14 de octubre de 2013

EAJ-PNV-K SALATU DU ARGI GELDITU DELA BILDUREN ERABAKI POLITIKOAREN ONDORIOZ FORU ALDUNDIAK BIDELAN SOZIETATEAREN KONTRATUA KALTEGARRITZAT JO DUELA.



Jeltzaleen batzarkide Aintzane Oiarbidek adierazi du, Bilduk ez duela azaldu oraindik zergatik eskatu zion kanpoko abokatu talde bati zuzenbide-txostena egiteko eta ez, ordea, Foru Aldundiaren zuzenbide-zerbitzuei.



Foru Administrazioko eta Funtzio Publikoko foru diputatu Garbiñe Errekondo Batzar Nagusietan agertu da gaur goizean. Bertan, EAJ-PNVk eskatuta, segidakoaren berri eman du: Bidelan sozietatearen kontratua kaltegarritzat jotzeko prozeduraren berri. EAJ-PNVren batzarkide Aintzane Oiarbidek salatu du, argi gelditu dela Bilduren erabaki politikoaren ondorioz Foru Aldundiak Bidelan sozietatearen kontratua kaltegarritzat jo duela. Horren harira, Oiarbidek honakoa esan du: “Oso larria da Foru Aldundia kontratu bat kaltegarritzat jotzeko erabakia hartu izana Foru Aldundiaren beraren zuzenbide-zerbitzuen zuzenbide-txostenik gabe. Beraz, agerian gelditu da Bilduren erabaki politiko baten aurrean gaudela, betiere helburu argi batekin: orain arte egindakoa desegitea”.

Era berean, jeltzaleen batzarkideak kritikatu du, Garbiñe Errekondo foru diputatuak ez duela argitu zergatik eskatu zion Foru Aldundiak kanpoko abokatu talde bati zuzenbide-txostena egiteko eta ez, ordea, Gipuzkoako Foru Aldundiaren beraren zuzenbide-zerbitzuei; are gehiago, kontuan izanda lehengo legealdian Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta BIDEGI sozietatearen zuzenbide-zebitzuen iritzia, hain zuzen ere, kontuan izanda zuzenbide-zerbitzuak ados zeudela autobidearen mantentze-lanetarako eta kudeaketarako esleipendunari egindako kontratu aldaketarekin. Beraz, Bilduren aginteko Foru Aldundiak kanpoko abokatu talde bati eskatu behar izan dio nahierara egindako txostena egiteko, nahiz eta Garbiñe Errekondo berak aitortu duen ez-ohikoa dela kanpoko zuzenbide-txostena eskatzea eta, bereziki, kontuan izanda kaltegarritzat jotzeko prozedurari – hau da, ez-ohiko prozedura bati – hasiera emateko dela”. 

Aintzane Oiarbidek, halaber, Foru Administrazio eta Funtzio Publikoko foru diputatuari kritikatu dio,  Foru Aldundiaren zuzenbide-zerbitzuei ez diela iritzia eskatu kanpoko zuzenbide-txostenari buruz, nahiz eta Foru Aldundiaren zuzenbide-zerbitzuak oso ondo ezagutzen dituen kontratua aldatzeko arrazoiak.  

Azkenik, Oiarbidek gogoratu du, Foru Aldundiaren Gobernu Kontseiluak aintzat hartu behar duela Foru Aldundiaren zuzenbide-zerbitzuen iritzia. Horiek horrela, EAJ-PNVren hautetsiak Garbiñe Errekondori gogorarazi dio, bere garaian Foru Aldundiaren zuzenbide-zerbitzuak Bidelanen kontratua aldatzearen alde egon zirela, hain zuzen ere, orain Bilduk kaltegarritzat jo nahi duen kontratuaren aldaketaren alde. Hori dela eta, Aintzane Oiarbide jeltzaleak Bilduren aginteko Foru Aldundiari eskatu dio, erabaki politikoak hartzeari uzteko guztia bertan behera uzteko, eta Gipuzkoarentzako onak izango diren proposamenak egiteko. Era berean, Oiarbidek Foru Aldundiari eskatu dio, kanpoko abokatuen zuzenbide-txostenaren kopia bidaltzeko, txostena ondo aztertzeko”.

No hay comentarios:

Publicar un comentario