7 de junio de 2013

MARKEL OLANO: “BILDURI EZ DIO AXOLA GIPUZKOAKO EKONOMIAREN EGOERAK”



EAJ-PNV batzarkide taldearen bozeramaileak ustez, Bilduren aginteko Foru Aldundiak ez du aurrerapausorik egin krisiari aurre egiteko eta, ondorioz, egoera oso larria da.



EAJ-PNV batzarkide taldearen bozeramaile Markel Olano Euskadi Irratiko Albiste Faktoria saioan izan da gaur goizean. Bertan, Olanok salatu du, Bilduk ekimenik egin gabe jarraitzen duela ekonomiaren arloan: “Ez du proposamenik, ez ideiarik, ez plangintzarik egin. Eta, are gehiago, egin dituenak beste alderdiekin aurrekontua onartzeko izan dira. Beraz, ekimen falta nabarmena du Bilduk eta, hori, onartezina da”.

Era berean, zerga-politikaren gaiari buruz, Markel Olanok segidakoa esan du: “PSE eta Bildu alderdiak saiatu dira Gipuzkoan zerga politika aldatzen. Aldaketa egin nahi izatea zilegia da, baina Bilduk kontuan hartu behar du Euskal Autonomia Erkidegoan, une honetan bertan, alderdi guztiek negoziatzen ari direla zerga-politikan adostasuna lortzeko”. Horren harira, EAJ-PNVren bozeramaileak honakoa salatu du: “Bilduk prozesua ez du kontuan hartu eta bere proposamena egin du inorekin hitz egin gabe. Hau da, politika mailan hitz politak esan ditu, baina, ondoren, Bilduren beraren aginteko Foru Aldundiak jarrera oztopatzailea izan du”.

Halaber, jeltzaleen batzarkide taldearen eledunak kritikatu du, Bilduri bakarrik diru-bilketak axola diola: “Dirua biltzeko sistema zehaztea egokia da, baina aberastasuna sortzeko sistemari buruz ere hitz egin eta neurriak hartu behar ditugu”. Hori lortzeko, Markel Olanoren iritziz, Euskal Autonomia Erkidegoan erakundeen eta alderdien arteko adostasuna ezinbestekoa da; izan ere, baldin eta lurraldeen arteko orekarik ez badago zerga-sistemari kalte egingo zaio. Horrenbestez, Olanoren aburuz, Bilduk eta PSEk Ondarearen gaineko zergari buruz adostutako neurriek, kalte handia egiten diote Gipuzkoako ekonomiari; esaterako, enpresa bateko eraikina eta makinak ondaretzat hartzen dira eta, ondorioz, hainbat pertsonek zerga hori ordaintzeko eraikina ala makina horien zati bat saldu beharko dute.

Horiek horrela, Markel Olanok salatu du, Gipuzkoan enpresentzako laguntzak eskasak direla, eta erakundeei zein alderdi politikoei dei egin die, alderdikeriak baztertzeko eta elkarlanean aritzeko krisiari aurre egiteko. Izan ere, Olanoren ustez, egun ez dago elkarlanik eta hori oso kaltegarria da enpresentzat eta, ondorioz, ekonomiarentzat.

Bestalde, Markel Olano jeltzaleak Pasaiako portua ere izan du hizpidea: “Pasaiako badiaren birsorkuntzarekin jarraitu behar dugu. Pasaia Gipuzkoako gunerik degradatuena da eta, beraz, erakundeek esfortzua egin behar dute hori konpontzeko”. Gainera, Portuaren jarduera oso garrantzitsua da – izan ere, porturik gabe ekonomiaren egoera larriagotuko zen eta langabeziak gora egingo zuen – eta hala izaten jarraitu behar du. Hori dela eta, EAJ-PNVk kanpoko portuaren alde egiten jarraituko du, nahiz eta ekonomiaren egoerari egokitu beharko duen”.  

Hondakinei buruz ere mintzatu da Markel Olano: “Tamalgarria da, egun, ekonomiaren egoera zein den ikusita, hondakinen gaia izatea eztabaida gaiarik nagusiena Gipuzkoan”. Dena dela, Olanoren ustez, Legazpiko herri galdeketaren emaitza kolpe gogorra izan da ezker abertzalearentzat eta, gainera, agerian utzi du gipuzkoako herritarren iritzia atez ateko bilketa sistemari buruz. Eran berean, EAJ-PNVren bozeramaileak honakoa gaineratu du: “Ezker abertzalearen kultura politikoa agerian gelditu da. Hau da, ahal izan duen herrietan atez atekoa inposatu du – hain zuzen, gehiengo absolutua duen herrietan – eta besteetan atzera egin behar izan du, herritarrak kontra daudela ikusi duenean”.

Halaber, Markel Olanok bere iritzia eman du, hondakinen %60 birzkiklatzeko Foru Aldundiaren kanpainari buruz: “Garrantzitsuena da jakitea Foru Aldundiak zer egingo duen birziklatu edo konpostatu ezin daitekeen gainerako hondakinekin. Bi aukera ditu Bilduk: alde batetik, energia sortu, osasunari kalterik egin gabe; eta bestetik, zabortegi berriak ireki, Europar Batasunaren iritziaren kontra. Dirudienez, Bilduk errausketa-instalazioa ez egiteko eta zabortegi berriak irekitzeko erabakia hartu du – hau da, Europar Batasunaren irizpidearen aurka egin du –, baina ez du zehaztu zabortegi horien kokapena eta, ondorioz, egoera are larriagoa da. Izan ere, hondakinen tratamenduari amaiera emateko tresna bat kendu du, baina ez du beste bat egin eta, ondorioz, kaosa sortu du”.

Azkenik, zaharren egoitzen eta eguneko zentroen gaineko lan-gatazkari buruz hitz egin du Markel Olano EAJ-PNV batzarkide taldearen bozeramaileak eta Bilduren aginteko Foru Aldundiaren muturreko jarrera salatu du. Izan ere, ez du bere lana egin – hain zuzen, ez da bitarteko izan enpresen eta sindikatuen artean – eta egoera okertu du. Olanoren iritziz, Foru Aldundiak gatazkari konponbidea bilatu behar dio eta ez, ordea, gatazka larriagoa egin. Eta hori da, hain zuzen ere, Bilduk egin duena.

No hay comentarios:

Publicar un comentario