Batzarkide-talde
jeltzalearen bozeramaileak honakoa salatu du: “Hainbat sindikatuk hartu duten
jarrerak ez die Gipuzkoako enpresei laguntzen krisiari aurre egitera. Eta,
gainera, Bilduk ez du enpresetan sinesten, nahiz eta enpresek Gipuzkoan
enplegua, aberastasuna eta gizarte-ongizatea sortzen duten”.
EAJ-PNVren batzarkide
taldearen bozeramaile Markel Olanok Estepan Aldamiz-Etxebarria kazetariaren
galderei erantzun die gaur goizean ETB1eko Egun on Euskadi saioan. Bozeramaile
jeltzaleak Euskadi zein Gipuzkoako egoerari buruz hitz egin du eta, batez ere,
Gipuzkoako ekonomia-egoerari buruz hitz egin du: “Une honetan, Gipuzkoako egoerak
zaila izaten jarraitzen du. Hainbat enpresen egoerak zaila izaten jarraitzen du
eta horrek liskarra sortzen du. Beraz, lan egin behar dugu liskarra gelditzeko,
eta horretarako oinarriak honakoak dira: akordioa, parte-hartzea eta
gardentasuna. Enpresen kultura aldatu behar dugu eta parte-hartzeak izan behar
du aldaketa horren oinarria. Eta horretarako, ezinbestekoa da politikaren,
gizartearen eta ekonomiaren eragileen arteko elkarlana krisiari aurre egiteko”.
Horren harira, Olanok
azpimarratu du, langileek gehiago parte-hartu behar dutela enpresen kudeaketan
zein irabazietan. Horrenbestez, enpresen egoera baretzea lortuko dugu. Baina
aitzitik, EAJ-PNVren batzarkide taldeen bozeramailearen iritziz, hainbat
sindikaturen jarrerak eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekimen faltak ez dio
egoerari laguntzen: “Alde batetik, hainbat sindikatuk hartu duten jarrerak –
hain zuzen ere, liskarrerako jarrerak – ez die Gipuzkoako enpresei laguntzen
krisiari aurre egitera. Eta bestetik, Bilduk ez du enpresetan sinesten. Aurreiritziak
ditu eta, beraz, Bilduren ustez, enpresak zergak biltzeko tresna dira. Hortaz,
Bilduk honakoa ahazten du: “Gipuzkoako enpresek enpleguaren %85a eta
gizarte-ongizatea mantentzeko baliabide nahikoa sortzen dituzte. Eta jarrera
hori onartezina da”.
Dena den, Markel Olanok
segidakoa esan du: “Nahiz eta Bilduk Gipuzkoako enpresak laguntzen ez dituen,
enpresa askok aurrerapausoa egin dute eta nazioartekotzearen alde egin dute.
Hau da, nahiz eta Gipuzkoako erakunde nagusienak enpresak babesten ez dituen,
enpresek egoerari eutsi diote. Eta horrek erakusten du Gipuzkoak enpresa sare
indartsua eta dinamikoa duela”. Horrenbestez, EAJ-PNVk Batzar Nagusietan
erregistratu duen Ekonomia Sustatzeko Foru Arauari heldu dio eta honakoa
gaineratu du: “Lan egiten jarraituko dugu Bildu behartzeko krisiari aurre
egiteko planak egitera, enpresek Gipuzkoako ekonomiaren eragileak izaten jarrai
dezaten. Hala ere, Bilduk erakutsi du gai garrantzitsu hori ez duela
lehenesten”.
Era berean,
batzarkide-talde jeltzalearen eledunak ezker abertzalearen noraeza salatu du:
“Egun Gipuzkoan Bilduren aginteko Foru Aldundiak ez du ekimenik, gaizki
kudeatzen ari da, ez du lidergorik, eta helburu bakarra du: irabaztea, betiere,
arerio politikoari – EAJ-PNVri – min eginez. Baina aitzitik, estrategia hori
hutsala da, izan ere hiritarrak konturatu dira Bilduren eredua inposizioan eta
liskarran oinarritzen dela. Eta hori ez da gizarte- eta ekonomia-egoerari aurre
egiteko bidea, baizik eta hiritarrekin elkarlanean proposamen eta politika sinesgarriak
egitea”.
Erabakitzeko eskubidea
Erabakitzeko eskubideari
eta autodeterminazioari buruzko galderak ere erantzun ditu Markel Olanok eta
segidakoa azpimarratu du: “Benetako aldaketa ezker abertzaleak egin du. Duela
24 urte ezker abertzaleak ez zuen parte hartu autodeterminazioa babesteko
proposamenean, izan ere, bere ibilbidea egiten ari zen eta gaia ETAren esku
utzi zuen. Behin ETAk bere jarduera eten duenean, ezker abertzaleak bere
jarrera aldatu du eta, ondorioz, orain, aldarrikapen historiko honi heltzeko
aukera dugu, betiere, modu demokratikoekin”.
Olanok, halaber, esan
du, erabakitzeko eskubidearen aurka daudenek beldurra sortu nahi dutela eta,
horretarako, independentziaren eta sezesioaren mamuak erabiltzen dituztela.
Horiek, Markel Olanoren ustez, prozesua oztopatzeko trikimailu politikoak dira.
Eta Espainiako Gobernuaren ordezkari Carlos Urquijo ari da bazterrak nahasten
jarrera probokatzaile, harro eta mehatxatzaile batekin. Eta hori onartezina da,
izan ere Espainiako Gobernuak Euskadiko gaiak alderdikeriaz erabiltzen ditu
Estatu Espainiarrean”.
Azkenik, EAJ-PNVren
batzarkide taldearen bozeramaileak Europar Batasunak Euskadiri jarritako
isunari buruz, hain zuzen ere, zerga-oporren gaineko isunari buruz hitz egin
du: “Neurria 90. hamarkadan nahita hartu zen. Izan ere, une hartan euskal
enpresen egoera hil ala bizikoa zen. Hain larria zen egoera, non ezker
abertzaleak berak – hain zuzen ere, egun enpresei krisiarri aurre egiteko
laguntzak ukatzen dizkien ezker abertzaleak berak – Gipuzkoako Batzar
Nagusietan esan zuen hartutako neurriak ez zirela nahikoak. Gainera, orduan
erakundeetan ordezkaritza zuten alderdi politiko guztiek estrategia hori
babestu zuten, baina orain badirudi batzuek hori ahaztu nahi dutela”.
No hay comentarios:
Publicar un comentario