EAJ-PNVren
batzarkide taldearen bozeramaileak salatu du, krisialdiaren une latzenetan
Bilduren aginteko Foru Aldundiak ez dituela beharrezko tresnak izan krisiari
aurre egiteko.
EAJ-PNVren
batzarkide-taldearen bozeramaile Markel Olanok Gipuzkoako gaurkotasun-albisteei
buruz hitz egin du gaur goizean Radio Nacional de España irratian. Lehengo
astean jeltzaleek Batzar Nagusietan erregistratutako Ekonomia Sustatzeko Foru
Arau proposamena izan da elkarrizketaren ardatz nagusiena. Gai horri buruz, Markel
Olanok azaldu du, foru arau proposamena dela erabili zezaketen azkeneko tresna
Bilduren aginteko Foru Aldundiari behartzeko krisiari aurre egiteko planak
egitera.
Horren harira, Olanok
honakoa esan du: “Legealdia oso txarra izan da Gipuzkoako ekonomiarentzat.
Eginahalak egin ditugu Gipuzkoako ekonomia sustatzea legealdiaren ardatza
izateko, baina ez dugu lortu. Hori dela eta, behin Ekonomia Sustatzeko Foru
Arau proposamena erregistratuta – hain zuzen ere, Gizartearen eta ekonomiaren
eragile garrantzitsuenek babesten duten ekonomia sustatzeko proposamena –,
oposizioak dituen tresna guztiak agortu ditugu Bilduren aginteko foru gobernua
behartzeko krisiari aurre egiteko planak egitera eta, era berean, 2012ko
irailan emandako hitza bete dugu”.
EAJ-PNVren batzarkide
taldearen bozeramaileak, halaber, adierazi du, Gipuzkoak behar duela Foru
Aldundiak tresnak izatea krisiari aurre egiteko. Baina aitzitik, krisialdiaren
une latzenetan Bilduren aginteko Foru Aldundiak ez ditu beharrezko tresnak
izan. Eta hor ditugu datuak: lehengo legealditik gaur arte ekonomia sustatzeko
aurrekontu-sailak %35 gutxitu dira.
Hortaz, Markel Olanok
segidakoa salatu du: “Bilduren aginteko foru gobernuak ez du borondaterik izan
krisiari aurre egiteko, izan ere enpresari buruzko ideologia- eta
politika-aurreiritziak ditu. Eusko Jaurlaritzak, aldiz, argi eta garbi erakutsi
du baldin eta borondate politikoa badago, enpresei laguntzeko baliabideak
daudela. Eta horren adibidea honakoa da: Eusko Jaurlaritzak berak egin duen
industriari laguntzeko plangintza, hain zuzen ere, industriari 500 milioi euro
baino gehiagoko laguntza emateko plangintza”.
Bestalde, zerga-iruzurgile
handien zerrenda argitaratzeari buruz, jeltzaleen batzarkide-taldearen
bozeramaileak azpimarratu du, esfortzu handia egin beharko dela bermatzeko
gauzak ondo egiten direla. Zerrenda argitaratzeari buruzko akordioa egin dugu
Batzar Nagusietan eta Eusko Jaurlaritza ere ados dago, izan ere neurri oso
baliagarria izango da zerga-iruzurrari aurre egiteko hiritarrak iruzurgile
handien zerrenda jakitea; baina aitzitik, ezin da legea urratu. Horregatik,
Batzar Nagusietan onartutakoa ez da aipatutako neurria egitea, baizik eta
neurria egiteko zuzenbide-azterketa egitea.
2014ko Europako Parlamenturako eta 2015eko Foru eta Udal
hauteskundeak
EAJ-PNVren
batzarkide-taldearen eledunak, Europako Parlamenturako hauteskundeak ere izan
ditu hizpide. Markel Olanok azpimarratu du, azkeneko bost urteetan Izaskun
Bilbaok lan itzela egin duela Europako Parlamentuan eta, ondorioz, lan gehien
egin duten eurodiptutatuen artean dagoela.
Ildo beretik, Olanok
honakoa gaineratu du: “Oso garrantzitsua da Europako Parlamentuan ordezkari bat
izatea Euskadiko interesak babesteko. EAJ-PNVn argi dugu: herri bat gara, nazio
bat gara eta Europan egon nahi dugu. Gainera, gure industria oso lotuta dago
Europako herrialde aurreratuenekin. Europako erakundeak gero eta
garrantzitsuagoak dira, eta horregatik, Europako Parlamentuan ordezkari bat
izatea oso garrantzitsua da”.
Azkenik, Markel Olanok
2015eko Udal eta Foru hauteskundeei buruz hitz egin du: “Foru Aldundiaren
gobernua zein Gipuzkoako udalerri garrantzitsuenen gobernua lortzeko aukera
dugu eta, horregatik, hauteskundeak oso lehiatuak izango dira EH Bildu eta
EAJ-PNVren artean”.
No hay comentarios:
Publicar un comentario