Jeltzaleen
batzarkide taldearen bozeramaileak esan du, EAJ-PNVk jarraitzen duela krisiari
aurre egiteko foru arau proposamena lantzen Gipuzkoako ekonomiaren eta
gizartearen eragileekin.
Radio Nacional de España irratiko Radio 5 Gipuzkoa irratsaioan EAJ-PNV batzarkide taldearen
bozeramaile Markel Olano
elkarrizketatu dute gaur goizean. Gipuzkoako Langabeziaren datuak izan
dira elkarrizketaren ardatzetako bat.
Markel Olanok honakoa gogoratu du: “Gure herrian, 90.hamarkadako krisiari aurre
egiteko, EAJ-PNVk erakundeen eta gizartearen eragileen arteko akordioa lortu
zuen, lurraldearen industria eta ekonomia bultzatzeko eta, horrenbeste,
krisialdia gainditzeko”.
Horren harira, Olanoren
iritziz, “lanean hasteko garaia dugu. Politikariei eta erakundeei buruz asko
hitz egin da azkeneko boladan, baina herritarrek gauza bat izan behar dute
argi, alegia, Gipuzkoak krisi egoera larria bizi duela. Era berean, nahiz eta
Espainiaren egoera baino hobea izan, langabeziaren datuak kontuan hartuta,
industriaren langabezi-tasa handiak argi uzten du Gipuzkoako enpresek egoera
zaila bizi dutela”. Hori dela eta, jeltzaleen batzarkide taldearen
bozeramailearen ustez, “esfortzu handi bat egiteko garaia da. Ideiak zehaztu
behar ditugu, alderdikeriaz jokatzeari utzi behar diogu eta ikuspegi bateratua
izan behar dugu krisiari aurre egiteko”.
Horrenbestez, Markel
Olanok EAJ-PNVren ekonomia sustatzeko planari buruz hitz egin du, eta plana
egiteko berandu ez ote den galdetu diote: “Oposizioak Martin Garitano diputatu
nagusiari eskatu zion 2012ko otsaila baino lehen hitzarmen mahia osatzeko,
2012ko ekainean krisiari aurre egiteko plana egiteko. Alabaina, Bilduk ez du
eskatutakoa bete, are gehiago: Martin Garitanok berak esan zuen ez zuela
krisiari aurre egiteko planik egingo ‘ez zutelako ezertarako balio’”.
Horren ondorioz,
EAJ-PNVren eledunak salatu du, Bilduren aginteko Foru Aldundia ez dela egoeraren
jabe, edo egoeraz jabetze bada, ez dela hura konpontzeko ezer egiten ari. Hori
dela eta, EAJ-PNVk proposamena egin du Foru Aldundia behartzeko krisiari aurre
egiteko plana egitera. Jakina, lehenik Batzar Nagusien gehiengoaren babesa
lortu behar dugu eta hori da, hain zuzen, lantzen ari garena. Beraz, Bilduk
foru arau hori bete beharko du, nahiz eta hondakinen gaia aurrekaritzat dugun.
Gogoan izan, Bildu ez dela legea betetzen ari”.
Era berean, hondakinen
kudeaketaren gainean galdetu diote Markel Olano jeltzaleari: “Bilduk argi utzi du ez
duela beteko Gipuzkoako Hiri Hondakinen Kudeaketarako Plangintza Orokorra (PIGRUG)
arautzen duen Foru Araua eta, beraz, ez dituela egingo bertan zehazten diren
azpiegiturak. Dena dela, Bilduk ez du bestelako planik proposatu eta, bakarrik,
hondakinak jasotzeko eredua inposatzen ari da, betiere, gehiengo absolutua duen
herrietan. Hau da, Bilduk gai garrantzitsu honi konponbiderik aurkitu gabe
jarraitzen du, eta baldin eta Bilduk hain kudeaketa kaxkarra egiten jarraitzen
badu, Gipuzkoako hiri zein hirietan zaborra eta zikinkeria pilatzen hasiko da
eta osasungarritasunari kalte egingo dio”.
Lehengo astean Bidegin
izandako istiluari buruz, Gipuzkoako Batzar Nagusietako EAJ-PNVren
bozeramaileak segidakoa esan du: “Bi urte pasa dira Euskal Autonomia Erkidegoko
hauteskundeak izan zirenetik eta ezker abertzalea fakturei buruz hitz egiten
ari da, dagokiona kudeatu ordez. Hau da, ezker abertzaleak boterea nahierara
erabiltzen du arerio politikoaren aurka egiteko. Baina, gehien arduratzen
nauena honakoa da: ezker abertzaleak arerio politikoa etsai bihurtzen du.
Horren arrazoia da, Bildu eta EAJ-PNVren arteko boto aldea Gipuzkoan
berdinketarainokoa izatera pasa dela”.
Horrenbestez, Markel
Olanok ezker abertzaleari eskatu dio, herritarrak konbentzitzeko bere eredua
EAJ-PNVrena baino hobea dela, eta ez erabiltzeko boterea nahierara etsaia
suntsitzeko. Baldin eta irregulartasunik badago, epaitegietan salaketa jarri
beharko du, eta EAJ-PNVk neurriak hartuko ditu eta ez du tolerantziarik izango,
beste hainbat alditan gertatu izan den bezala. Dena den, ezker abertzalearen
estrategiak erakundeen ospe onari eta politikarien izen onari egiten die
kalte”.
Azekinik, Olanok
Gipuzkoako proiektu estrategikoak izan ditu hizpide: “Murrizketak Euskadiko
hiru Lurralde Historikoetan izango dira eta hiruretan lehentasunak ezarriko
dira. Beraz, ez da egokia esatea murrizketa horiek bakarrik Gipuzkoan egingo
direla”. Hortaz, EAJ-PNVren batzarkide taldearen eledunak Donostia-beterriko
metroaren proiektuari buruz segidakoa esan du: “Lehengo legealdiko Eusko
Jaurlaritzaren proiektuaren garapena ez zen egokia; izan ere, ez zuen ez
aurrekonturik ez konpromiso-krediturik. Beraz, egoera bere onera itzuli beharko
da, betiere, kontuan izanda EAJ-PNVk babestu duena, hau da, Metroa Donostia
zeharkatu behar duela. Beste azpiegituretan, berriz, lehentasunak ezarri
beharko ditugu, baina ez ditugu baztertuko Gipuzkoaren garapenerako
garrantzitsuak direnak, baina, betiere, Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean”.
No hay comentarios:
Publicar un comentario