26 de septiembre de 2014

EAJ-PNV-K BILDURI ESKATU DIO INGURUMENEAN HERRI AURRERATUENAK KONTUAN HARTZEKO ETA BALORIZAZIO ENERGETIKOAREN ALDE EGITEKO



Batzarkide jeltzale Xabier Ezeizabarrenak ohartarazi du, Bilduren kudeaketa kaskarraren ondorioz, Gipuzkoako egoera hondakinei buruz oso larria dela: “Bilduk guztia gelditu du eta Sasieta Gipuzkoako zabortegia bihurtuko du”.  



Gaur goizean berriro ekin dio lanari Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren bilakaera finantzarioari eta irtenbide teknikoei buruzko azterketa-batzordeak. GHK-ko gerente ohi Armengol Grauk parte hartu du batzodean. Behin batzordea amaituta, EAJ-PNVren batzarkide Xabier Ezeizabarrenak honakoa esan du: “Baldin eta gaur gauza bat argi geratu bada segidakoa da: ingurumenean herri aurreratuenek balorizazio energetikoa erabiltzen dute hondakinen tratamenduaren azken fasea egiteko. Esaterako, Alemaniak, Austriak, Suediak, Danimarkak eta Suitzak, hain zuzen ere, gehien birziklatzen duten herrialdeak, energia sortzen dute hondakin hondarrarekin”.

Horren harira, Ezeizabarrenak Bilduri eskatu dio, “gauzak gehiago ez nahasteko zehaztu gabeko proposamenekin. Gainera, ez dakigu non kokatuko dituzten egonkortutako hondakin fardelak biltzeko guneak. Gogoan izan, Europako herrialde aurreratuenek ez dutela proposamen horrekin bat egiten”. 

Era berean, EAJ-PNVren batzarkideak segidakoa azpimarratu du: “Gipuzkoako egoera hondakinen kudeaketan oso larria da. Armengol Grauk berak ohartarazi zuen 2015ean arazo larria izan zezakeela Gipuzkoak, baldin eta lehenago zerbait egiten ez bazen. Hala ere, Bilduk guztia gelditu du eta ez du proposamen bideragarririk egin. Gogoratu behar da gainera, egungo zabortegiek 2015ean itxita egon behar dutela. Baina aitzitik, Bilduk arazoa luzatu du eta Sasieta Gipuzkoako zabortegian bihurtuko du. Eta hori oso larria da”.

Azkenik, hona hemen Xabier Ezeizabarrenaren hitzak: “Nahiz eta ezker abertzelak zero zabor teoria babesten jarraitzen duen, hori lortzea ezinezkoa da, izan ere, ez da inon lortu. Gainera, Tratamendu Mekaniko Biologikorako instalazioak ere hondakin hondarra sortzen du. Beraz, Bilduri honakoa eskatzen diogu: hipotesiak erabiltzeari uzteko eta indarrean dagoen plangintza betetzeko, hain zuzen ere, Batzar Nagusien gehiengoak babesten duen plangintza”.

No hay comentarios:

Publicar un comentario