Batzarkide jeltzale Xabier Ezeizabarrenak Bilduri eskatu
dio banku-fundazioaren patronatuan dagozkion ordezkariak izendatzeko.
Gipuzkoako Batzar Nagusietako batzarkide-taldeek Kutxako banku-fundazioaren
patronaturako ordezkariak izendatu dituzte gaur goizean. Batzarkide-talde
guztiek ordezkariak izendatu dituzte, Bildu eta Aralar taldeek izan ezik – uko
egin diote lau ordezkari izendatzeari, izan ere, ez zeuden ados prozedurarekin
–. Ordezkarien izendatzea taldeek Batzar Nagusietan dituzten batzarkideen
araberakoa izan da. Horren harira,
EAJ-PNVren batzarkide Xabier Ezeizabarrenak honakoa esan du: “Izendatzeak
aniztasuna eta kontrol publikoa bermatzen ditu”.
Era berean, Ezeizabarrenak salatu du, Bilduk berak uko egin diola
ordezkariak izendatzeari, nahiz eta prozesua guztiz arrunta zen. Gainera,
Bilduk denbora izan du prozesuari zuzenketak egiteko, prozesuaren aurka egiteko
edo nahi zituen proposamenak egiteko. Baina aitzitik, batzarkide jeltzalearen
iritziz, Bilduk uko egin dio kontrol publikoa egiteari, hain zuzen ere,
hainbeste eskatzen duen kontrol publikoa. Eta, horren ordez, Bilduk liskarra
bilatu du, izan ere, baldin eta liskarra badago eroso sentitzen da.
Xabier Ezeizabarrenak, halaber, Bilduri segidakoa eskatu dio:
“Banku-fundazioan dagozkion sei ordezkariak izendatzeko – Batzar Nagusietako 4,
Donostiako Udaleko 1 eta Gipuzkoako Foru Aldundiko 1 – eta gehiengoen erabakiak
errespetatzeko, bai Batzar Nagusietan, bai Kutxan”.
Gainera, Ezeizabarrenak honakoa gogorarazi du: “Batzar Nagusiek Kutxako
administrazio kontseiluari eskatu zioten banku-fundazioa Gipuzkoako ordezkarien
arabera osatzeko. Eta hori da, hain zuzen ere, Kutxak egin duena. Beraz, pozik
gaude Kutxak Batzar Nagusiak aintzat hartu dituelako, izan ere,
banku-fundazioaren patronatuan gipuzkoar guztiak egongo dira ordezkatuta”.
Azkenik, Xabier Ezeizabarrenak Martin Garitano diputatu nagusiaren
proposamenari buruz hitz egin du: “Proposamenak zerga- eta ekonomia-ondorioak
ditu. Akzioen %30 oparituko balira, zer gertatuko litzateke? Hori da, hain
zuzen ere, Foru Aldundiak azaldu behar duena, alegia, zer gertatuko litzateke
Gipuzkoan, eta ez Chavez-en munduan”.
No hay comentarios:
Publicar un comentario