Jeltzaleen
batzarkide taldearen bozeramaile Markel Olanok salatu du, Bilduk PIGRUG
hondakinen plangintzaren inbertsioak egin gabe jarraituko duela eta, gainera,
hondakinak tratatzeko azken faserako beste plangintzarik izan gabe jarraitzen
duela.
Gipuzkoako Foru
Aldundiaren 2014.urterako aurrekontuak beste izapide bat pasa du gaur
Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Izan ere, foru diputatu guztiek azaldu dute banan
bana euren arloetako aurrekontua eta batzarkideen galderei zein zalantzei
erantzun diete. EAJ-PNV batzarkide taldearen bozeramaile Markel Olanoren ustez,
Bilduren aginteko Foru Aldundiak ez du ez proiektu ez ideia zehatzik ekonomia
sustatzeko: “Diputatu nagusi Martin Garitanok eta Berrikuntzako, Landa
Garapeneko eta Turismoko foru diputatu Jon Uriguenek ez dute aurkeztu krisiari
aurre egiteko neurririk. Beraz, EAJ-PNVk aurrekontuei zuzenketa egingo die eta
ekimenak egingo ditu Gipuzkoan krisiari aurre egiteko eta ekonomia sustatzeko”.
Horren harira, Olanok
segidakoa esan du: “EAJ-PNVk arlo honetan aurrekontuari zuzenketak egingo
dizkio, izan ere, gipuzkoarron kezkarik nagusiena da krisiari aurre egitea,
ekonomia sustatzea eta enplegua sortzea. Gainera, bai langileen bai enpresaburuen
iritziz, Bilduren aginteko Foru Aldundiak ez du kontuan hartzen gipuzkoarron
kezka eta arazo nagusiena, hain zuzen ere, krisia eta enplegua. Hortaz, Markel
Olanoren ustez, Foru Aldundiak ez du lidergorik krisiari aurre egiteko: “Oso
garrantzitsua da erakunde batek aurrekontua izatea egoera zailari aurre
egiteko; baina aitzitik, Bilduk ez du ez ekimenik, ez planik egin Gipuzkoako
egoera zailari aurre egiteko”.
Era berean, jeltzaleen
batzarkide taldearen bozeramaileak Bilduren aginteko Foru Aldundiaren kudeaketa
beste hainbat arlotan ere kritikatu du: “Esaterako, hondakinen kudeaketan
Bilduk berdin jarraitzen du. Ez ditu egingo PIGRUG hondakinen plangintzan
aurreikusitako inbertsioak – gogoan izan, PIGRUG plangintza dela gipuzkoar
gehienen oniritzia duen plangintza –. Bilduk egiten duen gauza bakarra da
inposatzea eta pentsatu gabeko erabakiak hartzea eta, ondorioz, hondakinen
kudeaketa kaos bat da”. Horrenbestez, EAJ-PNVren batzarkideak salatu du, Bilduk
beste plangintzarik izan gabe jarraitzen duela hondakinak tratatzeko azken
faseari ekiteko. Hau da, Bilduk errausketa-instalazioa gelditu du, baina ez du
beste proposamenik egin.
Halaber, jeltzaleen
eledunak, gizarte politiken aurrekontuaren gainean mintzatu da: “Bilduk ez du
egin ez plangintzarik, ez ekimenik, gizarte politiken gastua mantentzeko.
Gainera, Gizarte Politikako departamentuaren aurrekontuak, besteak beste,
segidako gabeziak ditu: zaharren egoitzetan plaza berri gutxi dago; ez du
inbertsiorik egin zaharren egoitzetan plaza berriak egiteko; eta ez du
hitzarmen berririk egin zahar-egoitza berriak hitzartzeko”. Gainera, Markel
Olanok salatu du, Foru Aldundiak ez duela neurririk hartu itxaron zerrendak
gutxitzeko eta, era berean, berririk ez dagoela inbertsioak egiteko atalean.
Bestalde, EAJ-PNV
batzarkide taldearen bozeramaileari kezka sortu dio Bilduren hitzaldia:
“Bilduren ustez, politikarik egokiena da ‘gizarte politikako gastuan
inbertsioak egiten duen politika’”. Baina aitzitik, Markel Olanoren ustez,
politika horrek ez du aberastasuna eta enplegua sortzen. Egoera zaila duten
herritarrei lagundu behar zaie eta pobrezia erauzi behar da, eta, horretarako,
ezinbestekoa da enplegua sortzea. Olanoren iritziz, EAJ-PNVri kezkatzen dio
Foru Aldundiaren ekonomia-plangintzaren oinarria izatea mendekotasunaren
gaineko diru-laguntak; izan ere, diru-laguntza horiek gehienez 833,96 eurokoak
dira eta Donostia edo Azpeitia bezalako hiriguneetan agerian gelditu da
diru-laguntza horiek ez direla garatu beharreko politikak.
Azkenik, Olanok iragarkietarako
aurrekontu-sailari buruz hitz egin du eta honakoa salatu du: “Iragarkiak eta
ikerketak egiteko aurrekontu-sailak neurriz kanpokoak dira. Izan ere, Foru
Aldundiak denbora luzea galtzen ari da ikerketak egiten eta, ondorioz, ez ditu
martxan jarri aurreikusitako hainbat ekimen zein plangintza”.
No hay comentarios:
Publicar un comentario