23 de enero de 2013

EAJ-PNV-K AURKEZTU DU KRISIARI AURRE EGITEKO OINARRIZKO DOKUMENTUA FORU ARAU BAT EGITEKO

Gipuzkoako Batzar Nagusietako jeltzaleen bozeramaile Markel Olanok honakoa azaldu du: “Aurkeztutako dokumentuak lurraldearen gizarte- eta ekonomia-indarrak eta gabeziak aztertzen ditu. Gainera, erakundeen arteko adostasuna proposatzen du, izan ere ezinbestekoa da erakundeen arteko elkarlana krisiari aurre egiteko”. 

EAJ-PNVren GBBren presidente Joseba Egibarren ustez, Bilduk ez du sinesten enpresak sortzearengan, ‘enpresa’ eta enpresari aberatsa’ kontzeptuak nahasten baititu. Baina aitzitik, Gipuzkoan enpresak daude eta ekonomiaren eragileak dira; horregatik, enpresei lagundu behar zaie. Errealitate horri aurre egin behar zaio eta Bilduk bere jarrera erakutsi beharko du”.




Gipuzko Buru Batzarraren presidente Joseba Egibarrek eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako EAJ-PNVren bozeramaile Markel Olanok prentsaurrekoa egin dute eta Gipuzkoan krisiari aurre egiteko oinarrizko dokumentua aurkeztu dute foru arau bat egiteko. Joseba Egibarren iritziz, “Bilduren aginteko Foru Aldundiak entzungor egiten die krisiari aurre egiteko ekimenei zein Batzar Nagusien gehiengoak adostutakoari, ez duelako gustuko bertan dagoen gehiengo demokratikoa. Gainera, hiru ardatz estrategikoekiko – pertsonak, enpresak eta gobernantza – EAJ-PNVren eta Bilduren jarrerak guztiz ezberdinak dira”.

Ildo beretik, Egibarren ustez, “egindako proposamena ez da berria: Foru Aldundiari eskatzen diogu krisiari aurre egiteko behar diren aurrekontu-sailak egiteko. Horrenbestez, hasierako dokumentu honen helburua honakoa da: ekonomia- eta gizarte-ordezkariei bidaltzea, horiek aztertu eta aldaketak proposa ditzaten eta, ondoren, foru arau proposamena egitea Bilduren aginteko Foru Aldundiari ekimenak egitea behartzeko”.

Era berean, EAJ-PNVren GBBren presidenteak segidakoa esan du: “Bilduk ez ditu gustuko Gipuzkoan dauden ekonomia- zein gizarte-egoeraren araberako beharrak. Bilduk ez du sinesten enpresak sortzearengan, ‘enpresa’ eta ‘enpresari aberatsa’ kontzeptuak nahasten baititu. Baina aitzitik Gipuzkoan enpresak daude eta ekonomiaren eragileak dira; horregatik, enpresei lagundu behar zaie. Errealitate horri aurre egin behar zaio eta Bilduk bere jarrera erakutsi beharko du”.

Bestalde, Gipuzkoako Batzar Nagusietako EAJ-PNV batzarkide taldearen bozeramaile Markel Olanoren aburuz, “egoera honetan gaude Bilduren aginteko Foru Aldundiak ez duelako ekimenik martxan jarri krisiari aurre egiteko. Horrenbestez, egoera larria da eta EAJ-PNVk erantzun du krisiari aurre egiteko oinarrizko dokumentua aurkeztuz foru arau bat egiteko eta, beraz, Bildu zerbait egitera behartzeko”.

Horrenbestez, Olanok honakoa azpimarratu du: “Gaur foru oinarrizko dokumentua publiko egin dugu eta, gaur bertan, lurraldeko ekonomia- eta gizarte-ordezkariei helaraziko diegu. Hortaz, hurrengo astean haiekin hitzordua egingo dugu, bilera egiteko eta, bertan, iritziak eta ekarpenak jasotzen hasteko”.

Jeltzaleen batzarkide taldearen bozeramaileak azaldu duenez, aurkeztutako dokumentuak aztertzen ditu lurraldeko ekonomia- eta gizarte-indarrak zein gabeziak, eta azken hauek zuzentzeko gakoak. Gainera, lau ardatza nagusi ditu: 1) Foru Aldundiaren aurrekontuaren kudeaketa; 2) enpresen eta pertsonei krisiari aurre egiten lagundu; 3) enpresak etorkizuneko erronkei aurre egiten lagundu; eta 4) lurraldearen gobernatzeko era garatu”.

Halaber, Markel Olanok honakoa gogoratu du: “Ekimena ez da berria, izan ere 2011ko irailean Batzar Nagusiek onartutako ebazpen proposamena du oinarri. Hala ere, lurraldeko ekonomia- zein gizarte-ordezkariekin hitz egin nahi dugu, Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean aritu nahi dugu eta Batzar Nagusietako gainerako alderdiekin hitz egin nahi dugu. Orobat, Foru Aldundiari segidakoa eskatzen diogu: krisiari aurre egiteko egutegia eta aurrekontu konpromisoa egiteko”. 

Azkenik, hona hemen Olanoren hitzak: “Bilduri bidea erakutsi nahi diogu, baina horretarako adostasuna lortu behar dugu 2014ean krisiari aurre egiteko planak aurrekontuan atal berezia izan dezan. Aitzitik, jakin badakigu foru arau bat onartua izateko denbora behar duela eta, beraz, harik eta onartzen ez den arte ezingo dugu gobernua behartu krisiari aurre egiteko ekimenak egitera. Gure proposamenak eta Eusko Jaurlaritzak ekonomia sustatzeko egingo duenak Bilduren ezintasuna agerian utziko dute krisiari aurre egiteko”. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario