Batzarkide jeltzale Arantza Rojok Bilduren aginteko Foru
Aldundiari eskatu dio, erabilitako irizpideak eta baremazioa argitzeko
kirol-instalazioei diru-laguntzak emateko.
Gaur arratsaldean, Gipuzkoako Batzar Nagusiek Foru Aldundiari segidakoa
eskatu diote: Kirol-Instalazioetarako 2014-2016ko Plangintzan aurreikusitako
diru-laguntzak modu orekatu batean banatzeko. Eta, horretarako, segidako
irizpideak erabiltzeko: instalazioen antzinatasuna; instalazio bakoitzaren
zerbitzuak; eta instalazio bakoitzaren erabiltzaile kopurua.
EAJ-PNVk egin du proposamena eta PSErekin adostasuna lortu du proposamenak
aurrera egiteko. Proposamenak, era berean, Foru Aldundiari eskatzen dio
desorekak zuzentzeko Kirol-Instalazioen Plangintzan jasotako diru-laguntzetan.
Horren harira, EAJ-PNVren batzarkide Arantza Rojok Bilduren aginteko Foru
Aldundiari eskatu dio, desorekak zuzentzeko, izan ere diru-laguntzen banaketak
Donostia bezalako hiriei kalte egiten die.
Horiek horrela, Rojok honakoa azaldu du: “Harrigarria da Foru Aldundiak
Donostiari ematea Kirol-Instalazioen Plangintzaren diru-laguntzen
aurrekontuaren %3 baino gutxiago. Izan ere, Donostiako kirol-instalazioek
donostiarrei zerbitzua emateaz gain, gipuzkoar gehiagori ere zerbitzua ematen
diete. Eta, batez ere, Donostia inguruko hainbat herritarrek erabiltzen dituzte
ere kirol-instalazioak, bere herrietan horrelako lekurik ez dutelako”.
Era berean, EAJ-PNVren batzarkideak segidakoa adierazi du: “Ez dugu
ulertzen zein irizpide erabili dituen Foru Aldundiak proiektuen artean
diru-laguntzak emateko, ezta zein baremazio erabili duen. Gainera, ez dugu
ulertzen zein irizpide erabili dituen Foru Aldundiak proiektuak eta udalerriak
aukeratzeko”. Hori dela eta, Arantza Rojok Foru Aldundiari eskatu dio,
diru-laguntzak emateko irizpideak eta baremazioa argitzeko.
Azkenik, Arantza Rojok Foru Aldundiari honakoa eskatu dio: “Diru-laguntzak
modu orekatuan banatzeko eta, horretarako, kontuan hartzeko diruz lagundu
beharreko instalazioetako udalerrietako herritar kopurua, instalazio
bakoitzaren erabilera eta instalazioaren antzinatasuna. Horrenbestez,
esaterako, Donostiako Altza auzoko kirol-instalazioek – egun obretan dago 2016
arte – diru-laguntzak jasotzeko aukera izango lukete. Gogoan izan, Altzako
instalazioak 30 urte baino gehiago dituela eta Donostiako auzo handienetako
hiritarrei zerbitzua ematen diela”.
No hay comentarios:
Publicar un comentario