25 de enero de 2013

EAJ-PNV-REN USTEZ, BILDUREN AGINTEKO FORU ALDUNDIAK EZ DU EDUKI EZ GAITASUNIK EZ BORONDATERIK KRISIARI AURRE EGITEKO



Jeltzaleen batzarkide taldearen bozeramaile Markel Olanok honakoa esan du: “Bilduk, PSEk eta Aralarrek adostutako talde txostengilearen edukiak mugatuak dira; hau da, ez dira lurraldeak dituen ekonomia- eta gizarte-beharrei aurre egiteko nahikoak”.



Gipuzkoako Batzar Nagusiek talde txostengilea egingo dute ekonomiaren garapenerako neurriak hartzeko. EAJ-PNV batzarkide taldearen bozeramaile Markel Olanoren iritziz, “talde txostengilea tresna egokia da ekonomiaren garapenerako neurriak adosteko, baina PSE, Bildu eta Aralar alderdiek ezarritako edukiak ez dira egokiak, mugatuak baizik”.

Horrenbestez, Olanok honakoa esan du: “Gaiari serio heldu behar diogu. Hain zuzen, oposizioak legealdi hasieratik segidako proposamena egin zion Foru Aldundiari: hitzarmen mahia osatzeko krisiari aurre egiteko plana egiteko. Baina aitzitik, Martin Garitano diputatu nagusiak berak esan zuen ezertarako ez zuten planik ez zuela egingo. Hau da, Bilduk ez du eduki ez gaitasunik ez borondaterik krisiari aurre egiteko”.

Era berean, Markel Olanok EAJ-PNV batzarkide taldearen ekarpena aurkeztu du: “Gure iritziz, talde txostengilea Berrikuntzako, Landa Garapeneko eta Turismoko batzordean egin beharko litzateke; izan ere, edukiak handiagoak izango lirateke. Halaber, legealdi amaiera arteko krisiari aurre egiteko plana egin beharko litzateke eta ez epe laburrerako proposamena, Bilduk, PSEk eta Aralarrek egin duten bezela”.

Gainera, jeltzaleen batzarkide taldearen eledunaren aburuz, “ez gaude ados talde txostengilearen ikuspegiarekin, epe laburrekoa delako. Dena den, hutsa baino gehiago zerbait bada. Ondorioz, parte hartuko dugu baina epe luzerako proposamenean lan egiten jarraituko dugu. Izan ere, Foru Aldundiak bat-bateko erabakiak hartzen ditu eta, hori ekiditeko, bidea erakutsi behar diogu. Horretarako, ekimen lotesleak egitea ezinbestekoa da”. Hortaz, Markel Olanok honakoa gogoratu du: “Egun, Gipuzkoako gizarte eragileekin lanean hasi gara krisiari aurre egiteko foru arau proposamena egiteko”.

Finantza eta ekonomia orekarako plana

Bestalde, EAJ-PNVren batzarkide taldeko Jose Corchon batzarkideak Foru Aldundiari eskatu dio, finantza orekarako beste plana eguneratzeko eta beste bat egiteko. Corchonen iritziz, “finantza eta ekonomia orekarako plana oso tresna garrantzitsua da. Beraz, iazko diru-bilketa eta zor berriaren aurreikuspenak bete ez dituenez, gure ustez ezinbestekoa da plana eguneratzea”.

Azkenik, hautetsi jeltzaleak honakoa gogoratu du: “Foru Aldundiak udalen finantza-babesa du eta hainbat gauza eskatzen dizkio. Hori dela eta, aldundiak ezin du adibide txarra izan eta bere ekonomia- eta finantza-plana eguneratua izan behar du”.

No hay comentarios:

Publicar un comentario