Jeltzaleen
batzarkide taldearen bozeramaile Markel Olanok azaldu duenez, “91 zatiko
zuzenketa proposatu ditugu eta zenbatekoa 24 milioi eurokoa da; izan ere,
krisialdiaren seigarren urtea izango da eta enpleguari, prestazioei, pertsonen
itxaropenei, pobreziari eta sosegu ezari eragingo die”.
Joseba Egibarrek eta Markel
Olanok prentsaurrekoa egin zuten larunbatean eta, bertan, iragarri zuten
Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrekontuari osoko zuzenketarik ez ziotela
aurkeztuko. Gaur, berriz, EAJ-PNV batzarkide taldearen bozeramaile Markel
Olanok zatiko zuzenketen gaineko zehaztapenak egin ditu: “Krisiari aurre egin
nahi diogu gizarte politiken arloan murrizketarik egin gabe. Horretarako, 91
zatiko zuzenketa proposatu ditugu eta zenbatekoa 24 milioi eurokoa da, segidako
eskaerak egiteko: krisiari aurre egiteko, gizarte politikak hobetzeko eta
hondakinen kudeaketa egiteko”.
Krisiari aurre egiteko neurriei buruz,
Olanok honakoa azaldu du: “Berrikuntza departamentuaren aurrekontua %24
murriztu da eta, horrek, izugarri arduratzen gaitu. Ondorioz, 2013., 2014. eta
2015.urteetan 10 milioi euroko aurreontu-saila emateko konpromisoa proposatu
dugu”. Jeltzaleen bozeramaileak zehaztu duenez, “aurrekontu-saila horrek honako
egitekoak izango ditu: krisi-egoeran dauden enpresei lagundu, berrikuntza eta
nazioartekotze proiektuen alde egin, eta gazte kualifikatuen enplegua sustatu,
haiek baitira Gipuzkoaren lehiakortasuna eta garapena etorkizunean bermatu
behar dutenak”.
Gizarte politiken gainean,
EAJ-PNV batzarkide taldearen eledunak segidakoa azpimarratu du: “Gizarte politiken kudeaketa, orain arte, arlo
publikoa eta pribatuaren arteko elkarlanaren bitartez egin da eta eredua izan
da hainbat lekutan. Aitzitik, Bilduren aginteko Foru Aldundiak ez du bat egiten
ereduarekin eta, ondorioz, aldatu nahi du; nahiz eta ez duen lortu ados jartzea
beste alderdi politikoekin edo gizarte-erakundeekin”. Ildo beretik, Markel
Olanoren aburuz, “ekonomia-egoera zein den ikusita, atentzioa eman digu Foru
Aldundiak gizarte politika departamentuko aurrekontuan bost milioi euroko
murrizketa egin izanak. Gure ustez, bi arrazoi horiek gaur arte egindako lana
bazterrean uzten dute”.
Horrenbestez, Olanok Foru Aldundiak egindako
murrizketak kritikatu ditu: “lehena, gizarte-bazterketa arriskuan dauden
taldeentzako zein genero indarkeriaren biktimentzako laguntzak. Bigarrena,
Irungo eta Elgoibareko egoitzen eraikuntzarako inbertsio eza. Hirugarrena, inbertsioetarako atalean Talleres Protegidos
Gureak S.A.-rekin sinatutako konpromisoak – enplegurako zentro bereziak eta
lana aurkitzeko tailerrak egiteko – bertan behera gelditu izana. Eta azkena, Gipuzkoan gizarte zerbitzuetako erakunde zein
taldeekin elkarlana sustatzeko nahiz hitzarmenak egiteko aurrekontu-sailen
murrizketa. Gainera, proposatu dugu egoitzetako leku-kopuruetarako aurrekontu-sailak handitzeko".
Bestalde, hondakinen kudeaketari
proposatutako zuzenketei buruz, Gipuzkoako Batzar Nagusietan jeltzaleen
bozeramailearen ustez, “2013ko aurrekontu zirriborroan argi gelditu da Foru Aldundiak ez duela beteko hartutako
konpromisorik, Gipuzkoan sortutako hondakinen tratamendurako beharrezko
azpiegiturak egiteko. Horregatik, zatiko zuzenketa proposatu dugu, Gipuzkoan
hondakinen tratamendurako beharrezkoak diren azpiegiturak egiteko eta,
bereziki, balorizazio energetikorako errausketa-instalazioa eraikitzeko”.
Era berean, Markel Olanok
honakoa gogoratu du: “Hondakinen kudeaketaren gainean Foru Aldundiaren jarrera oztopatzailea da eta, ondorioz,
“zuzenketa proposatu dugu, Batzar Nagusien gehiengoak Gipuzkoako
Hiri-Hondakinen Kudeaketarako Plangintza Orokorra (PIGRUG) babesten duela
irudikatzeko”.
Azkenik, Olanok zehaztu du, EAJ-PNVk dozena
zatiko zuzenketa proposatu dituela baserritarren diru-laguntzen murrizketei
aurre egiteko eta, gainera, testu artikulatuari beste bederatzi zuzenketa
proposatu dizkiola. Hortaz, Markel Olanok segidakoa gogoratu du: “zatiko zuzenketak aurkezteko
erabakiaren arrazoia honakoa da: koherenteak eta herriarekin arduratsuak izan
nahi dugu eta, beraz, ez ditugu EAEko hiru larraldeetako aurrekontuak
oztopatuko; izan ere, Euskadi eta, gure kasuan Gipuzkoa, aurrera egiteko
ezinbesteko tresnak dira”.
No hay comentarios:
Publicar un comentario