15 de octubre de 2014

EAJ-PNV-K SALATU DU BILDUK EZ DUELA BORONDATE POLITIKORIK IZAN KUTXAREN KONTROL SOZIAL ETA PUBLIKOA MANTENTZEKO



Batzarkide-talde jeltzalearen bozeramaile Markel Olanok gogoratu du, Aurrezki Kutxen 26/2013 Legeak Kutxa behartzen duela banku-fundazioan bihurtzera eta finantza-plana egitera. Eta azken honek Kutxa behartu dezake akzioen %2 saltzera.



Gipuzkoako Batzar Nagusietako batzarkide-taldeek Kutxaren kontrol sozial eta publikoari buruz eztabaidatu dute gaur goizeko osoko bilkuran. Bertan, batzarkide-taldeek EAJ-PNVren proposamena eztabaidatu dute. Proposamenean Jeltzaleek Foru Aldundiari eskatzen diote 2013ko 66milioi euroko soberakinaren 10 milioi euro erabiltzeko Kutxabank-eko akzioak erosteko, betiere, baldin eta Kutxak Kutxabanken akzioak saldu beharko balitu. Batzarkide-talde jeltzalearen bozeramaile Markel Olanok salatu du, Bilduk ez duela borondate politikorik izan Kutxaren kontrol sozial eta publikoa mantentzeko, eta honakoa gogoratu dio koalizio abertzaleari: “Ezin dio bizkar eman finantza-plana egiteko beharrari”.

Horren harira, Markel Olanok segidakoa adierazi du: “Nahiz eta 2011n BBK-k, Kutxak eta Vital Kutxak adierazi zuten bere borondatea Kutxabank-eko akzioen %100 mantentzea zela, Aurrezki Kutxen eta Banku Fundazioen 26/2013ko Legeak bi betebehar ezartzen dizkie Kutxei: lehena, banku-fundazioan bihurtzea 2014ko abenduaren 29a baino lehen – eta baldin eta ez badute hori egiten desagertzeko arriskuan egongo lirateke –; eta bigarrena, Banco de España delakoari finantza-plana aurkeztea eta, bertan, bermatzea banku berriak etorkizuneko finantza-betebeharrei aurre egiteko gaitasuna duela”.

Era berean, Olanok azaldu du, egun Kutxak Kutxabank-eko akzioen %32 dituela eta  finantza-plan horrek zati bat saltzera behartu dezakeela. Zehatzago esateko, legeak Kutxa behartu dezake akzioen %2 saltzera. Horiek horrela EAJ-PNVren batzarkideak honakoa esan du: “Foru Aldundiari eskatu diogu, akzioen %2 hori erosteko 10 milioi euro jartzeko. Horrenbestez, Kutxaren kontrol sozial eta publikoa mantenduko litzateke. Jakin badakigu 10 milioi euro ez direla nahikoak, izan ere gutxi gorabehera 90 milioi euro beharko lirateke akzio guztiak erosteko, baina Foru Aldundiaren soberakina ere – 66 milioi euro – ez da behar den diru kopurura iristen. Hala ere, baldin eta borondate politikorik badago hurrengo urteetan %2 erostea negoziatu daiteke. Bilduk, ordea, erakutsi du ez duela borondate politikorik”.

Markel Olanok, halaber, Bilduri leporatu dio, gezurra esan izana: “Ez da egia Batzar Nagusiek banku-fundazioaren patronoak izendatzearen ondorioz, Kutxa 15 esku pribatuetan utziko dela”. Hortaz, honakoa Bilduri honakoa gogorarazi dio “Orain arte Kutxak ez du izan kontrol sozial eta publikorik. Izan ere, administrazio kontseiluak 79 kide zituen eta horien %50 bezeroen ordezkariak ziren, %40 erakundeak, %5 langileak eta gainerakoak beste batzuenak. Eta ordezkari horiek guztiek kontseiluetan parte hartzen zuten eta norbere intersak defendatzen zituen, inori konturik eman gabe. Beraz, behin Batzar Nagusiek banku-fundazioaren patronoak direlakoak izendatuta, Kutxaren kontrol publikoa indartu da”.

Azkenik, hona hemen Markel Olanoren hitzak: “Piskanak sindikatuak – hain zuzen ere, Kutxaren langile gehienak ordezkatzen dituen sindikatuak – esan zuen ez dugula bakarrik kontuan hartu behar kontrol sozial eta publikoa, baita gizarte-ekintza ere. Eta, egun, nahiz eta akzioen %100 erakunde publikoen esku utzi, bankuen egoera zailak zalantzan jartzen du gizarte-ekintza mantendu ahal izatea”. Hori dela eta, batzarkide-talde jeltzalearen bozeramaileak azpimarratu du, EAJ-PNVren proposamenak lehenetsi nahi duela kontrol sozial eta publikoa, eta, era berean, Bilduri eskatu dio liskarra bilatzeari uzteko.   

No hay comentarios:

Publicar un comentario