izan ere, kalte egingo zaie hartutako erabakia arduragabea dela eta”.

Era berean, Itziar Agirrek gogoratu du, “Gipuzkoako enpresen %80 enpresa txiki eta ertainak direla eta, gainera, horiek direla lurraldeko enpleguaren %85 sortzen dutenak. Era berean, enpresa ertain eta txikien %70 familiarrak dira eta, erabaki horren ondorioz, kapitala kanpora saldu beharko dute. Hau da, Bildu eta PSE alderdiek Gipuzkoako gizarte- zein ekonomia-ereduari kalte egin diote”. 

Agirrek, halaber, honakoa azpimarratu du: “Bildu eta PSEren iritziz enpresaburuek ez dituzte zergak ordaintzen eta, horretarako, zergak ekiditeko hainbat tresna erabiltzen dituzte. Gu ez gaude horrekin ados. Izan ere, hainbat enpresaburuk enpresak sortu eta egoki kudeatu dituzte, irabaziak berrikuntzan eta enpleguaren sorreran inbertsioak egiteko erabili dituzte eta, ondorioz, egun lehen mailako enpresak dira”.

Azkenik, EAJ-PNVren hautetsiaren aburuz, “proposatu ditugun zuzenketekin honakoa egiten saiatu gara: idaketa teknikoagoa, pertsonaren ondasunak ekonomia-jardueraren ondasunak bereizteko eta, orobat, zergen ordainketa ekiditeko jarrerekin amaitzeko”. Gainera, Itziar Agirrek eskatu du, “Ondareen gaineko Zerga hiru lurraldeen artean aztertzeko, zerga bateratua eta progresiboa lortzeko, bai diru-sarreretan, bai aberastasuna sortzean eta aberastasun hori modu orekatuan banatzean”. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario