15 de julio de 2013

EAJ-PNV-K SALATU DU GIPUZKOARREK BERE POLTSIKOTIK ORDAINDUKO DUTELA BILDUREN KUDEAKETA KASKARRA GIPUZKOAKO HONDAKINEN PARTZUERGOAN

Batzarkide talde jeltzaleak eskatu du Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako foru diputatu Iñaki Errazkinen agerraldia Batzar Nagusietako batzorde Iraunkorrean.


EAJ-PNVren batzarkide taldeak eskatu du, Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako foru diputatu Iñaki Errazkinen agerraldia honakoak azaltzeko: alde batetik, Foru Aldundiaren iritzia, Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoaren (GHK) azkeneko erabakiari buruz, hain zuzen ere, errausketa-instalazioaren eraikuntza behin betiko gelditzeko erabakiari buruz;  eta, bestetik, Foru Aldundiaren iritzia GHK-ren kontuen egoerari buruz, betiere, GHKren kontuen ikuskaritza-txostenaren datuak kontuan hartuta.

Xabier Ezeizabarrena jeltzalea arduratuta dago, GHK-k errausketa-instalazioa behin betiko gelditu duelako eta, hain zuzen ere, proiektu horrek Gipuzkoako hondakinen kudeaketaren azken faseari irtenbidea ematen ziolako. Horrenbestez, segidakoa salatu du: “Bilduk ez die Batzar Nagusiei beste plangintzarik aurkeztu, eztabaidatzeko eta onartzeko. Eta, gogoan izan, Batzar Nagusiek dutela hondakinak tratatzeko azpiegituren plangintza egiteko eskumena”.

Ildo beretik, Ezeizabarrenak Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako foru diputatu Iñaki Errazkini eskatu dio, azaltzeko zer dela eta GHK-k erabaki duen Zubietako errausketa-instalazioaren eraikuntza behin betiko gelditzea. Hortaz, EAJ-PNVren batzarkideak Iñaki Errazkini eskatu dio, argitzeko hartutako behin betiko erabaki horrek zenbateko kostua izango duen.

Era berean, Xabier Ezeizabarrena arduratuta dago, Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoaren ekonomia-egoerarekin. Izan ere, kontu-ikuskaritzak agerian utzi du egoera larria dela: “Are gehiago: GHKren kontuek ez dute kontu-ikuskaritza gainditu – gogoan izan, GHKren kide guztiak BIldu koaliziko kideak direla – eta, gainera, Bilduren kudeaketa kaskarraren ondorioz, 2012an GHK-k 46,6 milioi euro galdu ditu eta, ondorioz, GHK hondakinak kudeatzeko sozietatea desagertzeko arriskuan dago”.

Ezeizabarrenak, halaber, segidakoa gogoratu du: “Iñaki Errazkin foru diputatuak berak esan zuen Batzar Nagusietan, errausketa-instalazioa gelditzeagatik ordaindu beharreko kalte-ordainak zaborren tasaren bidez ordainduko zirela. Beraz, gipuzkoarrok gure poltsikotik ordainduko dugu Bilduren kudeaketa kaskarra Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoan”.


Azkenik, EAJ-PNVren batzarkideak Iñaki Errazkini eskatu dio, Foru Aldundiaren iritzia argitzeko, izan ere, GHK-n %33ko parte-hartzea du, betiere, kontuan hartuta Batzar Nagusien gehiengoak adostutakoa eta eskatutakoa. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario