6 de febrero de 2013

HONDAKINEN KUDEAKETAREN GAINEAN DEMOKRAZIAREN ZATIKO IKUSPEGIA IZATEA EGOTZI DIO EAJ-PNV-K BILDU-RI.

EAJ-PNVren batzarkide Xabier Ezeizabarrenak Bilduri honakoa galdetu dio: “Nolako legitimitatearekin eskatuko die Bilduk gipuzkoarrei foru arauak betetzeko, koalizioak kontrakoa egin eta araudia betetzen ez badu?”.
Gipuzkoako Hiri Hondakinen Kudeaketa Plangintza Orokorrean aurreikusitako azpiegituren eraikuntzarako aurrekontu-sailari buruz eztabaidatu dute batzarkide taldeek gaur Gipuzkoako Batzar Nagusietan. EAJ-PNVren batzarkide Xabier Ezeizabarrenak honakoa esan du: “Beste behin ere, Bilduk ez du aintzat hartuko ganbera honen gehiengoak onartutako hondakinen kudeaketari buruzko foru araua. Hau da, Bilduk ez du beteko bere programarekin bat egiten ez duen ebazpenik, nahiz eta Batzar Nagusien gehiengoa onartu izan”. Horrenbestez, Ezeizabarrenaren aburuz, Bilduk demokraziaren zatiko ikuspegia du.

Horren harira, batzarkide jeltzaleak Bilduri segidakoa galdetu dio: “Nolako legitimitatearekin eskatuko die Bilduk gipuzkoarrei foru arauak betetzeko, baldin eta Bilduk ez baditu foru arauak aintzat hartzen eta ez badu araudia betetzen?”. Hortaz, Xabier Ezeizabarrenak azpimarratu du, Bilduren aginteko Foru Aldundiaren legitimitate falta, izan ere, Bilduk sistema hankaz gora jarri nahi du eta, horretarako, ez ditu egingo adostutako azpiegiturak eta ez ditu beteko horiek eraikitzeko aurrekontu-sailak.

Era berean, Ezeizabarrenaren iritziz, Bilduk demagogia egiten du. Izan ere, nahiz eta Erresuma Batua zein Alemania, Holanda edo Polonia bezalako herrialdeetako osasun agentziek – herrialde horietan guztietan errauste-planta dago – errausketa-instalazio berriek herritarrentzako osasun-arriskurik ez dutela sortzen esaten duten, Bilduk kontrakoa esaten du, alegia, pertsonen osasunarentzako arriskua dagoela.  

Halaber, EAJ-PNVren hautetsiak honakoa gogoratu du: “Mundu osoan ez dago kutsadurarik ez duen lekurik”. Hori dela eta, Bilduri eskatu dio, datuak zehatz emateko eta ez, ordea, gizarteari arrazoirik gabeko urduritasuna sortzeko. Gainera, koalizio abertzaleari dei egin dio, arduraz gobernatzeko eta hirugarren pertsonei errurik ez egozteko”.

Azkenik, hona hemen Xabier Ezeizabarrenaren hitzak: “Bilduk ezin du esan adostasunak lortu nahi dituela eta, ondoren, EAJ-PNVri honakoa egotzi: interes pribatuak lehenetsi izatea eta gipuzkoarron osasuna arriskuan jarri izatea. Guk ez dugu horrelakorik egin. Aitzitik, Bilduk bere hitza eman zuen, dokumentua sinatu zuen eta, ondoren, beste jarrera bat hartzea erabaki zuen eta, ondorioz, emandako hitza ez du bete”. Horregatik guztiagatik, Ezeizabarrenak Bilduri eskatu dio, errespetatzeko Gipuzkoako Batzar Nagusietako gehiengo demokratikoak adostutakoak, Gipuzkoan hondakinen kudeaketaren arazoari konponbidea emateko. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario