5 de septiembre de 2013

EAJ-PNV-K IÑAKI ERRAZKIN INGURUMENEKO FORU DIPUTATUARI AZALPENAK EMATEKO ESKATU DIO, HAIN ZUZEN ERE, GHK-KO LANGILE BATEK GOGORKERIA JASAN IZANA SALATU IZANARI BURUZKO AZALPENAK.



Xabier Ezeizabarrena jeltzaleak salatu du, Bildu ez dela gardena izaten ari Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoaren (GHK) kudeaketan.



EAJ-PNV batzarkide taldeak Iñaki Errazkin Ingurumeneko foru diputatuari eskatu dio Batzar Nagusietan azalpenak emanteko, hain zuzen ere, GHK eta partzuergoaren langile baten arteko salaketei buruzko azalpenak, izan ere, langile horrek GHKren bi teknikarien kontrako salaketa egin zuen ustezko gogorkeria dela eta. Xabier Ezeizabarrena jeltzaleak kritikatu du, beste behin ere, partzuergoaren ordezkari politikoek eta batzarkide taldeok komunikabideen bidez jakin izan dugula langile batek salaketa egin duela, besteak beste, ustez mehatxuak eta gogorkeriak jasan izan dituelako. Horren harira, Ezeizabarrenak salatu du, Bildu ez dela gardena izaten ari Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoaren kudeaketan.

Era berean, EAJ-PNVren batzarkidearen iritziz, salaketa horiek oso larriak dira eta, beraz, Iñaki Errazkin Ingurumeneko foru diputatuak Batzar Nagusietan, besteak beste, honakoa azaldu beharko du: “Nolako tratua ematen zaie GHK-ko langileei? Ba al zekien foru diputatuak berak gertatzen ari zena? Eskatu al du informaziorik salatutako gertakariei buruz? Neurririk hartu al du foru diputatuak gertakarien gainean?”.

Halaber, Xabier Ezeizabarrenak segidakoa esan du: “Langilearen salaketan jasotzen denez, jasotako tratua oso txarra izan da eta hori oso larria da. Are gehiago: oso kezkatuta gaude GHKn gertatzen ari izan daitekeenarekin; hain zuzen ere, langileenganako tratuarekin, salatutako jarrerekin lortu nahi daitekeenarekin edota GHKren kudeaketaren gardentasunarekin – izan ere, Bildu kudeaketa iluna egiten ari da –“.

Azkenik, Ezeizabarrenak honakoa salatu du: “Horrelako gertakariek agerian uzten dute Bilduren benetako jarrera bere iritziekin bat egiten ez dutenekiko. Ez da lehenengo aldia langileren batek, enpresaren batek edo gizartearen eragileren batek Bilduren aginteko Foru Aldundiaren aurkako salaketa egiten duela, ustezko gogorkeria jasan izanagatik. Hori dela eta, Bilduren arduradunei eskatzen diegu jarrera aldatzeko, izan ere ez diote mesederik egiten Gipuzkoako garapenari”.

No hay comentarios:

Publicar un comentario