Batzarkide-talde jeltzalearen bozeramaile,
Markel Olanok ezker abertzaleari leporatu dio, Kabia martxan jartzeko bakarrik
irizpide politikoak – muturreko ezkerraren irizpide politikoak – kontuan hartu
izana, eta ez, ordea, zerbitzuaren kalitatea.
Gipuzkoako EAJ-PNVk gaur goizean hasi ditu bilerak Gipuzkoako hirugarren
sektoreko elkarteekin – gehienak irabazi asmorik gabeko elkarteak –, hain zuzen
ere, Gipuzkoan gizarte politikak kudeatzen diputen elkarteekin. Bileren
helburua honakoa da: jeltzaleen kezka adieraztea Kabia Organismo Autonomoaren
martxan jartzea dela-eta, eta, era berean, elkarteen iritzia ezagutzea. Gaur, jeltzaleen
ordezkariak – EAJ-PNVren batzarkide-taldearen bozeramaile Markel Olano, batzarkide
jeltzale Eider Mendoza
eta GBBko burukide Maite Peña
– Atzegi eta Gureak elkarteekin izan dira eta, gainera, aditzera eman dute,
hurrengo astean Gautena, Aspace, Gurutze Gorria, Caritas eta Agifes elkarteekin
bilerak egingo dituztela.
Atzegiko ordezkariekin bilera izan aurretik, EAJ-PNVren
batzarkide-taldearen bozeramaileak komunikabideei adierazpenak egin dizkie.
Bertan, Markel Olanok salatu du, Kabia martxan jartzeko Bildu eta PSE alderdien
arteko akordioa oso albiste txarra dela, izan ere, irabazi asmorik gabeko
elkarteak arriskuan jartzen ditu, hain zuzen ere, Gipuzkoan gizarte politikak
kudeatzen dituzten irabazi asmorik gabeko elkarteak. Horren harira, Olanok honakoa
esan du: “Arriskuan dago Gipuzkoan gizarte politikak kudeatzeko egungo eredu
egokia. Izan ere, Foru Aldundiak dagoeneko erabaki du gizarte politiken
kudeaketa publiko zuzena egitea”.
Era berean, EAJ-PNVren batzarkide-taldearen bozeramaileak segidakoa
adierazi du: “Bilduk zahar-egoitzen kudeaketa hartzeko eskualdatzea egiteko
pentsatutako foru araua erabili du, gizarte-zerbitzuen kudeaketan iraultza
egiteko. Jeltzaleok ados gaude zahar egoitzen kudeaketaren eskualdatzearekin,
baina Foru Aldundiak ez du bakarrik hori egin nahi, baizik eta egun gizarte
politikak kudeatzeko eredugarria den eredua baztertu nahi du eta kudeaketa
guztia publikoa eta zuzena egin nahi du. Eta hori guztia, nahiz eta hirugarren
sektoreak – gehienbat irabazi asmorik gabeko elkarteak – ezinhobe kudeatu
dituen gizarte politikak”.
Hortaz, Markel Olanok honakoa salatu du: “Kabiak okerrago kudeatuko ditu
gizarte politikak, izan ere, irabazi asmorik gabeko elkarteei erasotzen die eta
lanik gabe utziko ditu”. Gainera, Olanok adierazi du, Bilduren aginteko Foru
Aldundiak PSEren babesarekin proposatutako eredua %50 garestiagoa dela, ez dela
eraginkorra, eta herritarrentzako ere garestiagoa dela. Izan ere, zenbat eta
garestiagoa izan egoitza bateko lekua, orduan eta diru gehiago ordaindu beharko
du erabiltzaileak.
Azkenik, EAJ-PNVren batzarkide taldearen eledunak Bilduri segidakoak
leporatu dizkio: “Lehenik, zahar-egoitzen eskualdatzea erabili izana egungo
Gipuzkoako gizarte politiken kudeaketaren aurka egiteko; eta bigarrenik, Kabia
martxan jartzeko bakarrik irizpide
politikoak – muturreko ezkerraren irizpide politikoak – kontuan hartu izana,
eta ez, ordea, zerbitzuaren kalitatea”.
No hay comentarios:
Publicar un comentario