21 de junio de 2013

EAJ-PNV-K SALATU DU BILDUK EZ DITUELA ZABORTEGIAK 2014EAN ITXIKO, HITZEMAN ZUEN BEZALA



Xabier Ezeizabarrena batzarkide jeltzalearen iritziz, Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak (GHK) presidente gabe jarraitzen du, Bilduren ekintza eta kudeaketa faltagatik, eta, ondorioz, kaosa handitu da hondakinen arloan.



Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako foru diputatu Iñaki Errazkin Batzar Nagusietan agertu da gaur goizean. Bertan, hondakinen tratamentuari buruzko hainbat galdera erantzun ditu. Foru diputatuaren azalpenak entzun ondoren, EAJ-PNVren batzarkide Xabier Ezeizabarrenak honakoa esan du: “Hondakinen kudeaketari buruzko kezka handitu zaigu”.

Horren harira, Ezeizabarrenaren ustez, beste behin agerian gelditu da, Bilduk ez duela bere hitza betetzen. Izan ere, 2012ko ekainean Gipuzkoako hiru zabortegiak 2014ean itxiko zituela hitzeman zuen; baina aitzitik, gaur, Iñaki Errazkinek kontrakoa esan du, hain zuzen ere, honakoa: zabortegiak ixtea ez da posible izango. Eta hori guztia, Ezizabarrenaren iritziz, Bilduren kudeaketarako gaitasun ezagatik da. Kudeaketa kaxkar horren ondorioz, honakinen kudeaketa kaosa bihurtu da eta, hori, arduragabekiaria da.  

Horrenbestez, jeltzaleen batzarkideak EAJ-PNVren kezka azaldu du, honakinen tratamentuari amaiera emateko sistemari buru: “Ingurumeneko foru diputatuak ez du argitu zein izango den Foru Aldundiak babestuko duen sistema. Bakarrik gauza bat argi utzi du: bere ustez, errausketa-instalazioa ez da beharrezkoa. Era berean, Iñaki Errazkinek ez ditu beste hainbat gauza argitu, besteak beste segidakoak: ez du esan zer gertatuko den irekitzeko asmoa dituen zabortegi berriekin; ez du zehaztu zabortegi berri horien kokapena; ez du aditzera eman zabortegi horiek zenbateko aurrekontua izango duten; eta ez du azaldu nolako hirigintza plangintza izango duten”.

Era berean, EAJ-PNVren batzarkideak salatu du, Iñaki Errazkinen kudeaketa arduragabea dela. Izan ere, datuak aipatu ditu, baina ez du argitu zer dela eta Bilduk atez atekoa jarriko zuen 34 herritatik, bakarrik 10 edo 11 udalerritan ezarri den. Hau da, Iñaki Errazkinek hipotesiekin eta plangintza okerrekin egiten du lan. Izan ere, Errazkinek berak aipatu du birziklatze-tasak gora egin duela, baina ez du hitzik ere esan krisiaren ondorioz hondakin-bilketa tasa gutxitu izanari buruz.  

Halaber, Xabier Ezeizabarrenak Bilduren kudeaketa Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoan kritikatu du: “Bilduren kudeaketa eta ekintza faltagatik, egun, GHK-k ez du presidenterik. Eta hori ezker abertzalearen arduragabekeriaren eta gaitasun ezaren beste adibide bat da. Horren ondorioz, hondakinen kudeaketa kaos bat da”.

Azkenik, Ezeizabarrenak segidakoa salatu du: “Ingurumeneko foru diputatuak batzarkide taldeen galderei erantzun gabe jarraitzen du. Duela bost hilabete utzi ziola taldeen galderei erantzuteari eta, ondorioz, behartuta etorri behar izan du batzar nagusietara ahoz erantzutera. Beraz, argi gelditu da Bilduren aginteko Foru Aldundiak oztopoak jartzen dizkiela batzarkide taldeei informazioa eskuratzeko”.

No hay comentarios:

Publicar un comentario