6 de octubre de 2014

EAJ-PNV: BILDUK NAHITA EZKUTATU DU, GIPUZKOAN GIZARTE-POLITIKEN KUDEAKETA GUZTIZ ALDATU NAHI DUELA.



Batzarkide-talde jeltzaleak 50 mozio aurkeztu ditu politika orokorreko osoko bilkuran eztabaidatzeko. Mozioen helburua honakoa da: Bilduren aginteko foru gobernuaren kudeaketa kaxkarra zuzentzea.



EAJ-PNVren batzarkide-taldearen bozeramaile eta diputatu nagusigai Markel Olanok eta batzarkide jeltzale Eider Mendozak prentsaurrekoa egin dute gaur goizean. Bertan, salatu dute, Bilduren aginteko foru gobernuak nahita ezkutatu nahi izan duela, Gipuzkoan gizarte-politiken kudeaketa guztiz aldatu nahi duela. Horren harira, Markel Olanok honakoa esan du: “Bilduk egin nahi duen aldaketa oso larria da, izan ere, hirugarren sektoreari kalte egiten dio – hain zuzen ere, gizarte-politiken kudeaketan erakundeekin eta enpresa pribatuekin batera hain garrantzitsua izan den hirugarren sektoreari –“.

Ildo beretik, Olanok aditzera eman du EAJ-PNVk osoko zuzenketa egingo diola Kabia arautzen duen Foru Arauari: “Hasieran, Gizarte Politikako foru diputatu Ander Rodriguezek esan zuen Kabiaren helburua zela 2008ko gizarte politiken legeari erantzutea, eta, hortaz, egun udalen esku dauden 16 egoitza Foru Aldundiaren esku uztea eta, era berean, etxez etxeko laguntza udalen esku uztea. Baina aitzitik, Bilduk bigarren helburu bat nahita ezkutatu du: hain zuzen ere, Bilduk ez du esan helburua dela gizarte politiken kudeaketa zuzena egitea. Izan ere, Foru Aldundiak ez du proposatu hainbat udalen esku zeuden egoitzak kudeatzea, baizik eta gizarte politika guztiak kudeatzea”.  

Hortaz, batzarkide-talde jeltzalearen bozeramaileak salatu du, Bilduk kudeaketa eredu eredugarria baztertu nahi duela, hain zuzen ere, erakunde publiko eta pribatuen arteko elkarlanean oinarritutako eredua. Izan ere, Gipuzkoan hainbat elkarte, irabazi-asmorik gabeko elkarte eta fundazio, elkarlanean aritu izan dira administrazio publikoarekin Gipuzkoako gizarte-politiken egungo eredua martxan jartzeko eta kudeatzeko: “Gainera, Bilduren eredu aldaketa ez da eraginkorra, izan ere, 2,3 milioi euroko gainkostua du. Eta aldaketa hori proposatzen duen bitartean, Bilduk Ikastolen kudeaketa itundua babesten du – eta, hain zuzen ere, atzo Orion ikusi genuen Martin Garitano diputatu nagusia eredu itundua aldarrikatzen –. Beraz, kontraesanetan ari da Bildu, izan ere, gizarte politiken kudeaketa zuzena babesten du eta, aldiz, hezkuntzaren kudeaketa itundua”.

Era berean, Markel Olanok salatu du, berriro Bilduk bizkar eman diela Batzar Nagusiei. Izan ere, behin Kabia sortzen denean, Batzar Nagusiek ez dute erabakiko zein zerbitzu kudeatuko dituen Kabiak, baizik eta Foru Aldundiak hartuko du erabaki hori. Hortaz, Olanok adierazi du, berriro ere Bilduk bi ereduen arteko talka erakutsi nahi duela eta, horretarako, ezkutuan eredu ez eraginkor bat eta guztiz ezberdina martxan jarri nahi duela, nahiz eta egungo eredua oso egokian den. 

Politika orokorreko osoko bilkurarako 50 mozio

Bestalde, batzarkide-jeltzale Eider Mendozak politika orokorreko osoko bilkurarako mozioak azaldu ditu. Horien artean, Kabiarekin zuzeneko lotura duten bi mozio daude: “Foru Aldundiari eskatu diogu egoitzen eta etxez etxeko zerbitzuen kudeaketaren eskualdatzea ez izateko soilik truke bat, baizik eta independienteak izateko, bakoitzak bere ekonomia-memoria izateko, eta, betiere, Kabia prozesutik kanpo uzteko”.


Mendozak, halaber, segidako mozioak azpimarratu ditu: “Printzipio etikoa eta demokratikoaren errespetua, giza-eskubide guztien errespetua eta biktima guztiak berdin tratatzea. Gainera, Foru Aldundiari eskatu diogu, liskarra ez bilatzeko eta erakunde-jarrera izateko. Era berean, Foru Aldundiari eskatu diogu, ekonomia sustatzeko planak egiteko eta lehenesteko. Eta Kutxari buruz, 10 milioi euroko aurrekontu-saila egiteko Kutxabank-eko akzioak erosteko, betiere, baldin eta Kutxak bere akzioen zati bat saldu beharko balu”. 

Gainera, Eider Mendozak azaldu du, EAJ-PNVk hondakinen gaineko mozioak ere egin dituela: “lehenik, Bilduri berriro eskatu diogu 7/2008 Foru Araua betetzeko – hain zuzen ere, PIGRUG hondakin-plangintza arautzen duen foru araua –; bigarrenik, Zubietako errausketa-instalazioa ez egiteko UTE delakoarekin lortutako akordioa Batzar Nagusietan aurkezteko; hirugarrenik, Batzar Nagusietan azaltzeko zabortegiak ixteko egutegia eta argitzeko zabortegi berriak irekitzeko kokapenak zein egutegia; eta azkenik, Gipuzkoako Hondakin Partzuergoan Txingudiko Mankomunitatearen sarrera errazteko”.

Azkenik, hona hemen batzarkide jeltzalearen hitzak: “Kulturan, Foru Aldundiari eskatu diogu Tabakalera proiektu estrategikoa izateko, proiektuari edukia emateko eta ikus-entzunezko euskarazko edukien sorrera lehenesteko. Halaber, herritarren parte-hartzean, Bilduk ez du bete Foru Araua eta ez du martxan jarri parte-hartzearen gizarte-kontseilua. Eta, amaitzeko, bide azpiegituretan, Bilduren aginteko Foru Aldundiari eskatu diogu egutegia egiteko Karlos lehena bidea kentzeko, eta Batzar Nagusiei Bidegin hartutako erabakien berri emateko”. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario