2 de mayo de 2014

MARKEL OLANO: “EAJ-PNV-K HITZA BETE DU ETA EKONOMIA SUSTATZEKO EZ OHIKO EKINTZAK BULTZATZEKO PLANA EGIN DU”.

Batzarkide-talde jeltzalearen bozeramaileak honakoa salatu du: “Hiru urteotan Bilduk erakutsi du ez duela gogorik ekonomia sustatzeko plangintzarik egiteko. Eta aitzakia ez da ezin izan duela, baizik eta ez duela egin nahi”.


EAJ-PNVren batzarkide-taldearen bozeramaile Markel Olanok eta batzarkide jeltzale Xabier Ezeizabarrenak prentsaurrekoa egin dute gaur goizean eta, bertan, EAJ-PNVren proposamena aurkeztu dute, hain zuzen ere, Ekonomia Sustatzeko Foru Araua egiteko proposamena. Markel Olanoren ustez, behin proposamena eginda, EAJ-PNVk 2012ko irailean emandako hitza bete du. Gogoan izan, orduan, behin Bilduren aginteko Foru Aldundiaren ekimen falta ikusita, jeltzaleek hitza eman zutela Foru Araua egingo zutela ekonomia sustatzeko ez ohiko ekintzak bultzatzeko. Horren harira, Olanok azpimarratu du, legealdi honetan Bilduren aginteko foru gobernuak ekonomia sustatzeko aurrekontua urtero gutxitu duela eta, ondorioz, egun ekonomia sustatzeko aurrekontua %35 gutxiagokoa da.

Bozeramaile jeltzaleak proposamena zehaztu du: “Foru Arau proposamenak estrategia bat ezartzen du. Eta estrategia hori Gipuzkoako gizartearen eta ekonomiaren eragileekin landu dugu eta segidako ondorioak atera ditugu: ezinbestekoa da enpresetan inbertsioak egitea, bereziki industria arloko enpresatan eta enpresa esportatzaileetan, egun dauden desorekak ekiditeko eta azpiegiturak indartzeko. Horrenbestez, EAJ-PNVren apustua argia da: Gipuzkoako enpresak modernizatzea eta kanpora ateratzea sustatzea. EAJ-PNVk nahi du, Gipuzkoako enpresak mundu osoan lehiakorrak izatea eta, ondorioz, Foru Arau proposamenaren helburua da Gipuzkoako enpresei krisiari aurre egiten laguntzea, betiere, pertsonak abiapuntu direla eta, bereziki, gazteen langabezian azpimarra jarriz”.

Era berean, EAJ-PNVren batzarkide taldearen bozeramaileak gai honi buruz legealdi honetan gertatutakoaren gaineko hausnarketa egin du eta honakoa esan du: “Hiru urteotan gauza bakarra gelditu da agerian: Bilduk ez du gogorik izan ekonomia sustatzeko planik egiteko. Eta aitzakia ez da ezin izan duela – izan ere, Eusko Jaurlaritzak erakutsi du horrelako plangintzak egin daitezkeela, eta berriki industria laguntzeko plana aurkeztu du –, baizik eta, ez duela egin nahi. Izan ere, Bilduk enpresekiko aurreiritzia du eta, hain zuzen ere, aurreiritzi horren ondorioz burua galdu du eta ez du gaitasunik krisiari aurre egiteko plangintzarik egiteko”.

Markel Olanok, halaber, segidakoa esan du: “Foru Arau proposamenak EAJ-PNVren eredua erakusten du: industriaren aldeko eredua, izan ere, industria da lurraldean aberastasuna eta enplegua sortzen duena – gogoratu behar da, industriak sortzen dituela Gipuzkoako lanpostu gehienak, zehazki, %85 – eta, era berean, industria ezinbestekoa dela gizarte-ongizatea eta gizarte politikak mantentzeko”. Hortaz, Olanoren iritziz, bi eredu daude: alde batetik, EAJ-PNVren eredua, hain zuzen ere, industriaren aldeko eredua; eta bestetik, Bilduren eredua, Gipuzkoako ekonomiatik eta industriatik urrun dagoena eta, ondorioz, Bilduk ez du gaitasunik Gipuzkoan ekonomia suspertzeko liderra izateko.


Bestalde, batzarkide jeltzale Xabier Ezeizabarrenak azaldu ditu zeintzuk izan diren EAJ-PNVren arrazoiak Ekonomia Sustatzeko Foru Arau proposamena egiteko eta legealdia hasi zenetik gertatutakoa laburbildu du: “2011ko irailean Batzar Nagusiek Bilduren aginteko Foru Aldundiari eskatu zioten ekonomia sustatzeko plana egiteko. Hori onartu zenetik EAJ-PNVk hainbat proposamen egin ditu, baina aitzitik, Bilduk ez ditu aintzat hartu. Are gehiago: Martin Garitano diputatu nagusiak berak esan zuen ez zuela krisiari aurre egiteko planik egingo, ez zuelako ezertarako balio. Jarrera horiei guztiei erantzuteko EAJ-PNVk jarrera positiboa izan du eta hainbat ekimen egin ditu, hain zuzen ere, Batzar Nagusiek dituzten tresna guztiak agortu arteko hainbat ekimen, Bilduren aginteko Foru Aldundiak jarrera alda zezan eta ekonomia-jarduera bultza zezan. Eta hori izan da arrazoia Foru Arau proposamena egiteko: Gipuzkoako enpresak laguntzea”. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario