4 de octubre de 2013

EAJ-PNV-K BILDURI ESKATU DIO LISKARRA ALDE BATERA UZTEKO ETA KRISIARI AURRE EGITEKO PLANGINTZA OROKORRA EGITEKO

Batzarkide jeltzale Eider Mendozak Foru Aldundiari eskatu dio, Batzar Nagusien gehiengoari entzungor egiteari uzteko, bere kudeaketa aldatzeko eta liskarra alde batera uzteko.  


Politika orokorreko osoko bilkuraren bigarren saioa izan da gaur Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Bertan, batzarkide taldeek mozioak eztabaidatu eta bozkatu dituzte. EAJ-PNVren batzarkide Eider Mendozak azaldu duenez, EAJ-PNVren mozioen helburua da Bilduren aginteko Foru Aldundiaren kudeaketaren hutsak zuzentzea. Hori dela eta, Mendozak Bilduri eskatu dio, liskarra alde batera uzteko, kritikari entzungor egiteari uzteko eta bere kudeaketa eredua aldatzeko.  

Era berean, Mendozak azpimarratu du, Bildu eta Aralar batzarkide taldeekin lortutako akordioa, hain zuzen ere, printzipio etikoen eta demokratikoen gaineko akordioa; izan ere, bertan, jeltzaleek, Bilduk eta Aralarrek babestu dute proiektu demokratiko eta baketsu guztiek balio dutela eta, era berean, edozein gatazka modu baketsuan eta demokratikoan konpondu daitekeela. Gainera, Eider Mendozaren iritziz, lortutako akordioak segidako konpromisoa sendotzen du: pertsonen duintasunaren harago ez dago ez proiektu politikorik ez iritzirik. Beraz, unea da gizarte- zein politika-bizikidetzan sakontzeko.  

Krisiari aurre egiteko mozioei buruz, EAJ-PNVren batzarkideak honakoa esan du: “Mozio bakarra egin dugu, hain zuzen ere, Gipuzkoaren beharrak kontuan hartzen dituen mozioa. Hortaz, Foru Aldundiari eskatu diogu plangintza orokorra egiteko krisiari aurre egiteko. Berandu da horretarako, baina oraindik Bilduk badu denbora krisiari aurre egiteko bere ekimen falta zuzentzeko; izan ere, krisia da gipuzkoarroi gehien kezkatzen gaituen gaia”.

Eider Mendoza, halaber, kezkatuta dago Foru Aldundiak atzera egin duelako Mugikortasun eta Bide-Azpiegituretako esparruan: “Bilduren plangintza errepideak finantzatzeko oso txarra da eta, ondorioz, Gipuzkoako diru-kutxak galera handiak izan ditu. Diru galera horien arrazoiak bi dira: alde batetik, Bilduren aginteko Foru Aldundiak ez du Etxegaraten kamioientzako bidesaririk jarri nahi izan eta, bestetik, Foru Aldundiak ez du lortu adostasunik bidesarien gaineko bere proposamenean. Horiek horrela, mila eta ka kamioik Gipuzkoa zeharkatzen dute egunero ezer ordaindu gabe – gogoan izan, diru hori errepideen finantzaketarako eta mantentze lanetarako dela –“.

Hondakinen kudeaketa ere izan du mintzagai Eider Mendozak: “Foru Aldundiari eskatu diogu Batzar Nagusien gehiengoaren erabakiak errespetatzeko eta PIGRUG hondakin-plangintzarekin betetzeko”. Horren harira, EAJ-PNVren batzarkideak Bilduren aginteko Foru Aldundiari leporatu dio, borondaterik ez izatea gehiengoaren nahia betetzeko, eta segidakoa eskatu dio: “Gipuzkoako zabortegiak 2014.urtearen amaiera baino lehen ixteko, PIGRUG plangintzan aurreikusten den bezala”.


Bestalde, EAJ-PNVren hautetsiak Foru Aldundiari eskatu dio, Arau-egutegia egiteko: “Legealdia hasi zenetik bi aldiz eskatu diogu gauza bera Foru Aldundiari, baina ez du egin. Hortaz, oso zaila da Batzar Nagusientzat Foru Aldundiaren gaineko kontrola egitea. Beraz, Foru Aldundiari beste behin eskatzen diogu arau-egutegia egiteko Batzar Nagusien kontrol-lana errazteko”.  

Gizarte Politikari buruz ere hitz egin du Eider Mendozak eta, arlo honetan Bilduri eskatu dio, plangintza orokorra egiteko gizarte-laguntzak bermatzeko, betiere finantzatzeko diru-iturriak zehaztuta. Era berean, zaharren egoitzen gainean, Mendozak Bilduren aginteko Foru Aldundiari dei egin dio, egiteko zaharren udal-egoitzak kudeatzeko plangintzak, betiere, udal-egoitzak dituzten Udalekin negoziatuta eta ez, ordea, bakarrik Foru Aldundiaren iritzia kontuan izanda, orain arte egin duen bezala.

Orobat, jeltzaleen batzarkideak EAJ-PNVren Parte-hartzeari buruzko mozioak aipatu ditu: “Unea da Foru Aldundiak zerbait egiteko eta, beraz, Parte-Hartzeari buruzko Foru Araua betetzeko”. Horren harira, Eider Mendozak Bildu eta Aralar taldeekin lortutako akordioa azpimarratu du, hain zuzen ere, Gipuzkoako Parte-Hartzeari buruzko Gizarte Kontseilua martxan jartzeko akordioa. 


Azkenik, Mendozak kultura esparruan Bildu eta Aralar taldeekin lortutako akordioa izan du mintzagai, hain zuzen ere, Tabakalera proiektuaren bidez euskarazko edukiak sortzeko eta hedatzeko akordioa. Era berean, Eider Mendozak Foru Aldundiari eskatu dio, Balenciaga museoa lehenesteko, izan ere, Gipuzkoarentzat balio handia du. Eta, gainera, kirol arloan, EAJ-PNVren batzarkideak Bilduren aginteko Foru Aldundiari eskatu dio, plangintza orokorra egiteko Gipuzkoako kirolaren etorkizuna bermatzeko, eta, halaber, diru-laguntzen irizpideak aldatzeko, izan ere, egun, Foru Aldundiak diru-laguntzak ematen ditu inongo irizpiderik jarraitu gabe.

No hay comentarios:

Publicar un comentario