9 de octubre de 2013

EAJ-PNV-K BILDURI ESKATU DIO, AZTERTZEKO IGELDORI TOKIKO ENTITATE TXIKIAREN ESTATUSA EMATEKO AUKERA



Jeltzaleen batzarkide Martin Ibabek Bilduri eskatu dio, azaltzeko zergatik Itziarrentzat balio duen arrazoiak ez duen Igeldorentzat balio, baldin eta bi toki horiek antzeko ezaugarriak badituzte.



Gipuzkoako Batzar Nagusietako batzarkide taldeek Igeldoko desanexioari buruz eztabaidatu dute gaur goizeko osoko bilkuran. EAJ-PNVren batzarkide Martin Ibaberen ustez, elkarlanerako erdibideko irtenbideak daude eta azaldu behar dira. Baina aitzitik, Gipuzkoako Foru Aldundiak hartu duen jarrera ez da egokia eta, ondorioz, ez dira hobetuko igeldotarrei ematen zaizkien zerbitzuak. Horren harira, Ibabek honakoa azpimarratu du: “EAJ-PNV ez da kontsulten beldur, hain zuzen ere, ez da gai honen gaineko kontsulten, ez beste edozein gairen gaineko kontsulten beldur. Hala ere, EAJ-PNVren kideok uste dugu, denon artean erdibideko irtenbidea bilatu behar dugula eta gure buruarekin kritikoak izan behar dugula horrelako ekimenak egin aurretik”.

Era berean, jeltzaleen batzarkideak segidakoa esan du: “Egia da Igeldoko zerbitzu publikoak izan daitezkeela eztabaidaren arrazoia eta, ondorioz, igeldotarrek arrazoi izan dezaketela euren aldarrikapenetan. Beraz, aldarrikapen horiek ez dute bakarrik nortasunarekin zerikusia, nahiz eta Foru Aldundiak iritzi hori duen”.

Hori dela eta, Martin Ibabek Bilduri eskatu dio, aztertzeko Igeldori Tokiko Entitate Txikiaren estatusa emateko aukera: “EAJ-PNVren Donostiako Udal taldeak behin baino gehiagotan proposatu du aipatutako irtenbidea, baina ez du ez Donostiako udal gobernuaren, ez Foru Aldundiaren erantzuna jaso”. Horrenbestez, Ibabek gogoratu du, gaur bertan Deban ez-ohiko udalbatzarra egingo dutela Gipuzkoako bigarren Tokiko Entitate Txikia sortzeko, hain zuzen ere, Itziarri estatus hori emateko. Beraz, irtenbide hori Deba eta Itziarrentzat egokia bada, zergatik ez du balio Igeldo eta Donostiarentzat? Gainera, kontuan hartu behar da bi kasuen arteko ezberdintasunak oso txikiak direla. Beraz, baldin eta helburua bada udal zebitzuak herritarrei hurbiltzea eta igeldotarren bizi-baldintzak hobetzea, zergatik ez du Bilduk aztertu nahi Igeldo Tokiko Entitate Txikia bihurtzea?

EAJ-PNVren batzarkideak, halaber, alderdi guztiei eskatu die, ados jartzeko: “EAJ-PNVk ez du ulertzen zergatik sortu nahi den liskarra gai honetan, ez zergatik Bilduk ez dion erantzun EAJ-PNVren proposamenari ez Donostiako Udalan, ez Gipuzkoako Foru Aldundian. Hortaz, EAJ-PNVk eskua luzatzen dio Bilduri aztertzeko Igeldori Tokiko Entitate Txikia izateko aukera”.

Azkenik, hona hemen Martin Ibabe jeltzalearen hitzak: “EAJ-PNVren iritziz, Igeldoren gaia Bilduren barne orekarekin du zerikusia; bestela, ez da ulertzen zergatik antzeko bi hiruguneentzat ez duen irtenbide bera balio. Eta Bilduk herritarrei hori azaldu beharko die”.

No hay comentarios:

Publicar un comentario