Batzarkide-talde jeltzalearen bozeramaile Markel Olanok
honakoa aditzera eman du: “Nahiz eta EAJ-PNVrentzat Karlos I bidea kentzea
lehentasuna den, berriro ere Bilduk ez du borondaterik izan gaia konpontzeko”.
EAJ-PNVren batzarkide-taldearen bozeramaile Markel Olanok bilera egin du
gaur arratsaldean Donostiako Amara auzoko Karlos I-ko auzolagunekin. Bertan,
Olanok auzolagunei esan die, EAJ-PNVk aurrekontu-saila egingo duela Karlos I
bidea kentzeko aurrerapausoak egiteko.
Behin bilera amaituta, batzarkide-talde jeltzalearen bozeramaileak salatu
du, berriro ere, Bilduk erakutsi duela ez duela borondaterik Karlos I bidea
kentzeko, nahiz eta Amarako auzotarren aldarrikapen historikoa den – gogoan izan,
Karlos I bideak bitan zatitzen duela Amara auzoa –.
Horren harira, Markel Olanok honakoa esan du: “Bilduk duela hiru urte eta
erdi, gutxi gorabehera, hartu zuen Foru Aldundiaren zein Donostiako Udalaren
agintea eta ez du ekimen bat ere egin bidea kentzeko edo bidea kentzeko behar
diren proiektuak egiteko. Hori dela eta, gure ustez, bada unea gaia konpontzeko
eta, baldin eta Bilduk erabaki badu gaia kontuan ez hartzea, EAJ-PNVk gaiari
helduko dio eta aurrekontu-saila egingo du Karlos I bidea kentzeko
aurrerapausoak egiteko”.
Martuteneko biribilgunea konpontzea ezinbestekoa da Karlos I bidea kendu
ahal izateko. Lehengo legealdian Urumeako Autobidea eta Martuteneko
biribilgunea Ospitalak eta Donostiako saihesbidea lotzeko bidea egin ziren.
Horren ondorioz, Donostiako sarrerak eta irteerak guztiz aldatu dira eta, egun,
Martuteneko biribilguneak hartzen du trafiko gehiena eta, ondorioz, beteta
dago. Hortaz, EAJ-PNVk zuzenketa egingo dio aurrekontuari, Martuteneko
biribilgunea konpontzeko aurrekontu-saila sartzeko. Gainera, jeltzaleek Foru
Aldundiari eskatu diote, izapideak azkartzeko obrek 2015ean has daitezen.
Ildo beretik, Markel Olanok segidakoa gogorarazi du: “Nahiz eta Bilduk ez
duen lehenesten Karlos I bidea kentzea, oposizioak legealdi osoko aurrekontuen
gaineko eztabaidetan ekimenak egin ditu, baita ekainean izandako eztabaidan
ere, hain zuzen ere, Enplegua eta ongizatea indartzeko Foru Arauaren
eztabaidan, non eta 2013ko aurrekontuaren soberakinaren 15 milioi euro
inbertitzeko proposamenak egiten ziren”.
Hortaz, Olanok gogorarazi du, Foru Aldundiak foru arau hori aurrera atera
zuela, behin Karlos I bidea kentzeari buruzko zuzenketa onartuta. Zuzenketa
horretan Foru Aldundiari honakoa eskatzen zitzaion: Martuteneko biribilgunea
konpontzeko eta Marrutxipi eta Urumeako saihesbidearen arteko lotura egiteko
proiektuak idazteko. Baina aitzitik, Foru Aldundiak baztertu du 2015eko
aurrekontuan obra egiteko aurrekontu-saila egitea eta arrazoia da, proiektuaren
izapideek urte osoa iraungo dutela.
Azkenik, hona hemen Olanoren hitzak: “Foru Aldundiaren aurrekontuan jaso
behar da Karlos I bidea kentzeko apustua. Baina, Bilduk ez du ekimenik egin
nahi izan legealdi osoko aurrekontu proiektuetan bidea kentzeko. Eta
EAJ-PNVrentzat gaiak lehentasuna du”.
No hay comentarios:
Publicar un comentario