3 de octubre de 2014

MARKEL OLANO: “BILDU-K BIZKAR EMAN DIE HERRITARREI ETA, ONDORIOZ, GIPUZKOA SUSPERTZEKO OZTOPO BIHURTU DA”



EAJ-PNVren batzarkide taldearen bozeramaileak honakoa salatu du: “Bilduk uneoro aldez aurretik pentsatu gabeko erabakiak hartu ditu eta, ondorioz, Gipuzkoa egoera larrian dago, nahiz eta diputatu nagusiak irakurketa triunfalista egin duen”.



Politika orokorreko osoko bilkuraren arratsaldeko saioan batzarkide-taldeen txanda izan da. Taldeek Gipuzkoako egoerari buruz eta goizean diputatu nagusiak esandakoei buruz hitz egin dute. EAJ-PNVren batzarkide-taldearen bozeramaile Markel Olanok segidakoa esan du: “Ezker abertzaleak ez du inoiz sinetsi erakunde publiko baten ordezkaria dela eta, ondorioz, jarrera alderdikoia izan du eta, bakarrik, bere iritzi berekoentzat gobernatu du eta gainerako alderdi politikoekin zein herritar gehieneik liskarra izan du, betiere, bere iritzia inposatzeko”.   Horren harira, Olanok salatu du, Bilduk bizkar eman diela bai herritarrei, bai erakundeei, eta, ondorioz, Gipuzkoa suspertzeko oztopo bihurtu dela, porrot egin duela eta erakundearen eskumenak gaizki kudeatu dituela.

Era berean, Markel Olanok Martin Garitanori gogorarazi dizkio inbestidura-ekitaldiko hitzak: “Orduan, egungo diputatu nagusiak honakoa esan zuen: ‘herritarrak dira politikaren ardatz eta askotan ahantzi izan da gipuzkoarren ordezkaritza gunea direla Batzar Nagusiak’. Baina aitzitik, legealdiaren hasieratik Bilduk ez ditu kontuan hartu nahi izan Batzar Nagusien aginduak: lehenik, Batzar Nagusien gehiengoak Bilduren aginteko foru gobernuari eskatu zioten krisiari aurre egiteko plana egiteko eta ez zuen eskaera aintzat hartu; eta, bigarrenik, Batzar Nagusiek Foru Aldundiari eskatu zioten PIGRUG hondakin-plangintza arautzen duen Foru Araua betetzeko. Are gehiago, bigarren gai honetan, Bilduk ez du bete Batzar Nagusiek agindutakoa eta, gainera, gehiengo absolutua zuen herrietan atez ateko bilketa sistema inposatu du, nahiz eta herritar gehienen iritziaren kontra egin duen”.

Horrenbestez, batzarkide-talde jeltzalearen bozeramaileak hondakinen kudeaketari heldu dio eta honakoa esan du: “Bilduren kudeaketa kaxkarra izan da. Izan ere, Bilduk helburu bakarra zuen: errausketa-instalazioa gelditzea. Eta, horrek, bi aukera baino ez ditu uzten: lehena, zabortegi berriak irekitzea – guztiz legez kanpokoa da eta Europar Batasunaren zuzentarauen aurka doa –; eta bigarrena, hondakinak beste lurralde batzuetara eramatea – aukera garestiagoa da eta ez da solidarioa –“.

Markel Olanok, halaber, salatu du, Bilduren kudeaketa oinarritu dela aldez aurretik pentsatu gabeko erabakietan eta, ondorioz, Gipuzkoaren egoera oso larria dela, nahiz eta diputatu nagusiak irakurketa triunfalista egin duen. Hortaz, Olanok segidakoa esan du: “Bilduren aginteko foru gobernua Gipuzkoaren garapenarentzat oztopoa izan da. Egun, Gipuzkoa da langabezia gehien handitu den lurraldea – batezbeste Euskadiko gainerako lurraldeetan baino %23 gehiago – eta, gainera, enpresa gehien itxi behar izan duten lurraldea da – Euskal Autonomia Erkidegoko gainerako lurraldeetan baino %11 gehiago – “.

Hori dela eta, EAJ-PNVren bozeramaileak Martin Garitanori eskatu dio, irakurketa triunfalistarik ez egiteko eta Bilduri egotzi dio egoeraren errua, izan ere, ez ditu lehenetsi ekonomia sustatzeko neurriak: “Bilduk ez du ekonomia sustatzeko planik egin eta, are gehiago, urtero ekonomia sustatzeko aurrekontu-sailak gutxitu ditu. Hala ere, aurrekontuen negoziazioetan oposizioaren lanak gabezi horiek konpondu ditu eta, gainera, oposizioak bi foru arau onartu ditu eta, ondorioz, egungo Bilduren aginteko Foru Aldundiak eta hurrengo foru gobernu guztiek ekonomia sustatzeko planak egitera behartu ditu”.

Gainera, Markel Olanok salatu du Bilduk porrot egin duela errepideen finantzaketan eta kultura arloko kudeaketan. Errepideen finantzaketaren kudeaketari buruz, Olanok adierazi du, legealdiaren hasieran Bilduk baztertu zuela Etxegaraten bidesaria jartzea, nahiz eta Batzar Nagusien gehiengoa ados zegoen – adostasun hori lortu zen lehengo legealdiko errepideak finantzatzeko batzorde txostengilean –. Baina aitzitik, Bilduk onartutakoa baztertu zuen eta beste batzorde-txostengile bat egin zuen eta, ondoren, errepideak finantzatzeko Arkupe bidesari sistema proposatu zuen. Baina, Mugikortasuneko eta Bide Azpiegituretako foru diputatu Larraitz Ugartek ez zuen lortu Batzar Nagusiek bere proposamena onartzea. Bestalde, Kultura arloko kudeaketaren gainean, batzarkide-talde jeltzalearen eledunak honakoa salatu du: “Bilduk Tabakalera proiektua edukiz hustu du. Izan ere, hasieran Tabakaleraren helburua zen euskarazko ikus-entzunezko edukien sorrera sustatzea, baina Bilduren aginteko Foru Aldindiaren iritziz, helburu hori zaharkitua dago. Orduan, zein izango da Tabakaleraren helburua eta funtzioa? Bilduk ez du zehaztu”. 

Hitzaldia amaitu aurretik, EAJ-PNVren batzarkide-taldearen bozeramaileak politika orokorreko gaiei heldu die eta diputatu nagusiari egotzi dio soilik hegemonia lortzeko kudeaketa egin izana: “Hori lortzeko, Bilduren helburua izan da arerio politikoari ospea kentzea. Eta, horretarako, eraso politiko larriak egin dizkio EAJ-PNVri eta, besteak beste, honakoak erabili ditu: bidegiren zorra, burofaxak edo Kutxa – bertan, lapurrak eta gangster hitzak erabili izan ditu –“. Horiek horrela, Markel Olanok Martin Garitanori segidakoa gogorarazi dio: “Inbestidura-ekitaldian egungo diputatu nagusiak esan zuen gatazkaren biktima guztien sufrimenduari aurre egin behar zitzaiola. Baina aitzitik, errealitatea bestelakoa izan da: Foru Aldundiak bakarrik antolatu ditu torturatuak edo frankismoko biktimak omentzeko ekitaldiak eta, hori, zilegi da, baina, eta gainerako biktimak zer? Hau da, Bilduren aginteko foru gobernuak ez ditu kontuan izan terrorismoaren biktimak eta ezker abertzalearen ingurukoak ez diren biktimak”.

Azkenik, Markel Olanok Martin Garitanori gogorarazi dio, EAJ-PNVk Bilduren aginteko foru gobernua babestu duela une larrienetan – hain zuzen ere, aurrekontuak onartu behar izan dituenean –, baina ezker abertzaleak ez duela gauza bera egin. Olanoren ustez, horrek arrazoi bakarra du: “Eredu talka. Alde batetik, EAJ-PNVren eredua, hain zuzen ere, herritarren beharrak ideia politikoen gainetik lehenesten dituen eredua; eta bestetik, ezker abertzalearen eredua, hain zuzen ere, ideia politikoak lehenesten dituen eredua”. Hortaz, EAJ-PNVren bozeramaileak Bilduri honakoa eskatu dio: “Baldin eta herriak aurrera egitea nahi badugu eta, Eskozia eta Katalunian bezala, erabakitzeko eskubidearen aldarrian aurrera egin nahi badugu, alderdi abertzaleen arteko gutxieneko adostasuna lortu behar dugu. Baaina aitzitik, ezker abertzalearen jarrerak – hain zuzen ere, hegemonia bilatzeko jarrerak bai Batzar Nagusietan, bai Gipuzkoan orokorrean – ez ditu baldintzak errazten akordioa lortzeko”.

No hay comentarios:

Publicar un comentario