19 de diciembre de 2012

EAJ-PNV-REN USTEZ, ERRAUSKETA-INSTALAZIOARI BURUZKO AURREKONTU-SAILAREN ONARTU IZANAK INDARTZEN DU BATZAR NAGUSIEN ZEIN GIPUZKOARRON GEHIENGOAREN IRITZIA



Jeltzaleen batzarkide taldearen bozeramaile Markel Olanok esan du, krisiari aurre egiteko EAJ-PNVren proposamena zehatzagoa eta orokorroagoa dela; errausketa-instalazioa ez zela oztopo akordioa lortzeko eta, era berean, kritikatu du, Bildu eta PSE alderdiek ez dituztela gizarte politikak babestu. 



Bildu eta PSE alderdien arteko ituna Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrekontua onartzeko, zatiko zuzenketen bozketan eragina izan du. EAJ-PNV batzarkide taldearen bozeramaile Markel Olanok honakoa azpimarratu du: “Gaur, argi gelditu da errausketa-instalazioari buruzko zuzenketa ez zela oztopo aurrekontua negoziatzeko”. Horren harira, Olanoren aburuz, “Foru Aldundiak aurrekontua du, besteak beste, EAJ-PNVk osoko zuzenketa ez duelako aurkeztu”. Horrenbestez, Bilduren jarrera kritikatu du, ez duelako EAJ-PNVrekin negoziatu izan nahi: “Eskaintza egin genion, baina aldundiak nahiago izan du gurekin ez negoziatu”. 

Hortaz, jeltzaleen batzarkide taldearen bozeramaileak hondakinen kudeaketari buruz hitz egin du: “Aurrerapauso garrantzitsua egin dugu. Gure zuzenketarekin Gipuzkoako Batzar Nagusien gehiengoaren borondatea argi utzi nahi izan dugu eta, orobat, Foru Aldundia borondate hori defendatzera behartu Gipuzkoako Hondakinen Partzuergonan”. Hala, Markel Olanok segidakoa esan du: “Errausketa-instalazioari buruzko aurrekontu-saila onartu izanak indartzen du Batzar Nagusien zein gipuzkoarron gehiengoaren iritzia”.

Halaber, Olanok Bildu eta PSE alderdien arteko gizarte politikaren gaineko ituna kritikatu du: “Ez dute neurririk adostu Gizarte Politikako departamentuak aurrekontuan izandako 5,2 milioi euroko murrizketari aurre egiteko eta, horrek, asko kezkatzen gaitu; izan ere, Gipuzkoan gero eta behar handiagoak daude alor horretan”. Ondorioz, EAJ-PNVren bozeramailearen iritziz, “gizarte zerbitzuak bere horretan mantentzeko arazoak izango ditugu eta, beraz, ezingo dugu inbertsiorik egin egoitzetan – zaharren egoitzetan nahiz eguneko zentroetan –, lurraldean dauden itxaron-zerrendei aurre egiteko”. Markel Olanoren aburuz, “Bilduk eta PSEk Gipuzkoako gizarte zerbitzuak bultzatu beharrean, egoera larrian utzi dituzte”.

Era berean, EAJ-PNVren bozeramaileak krisiari aurre egiteko aurrekontu-saila egiteko proposamena izan du hizpide: “Bildu eta PSE alderdien proposamenak ez du bat egiten gure lehentasunekin. Gure ustez, oposizioak krisiari aurre egiteko adostutako ebazpen-proposamena kontuan hartu behar zuten. Bildu eta PSE alderdiek, ordea, ez dute proposamen zehatzik egin. Hala ere, duela hilabete batzuk esan genuen krisiari aurre egiteko zein ekonomia sustatzeko ekimenak babestuko genituela eta, beraz, alde bozkatu dugu”.

Azkenik, Markel Olanok honakoa azpimarratu du: “Aurrekontuan murrizketa handia egin zaie baserritarren laguntzei eta, gainera, ez dago aurrerapausorik kiroletan berdintasunaren arloan”. Hori dela eta, Olanoren ustez, “aurrekontuan zehazten diren lehentasunak eta gureak ezberdinak dira. Hala eta guztiz ere, EAJ-PNVk eta Iñigo Urkullu lehendakariak beste alderdiei egindako proposamenarekin koherenteak izan gara, alegia, krisialdian euskal erakundeen aurrekontuak ez oztopatzea”.

No hay comentarios:

Publicar un comentario