Jeltzaleen
batzarkide taldearen bozeramaile Markel Olanok azpimarratu du Gipuzkoak
biztanleak modu orekatuan banatuta izatearen garrantzia, hain zuzen, enpresa
indartsuak dituzten bailara indartsuak izatearen garrantzia, bermatzeko
Gipuzkoako lehiakortasuna etorkizunean.
Ogasuneko eta
Finantzetako foru diputatu Helena Franco Batzar Nagusietan agertu da gaur
goizean eta, bertan, aurkeztu du inbertsioetarako 18 milioi euroak banatzeko
Bilduren aginteko Foru Aldundiaren proposamena – gogoan izan, Eusko
Jaurlaritzak eta Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako foru aldundiek Herri
Dirubideen Euskal Kontseiluan adostu zutela defizita banatzea inbertsioak
egiteko –. EAJ-PNV batzarkide taldearen bozeramailearen iritziz, oso
garrantzitsua da diru-kopuru hori izatea, kontuan izanda Gipuzkoako
ekonomia-egoera: “Egia da 18 milioi euro horiek ez dituztela Gipuzkoako arazo
guztiak konponduko, baina Eusko Jaurlaritzaren lanari esker eta foru
aldundiekin lortutako adostasunari esker, Gipuzkoako ekonomia bultzatu ahal
izango dugu”.
Era berean, Olanok
honakoa esan du: “Foru Aldundiak 18 milioi euro horiek banatzeko bere
proposamena gainerako batzarkide taldeoi helarazi zigunetik – bertan, Foru
Aldundiak proposatzen zuen 6 milioi euro udalen inbertsioentzat izatea – jakin
bagenekien udaletako inbertsioetarako 6 milioi horien gainean eztabaida piztuko
zela”. Horren harira, Markel Olanok segidakoa adierazi du: “Legealdia hasi
zenean Bilduri kritikatu genion Landa Gipuzkoa 32 programa bertan behera utzi
izana – gogoan izan, Landa Gipuzkoa 32 programaren helburua honakoa zela: 1000
biztanle baino gutxiagoko herriei inbertsioak egiten laguntzea –. Hori dela
eta, EAJ-PNVren ustez, egokia da 18 milioi euro horietatik 6 milioi euro herri
txikien inbertsioetara bideratzea, batez ere, kontuan izanda Foru Aldundiak,
era berean, diru-lerroak proposatu dituela hainbat herrigunetako zein
hirugunetako azpiegiturentzat – esaterako, Arteleku, Albaola edo Errenteriako
Dantzagunea –.
Jeltzaleen batzarkide
taldearen bozeramaileak, halaber, honakoa gaineratu du: “Egokia da Foru
Aldundiak proposatutako banaketa, baina, oraindik, badago zer adostu”. Hortaz,
Bilduren aginteko Foru Aldundiari eskatu dio, malgua izateko eta lurraldearen
orekarentzako akordio onuragarria adosteko. Horrenbestez, Markel Olanok
segidakoa azpimarratu du: “Oso garrantzitsua da Gipuzkoak biztanleak modu
orekatu batean banatuta izatea eta, hain zuzen ere, enpresa indartsuak dituzten
bailara indartsuak izatea; izan ere, banaketa orekatu horrek bermatuko du
Gipuzkoako lehiakortasuna etorkizunean”.
Azkenik, Olanoren ustez,
Eusko Jaurlaritzak defizitaren banaketa zuzena egin du, eta, ondorioz, Bilduren
aginteko Foru Aldundiari eta gainerako alderdiei honakoa eskatu die: “Malguak
izateko adostasuna lortzeko eta, ondorioz, Gipuzkoako bailarei garrantzia
emateko inbertsioak banatzeko. Izan ere, bailara guztietan Gipuzkoaraentzako
proiektu garrantzitsuak daude”.
No hay comentarios:
Publicar un comentario