30 de junio de 2014

EAJ-PNV-K SALATU DU BILDUK UKO EGIN DIOLA KUTXABANK-EN GIZARTE-KONTROLAREN ALDE EGITEARI



Batzarkide-talde jeltzalearen bozeramaile, Markel Olano pozik dago Donostiako Karlos lehena bidea kentzeko aurrerapausoa egin delako eta honakoa gogorarazi du: “EAJ-PNVk legealdian zehar hainbat proposamen egin ditu eta urtero aurrekontuei zuzenketak egin dizkie, betiere, Karlos lehena bidea kentzeko”.



Gaur arratsaldean Ogasun eta Finantzetako batzordean batzarkide taldeek bozkatu dituzte Enplegua eta ongizatea indartzeko Foru Arauari buruzko zatiko zuzenketak. Gogoan izan, Foru Aldundiak Foru Arau proposamena egin zuela 2013ko aurrekontuaren soberakinaren 15 milioi euro hainbat proiektutan inbertitzeko. Bozketan, batzarkide taldeek egindako zuzenketa guztiak bertan behera gelditu dira, bat izan ezik: Donostiako Karlos lehena bidea kentzeari buruzko zuzenketa izan ezik.

Horiek horrela, EAJ-PNVren batzarkide-taldearen bozeramaile Markel Olanok honakoa salatu du: “Bilduk uko egin dio Kutxabank-en gizarte-kontrolaren alde egiteari”. Horren harira, gogoratu behar da, EAJ-PNVk segidako zuzenketa proposatu zuela: 100.000 euroko aurrekontu saila egiteko Kutxari Kutxabankeko akzioak erosteko, baldin eta aurrezki-kutxen eta banku-fundazioen lege berriak behartuta Kutxak Kutxabanken duen partaidetza saldu beharko balu. Olanok azaldu duenez, proposamenaren helburua segidakoa da: “Kutxak mantentzea partaidetzaren ehuneko ehun, oraingo lege- eta finantza-baldintzak kontuan hartuta”. Hori dela eta, Olanok salatu du, gaur agerian gelditu dela Bilduri ez zaiola interesatzen mantentzea ez Kutxaren erroa, ez gizarte-kontrola”.

Era berean, EAJ-PNVren batzarkide taldearen bozeramailea pozik dago Donostiako Karlos lehena bidea kentzeko aurrerapausoa egin delako, eta honakoa gogorarazi du: “EAJ-PNVk legealdian zehar hainbat proposamen egin ditu eta urtero aurrekontuei zuzenketak egin dizkie, betiere, Karlos lehena bidea kentzeko. Baina aitzitik, Bilduk 2014ko aurrekontuan ez zuen 2014ko aurrekontuan aurrekontu-sailik egin Donostiako Karlos lehena bidea kentzeko bi proiektu egiteko: Martuteneko biribilgunea konpontzeko eta Marrutxipi eta Urumeako saihesbidearen arteko lotura egiteko”.

Olanok, halaber, segidakoa azpimarratu du: “Gaur Bilduk ezetz bozkatu die Pasaiari buruzko EAJ-PNVren zuzenketa guztiei. Eta, hain zuzen ere, zuzenketa horien guztien helburua honakoa da: Pasaiako herritarren bizi-kalitatea hobetzea eta, era berean, Pasaiako badiaren leheneratzea lortzeko aurrerapausoak egitea. Eta gauza bera egin du Bilduk Bidasoa eskualdeari buruzko EAJ-PNVren zuzenketekin. Eta gure ustez, ezinbestekoa da, besteak beste, Txingudiko badiaren hiru udalerri nagusien arteko lotura hobetzea,  eta mendekotasuna duten adineko pertsonen egoitzetan leku gehiago sortzea, izan ere,  itxarote-zerrenda oso luzea da. Hori dela eta, jeltzaleok lanean jarraituko dugu proiektu horiek guztiak lehenbailehen egiteko”.

Horrenbestez, eta amaitzeko, batzarkide-talde jeltzalearen bozeramaileak honakoa salatu du: “Bilduk ez du akordiorik egin izan nahi eta, hori, gaurko bozketan agerian gelditu da. Izan ere, egindako zuzenketa guztiei ezetz bozkatu die Bilduk eta, ondorioz, Gipuzkoarentzako proiektu garrantzitsuak baztertu ditu”.

No hay comentarios:

Publicar un comentario