Aintzane Oiarbide batzarkide jeltzalearen iritziz, Larraitz Ugarteren
erabakia politikoa da eta Bilduren estrategiari eusten dio, hain zuzen ere,
liskarra bilatzeko eta guztia epaitegietara eramateko estrategiari.
Larraitz Ugarte
Mugikortasun eta Bide Azpiegituretako foru diputatua Batzar Nagusietan agertu
da gaur arratsaldean. Bertan, azaldu du Diputatuen Kontseiluaren 2013ko ekainaren
11ko erabakia, non eta Foru Aldundiak Bidelanen kontratua kaltegarritzat
jotzeko prozedurari hasiera eman zion, izan ere, Foru Aldundiaren ustez,
kontratua gipuzkoarren interesen aurkakoa da. Horren harira, Aintzane Oiarbide
EAJ-PNVren batzarkideak honakoa salatu du: “Foru Aldundiak ez die batzarkide
taldeei prozedurari buruzko informaziorik eman. Orduan, espedientea bidaltzeko
eskatu genion Mugikortasun eta Bide Azpiegituretako foru diputatuari, baina
ezetz erantzun zigun, ebatzita ez zegoelako”. Ildo beretik, Oiarbidek Larraitz
Ugarteri ekonomia- eta justizia-txostenaren kopia eskatu dio, izan ere, bertan,
kontratua kaltegarritzat jotzeko prozedura martxan jartzeko arrazoiak daude.
Horrenbestez, EAJ-PNVren
batzarkidearen iritziz, Larraitz Ugartek arrazoi faltsuak erabili ditu
Bidelanen kontratua kaltegarria dela justifikatzeko eta, beraz, erabaki
politiko baten aurrean gaude. Izan ere, Herri-Kontuen Euskal Epaitegiak ere
honakoa gertutatu du: ez da egia Bidelanek zenbat eta gehiago gastatu, orduan eta
gehiago irabazten duen. Hortaz, Aintzane Oiarbidek azaldu du, Bidegin
mantentze-lanen gaineko aurrekontuaren aldaketak onartzen direnean (KPI,
soldatak, erregaiaren salneurria, elektrizitatea…), aldaketa horiek
esleipenaren jabeak, hau da, Bidelanek, hartzen ditu bere gain.
Hori dela eta, Oiarbidek
salatu du, Larraitz Ugartek bakarrik liskarra nahi duela EAJ-PNVrekin, eta
honaoka kritikatu du: “Ugarte Mugikortasun eta Bide Azpiegituretako foru
diputatuak egindakoa kaltetu du eta guztia justiziaren aurrera eraman du,
ondorioak zein nahi diren ere. Eta ondorio horiek ekonomikoak ere dira, izan
ere, zentzurik gabeko epaiketak ordaintzen dira eta kalte-ordainak datorren
legealdiko kudeatzaileek kudeatu beharko dituzte eta gipuzkoarrok ordainduko
ditugu”.
Era berean, jeltzaleen
batzarkideak segidakoa gogoratu du: “Bidegin hartutako erabakiek alderdi
politikoen babesa izan dituzte, batzuetan aho batez eta, beste batzuetan,
abstentzioren batekin”.
Aintzane Oiarbidek,
halaber, esan du, gauza asko egin direla Gipuzkoan alderdi guztien arteko
elkarlanari esker, besteak beste, bigarren saihesbidea edo AP-1 errepidea.
Baina orain, batzarkide jeltzalearen iritziz, Larraitz Ugartek nahiago du
alderdien arteko adostasunik ez egotea.
Azkenik, hona hemen
Oiarbideren hitzak: “Errepideen mantentze-lanak Bidegik egin ditu Bidelan-en
bidez eta, gainera, oso ondo egin ditu. Beraz, ulergaitza da Larraitz Ugartek,
orain, Bidelanen kontratua kaltegarritzat jotzea, izan ere, erabili dituen
arraoiak oinarri sendorik gabekoak eta faltsuak dira”.
No hay comentarios:
Publicar un comentario