9 de enero de 2013

EAJ-PNV-REN USTEZ, WERT MINISTROAREN LEGEA EUSKAL GIZARTEAREN KALTERAKO DA

Jeltzaleen batzarkide taldearen bozeramaile Markel Olanok gogoratu du, Ibarretxe lehendakariak proposatutako Estatutu Politiko Berriak horrelako erasoei aurre egiteko neurriak zeudela.



Wert Espainiako Hezkuntza ministroaren legearen gainean eztabaidatu dute batzarkide taldeek osoko bilkuran. Markel Olano EAJ-PNV batzarkide taldearen bozeramaileak honakoa esan du: “Hezkuntza sistema batek egonkortasuna behar du, beraz, lau urtean behin hezkuntza sistema aldatzea oso kaltegarria da”. Ildo beretik, Olanok salatu du, “Alderdi Popularrak Euskal Autonomia Erkidegoari eskumenak kendu nahi dizkiola. EAEko hezkuntza sistemak Espainiakoa baino emaitza hobeagoak ditu eta hori Wert ministroak ez du gustuko. Hortaz, eskumenak gutxituko dizkio EAEri, behar gehien duten autonomien gainean estrategia berria landu ordez”.

Era berean, jeltzaleen bozeramailearen aburuz, “Wert ministroaren legeak erasotzen ditu  Euskara, Euskal Autonomia Erkidegoko autogobernua eta euskal gizartea. Izan ere, Euskadiren eskumenen aurka egiten du eta, besteak beste, Euskara ez da tronkala izango, espezialitatea baizik”.

Horrenbestez, Markel Olanoren iritziz, “euskal hezkuntza sistemak hezkuntza sektorearen eta gurasoen oneritzia izan behar du. Adostasun horrek kontuan izan behar ditu eredu ezberdinen artean hautatzeko aukera. Herri bezela erantzun behar diogu Wert ministroaren legeari”.

Azkenik, Olanok Espainiako gobernuaren jarrera salatu du: “Espainiako gobernuak – berdin du PSOE edo PP agintean egon – beti erasotzen ditu Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenak. Horri aurre egiteko Ibarretxe lehendakariak Estatutu Politiko Berria egin zuen. Batzuek ‘rakaraka’ bat zela eta zentzurik ez zuela esan zuten eta Madrilen ateak itxi zizkioten. Egun, ordea, argi geratu da Estatutu Politiko Berriak zentzua zuela; izan ere gure eskumenak defendatzen ditu”.

No hay comentarios:

Publicar un comentario