9 de enero de 2013

XABIER EZEIZABARRENA: “RAJOY-REN AGINTEKO ESPAINIAKO GOBERNUA EZ DA LEIALA IZAN ETA PENTSIODUNEN AURKA LARRIKI EGIN DU”

EAJ-PNVren batzarkideak Alderdi Popularraren jarrera salatu du, “bere hitza bete ez duelako eta gehiengo absolutuaren bidez, inorekin hitz egin eta adostu gabe gobernatzen ari delako”.



Espainiako Gobernuak erabaki du pentsioak KPIak ezarritakoa ez handitzea. Gipuzkoako Batzar Nagusietako taldeek gai honen gainean eztabaidatu dute 2013ko lehenengo osoko bilkuran. EAJ-PNVren batzarkide Xabier Ezeizabarrenak honakoa gogoratu du: “Azkeneko hauteskunde kanpainan Mariano Rajoyk agindu zuen pentsioak KPIak ezarritakoa handituko zirela; hau da, %2,9 eta ez, ordea, %1 gertatu den bezela”. Horren harira, Ezeizabarrenaren ustez, “Rajoyren aginteko Gobernua ez da bere buruarekin leiala izan eta, beste behin, behar gehien dutenen aurka egin du, alegia pentsiodunen aurka”.

Era berean, hautetsi jeltzaleak salatu du “Alderdi Popularrak Konstituzioaren aurkako erabakiak hartu ditu, nahiz eta Konstituzioa defendatzen duela esaten duen. Guk ez dugu bat egiten Konstituzioarekin, ez baita gure ordenamendu juridikoa, baina PPk bakarrik interesatzen zaizkion Konstituzioaren artikuluak erabiltzen ditu herritarren eskubideak murrizteko”.

Hori guztia dela eta, Xabier Ezeizabarrenak Alderdi Popularraren aginteko Espainiako Gobernuari honakoa egotzi dio: “Hitza ez betetzea eta, halaber, gobernatzeko eredu okerra erabiltzea, izan ere gai guztiak kudeatzen ditu gehiengo absolutuaren bidez eta inorekin hitz egin edota adostu gabe”.

Azkenik, Ezeizabarrenaren aburuz, “PSOE nahiz PPren aginteko Espainiako Gobernuek gauza bakarra lortu dute, Espainiak lurra jotzea”. Horrenbestez, honakoa aldarrikatu du: “Euskal gizarte segurantza sistema egitea, Euskadin pentsioak bermatzeko eta eguneratuak izateko”. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario