Batzarkide jeltzale Xabier Ezeizabarrenak salatu du, gaur
agerian gelditu dela Bilduren aginteko foru gobernuaren iruzurra: Foru
Aldundiak Osinbeltzen utzi nahi dituen hondakinak ez dira bizigabeak. Izan ere,
baldin eta bizigabeak badira zergatik iragazgaiztu behar da harrobia?”.
Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketa foru diputatu Iñaki Errazkin Batzar
Nagusietako izen bereko batzordean parte hartu du gaur eguerdian. Bertan, Foru
Aldundiaren erabakiaren berri eman du, hain zuzen ere, Zestoako Osinbeltz
harrobia zabortegian bihurtzeko erabakiaren berri. Behin batzordea amaituta,
EAJ-PNVren batzarkide Xabier Ezeizabarrenak honakoa salatu du: “Iñaki Errazkinek
ez du Zestoako zabortegiaren berme teknikorik eman, baizik eta bakarrik
hipotesiak aipatu ditu eta ez du dokumentaziorik ekarri. Beraz, Errazkin foru
diputatuaren planak Gipuzkoarentzako esperientzia pilotua izaten jarraitzen
du”.
Horren harira, Ezeizabarrenak salatu du, gaur agerian gelditu dela Bilduren
aginteko foru gobernuaren iruzurra. Izan ere, gaur Iñaki Errazkinek esan du
hondakinak bizigabeak balira bezala tratatuko direla. Beraz, Foru Aldundiak
Osinbeltzen utzi nahi dituen hondakinak ez dira bizigabeak. Izan ere, baldin
eta bizigabeak badira zergatik iragazgaiztu behar da harrobia? Gainera,
Gipuzkoan badago hondakin bizigabeak uzteko zabortegirik; beraz, are ulertezina
da beste zabortegi bat irekitzea eta bizigabeak ez diren hondakinak bizigabeak
balira bezala tratatzea.
Era berean, EAJ-PNVren batzarkideak Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako
foru diputatuaren jarrera salatu du: “Lehenengo aldiz etorri da Gipuzkoako
Batzar Nagusietan Osinbeltz harrobiari buruz hitz egitera eta, gainera, ez du
egin bere borondatez, baizik eta oposizioak eskatuta. Beraz, Batzar Nagusiei errespetua
galtzea da esatea nekatua dagoela gaiari buruz hitz egiten. Gainera, foru
diputatuak bere hitzaldian ez die erantzun batzarkide taldeen galderei, izan
ere, beste gai batzuk aipatu ditu eta oposizioari oposizioa egiten aritu da”.
Xabier Ezeizabarrenak, halaber, segidakoa salatu du: “Gertakari berri baten
aurrean gaude: Iñaki Errazkinek Alemaniako legedia ezarri nahi du eta ez,
ordea, Gipuzkoako Batzar Nagusien gehiengoak onartutako Foru Araua. Hau da,
Iñaki Errazkinek berriro argi esan du ez duela beteko hondakinak kudeatzeko
indarreko foru araua eta hondakinen kudeaketan Europako lurralde
aurreratuenetako baten legedia ezarriko duela; eta, hain zuzen ere, Alemanian hondakinen
tratamenduaren azken fasea egiteko balorizazio energetikoa erabiltzen dute”.
Azkenik, Ezeizabarrenak Gipuzkoan utzitako harrobien birsorkuntzari buruz
hitz egin du: “Egia da Euskadiko harrobiak birsortzeko plangintza dagoela,
baina plangintza horrek birsortzeari buruz hitz egiten du eta ez, ordea,
zabortegi berriak egiteari buruz”. Hortaz, EAJ-PNVren batzarkideak Iñaki
Errazkini honakoa eskatu dio: “Lehenik, gaia gehiago ez nahasteko; bigarrenik,
baldin eta informazio teknikoa badu Batzar Nagusietan emateko; eta azkenik,
aurrerapausoa egiteko, izan ere denborak aurrera darrai eta egun ez du hondakinak
tratatzeko plantarik eraiki eta martxan jarri”.
No hay comentarios:
Publicar un comentario