Batzarkide
jeltzale Aintzane
Oiarbidek Bilduren aginteko Foru Aldundiari kudeaketa txarra
leporatu dio, eta Larraitz Ugarte Mugikortasun eta Bide-Azpiegituretako foru
diputatuari eskatu dio, azaltzeko nola aurre egingo dion bere aurreikuspenen
eta azterketen gabeziaren ondorioz sortutako 4,5 milioi euroko gain-kostuari.
Mugikortasun eta
Bide-Azpiegituretako foru diputatu Larraitz Ugarte eta Bidegiko zuzendari Katy
Nevadok Batzar Nagusietan agertu dira gaur goizean. Bertan, EAJ-PNVren
batzarkide taldeak eskatuta, azaldu dute Foru Aldundiaren aurreikuspen okerra –
hain zuzen, ViaT ordainketa-sistemaren erabiltzaileentzako beherapen-sistemaren
gaineko aurreikuspen okerra –, eta, horrek, Bidegiren diru-kutxan izango duen
eragina.
EAJ-PNVren batzarkide Aintzane Oiarbidek
segidakoa azpimarratu du: “EAJ-PNV izan zen lehena autobideetako erabiltzaileei
beherapenak ezartzen, betiere, beherapen-politika hori babesten zuten txosten
tekniko eta ekonomikoetan oinarrituta. Beraz, EAJ-PNV beti egon da beherapenak
egitearen alde, hain zuzen, Gipuzkoako autobideetako ohiko erabiltzaile
gipuzkoarrei beherapenak egitearen alde”.
Horren harira,
batzarkide jeltzaleak Foru Aldundiari honakoa kritikatu dio: “Beste neurririk
bilatu ez izana, tarifa malgua Bidegiko kutxan izaten ari den eraginari aurre
egiteko; kontuak gaizki egin izana; eta, gainera, Batzar Nagusietan hartutako
erabakiak beste behin bete ez izana”. Hortaz, Oiarbidek gogoratu du, tarifa
malgua ezartzeko neurria onartu zenean, EAJ-PNVk Foru Aldundiari eskatu ziola
beherapen-sistemak Bidegiko kutxan izango zuen eraginari aurre egiteko neurriak
hartzeko.
Era berean, Oiarbidek
azaldu duenez, gain-kostua ez da 400 mila eurokoa izango – gogoan izan,
Larraitz Ugartek hori aditzera eman duela eta, beraz, beste behin, gezurra esan
duela –, baizik eta ia 4,5 milioi eurokoa. Beraz, Foru Aldundiaren
aurreikuspena guztiz okerra izan da edo datuak nahita ezkutatu ditu, hain zuzen
ere, Bidegi sozietate publikoaren – Larraitz Ugarte buru dela – kaosa agerian
uzten dituzten datuak.
EAJ-PNVaren hautetsiak,
halaber, segidakoa esan du: “EAJ-PNVk Larraitz Ugarte foru diputatuari dei egin
dio, arduratsua izateko eta txosten teknikoak eta ekonomikoak egiteko, betiere,
Bidegi kaudimenduna izaten jarraitzeko, nahiz eta Bilduren kudeaketa Bidegin
oso kaskarra den”.
Azkenik, hona hemen Aintzane Oiarbideren
hitzak: “EAJ-PNV beherapen politikaren eta ViaT ordainketa-sistemaren alde
dago. Beraz, Larraitz Ugarte Mugikortasun eta Bide-Azpiegituretako foru
diputatuari eskatzen diogu, lehenbailehen neurriak hartzeko, hain zuzen ere,
bere kudeaketa txarrak eragindako kostuei aurre egiteko neurriak hartzeko”.
No hay comentarios:
Publicar un comentario