Batzarkide jeltzale Xabier Ezeizabarrenak salatu du,
Bilduk Zestoan dagoeneko hartu duen erabaki bati buruz kontsulta egin nahi
duela. Hori al da bere parte-hartze eredua?”.
Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako foru diputatu Iñaki Errazkinek
Gipuzkoako Batzar Nagusietako izen bereko batzordean parte hartu du gaur
goizean. Bertan, Hondakinen gaineko azpiegituren Lurraldearen Arloko Planaren
(PTS delakoa) aldaketari buruzko azalpenak eman ditu, hain zuzen ere, Zestoako
Osinbeltz harrobian Foru Aldundiak ireki nahi duen zabortegia sartzeko. Foru
diputatuak batzordean parte hartu du EAJ-PNVk eskatuta. Batzarkide jeltzale
Xabier Ezeizabarrenak salatu du, Iñaki Errazkinek ez duela batzordean bere
borondatez parte hartu eta, gainera, Batzar Nagusiei behin eta berriro bizkar
eman diela.
Ezeizabarrenaren ustez, Errazkinek ez die Batzar Nagusiei PTS delakoaren
aldaketari buruzko txostenik bidali. Gainera, ez du argitaratu ez Gipuzkoako
Aldizkari Ofizialean ezta Gipuzkoako egunkarietan, baizik eta Ingurumeneko
departamentuaren atarian lotura txiki bat jarri du. Horren harira, batzarkide
jeltzaleak honakoa salatu du: “Ingurumeneko foru diputatua ez da gardena izan”.
Era berean, Xabier Ezeizabarrenak salatu du, Bilduk legearen kontra
zabortegiak irekita mantendu eta berriak ireki nahi dituela, eta Errazkin foru
diputatuari honakoa eskatu dio: “Herritarrei iruzurrik ez egiteko eta esateko
zabortegiak ixteko epeak ez direla beteko”. Hortaz, Ezeizabarrenak Ingurumeneko
foru diputatuari segidakoa ohartarazi dio: “Baldin eta PTS delakoa aldatzeko
foru dekretua erabiltzen badu, legea urratuko du, izan ere ez du kontuan izango
arauen hierarkia. Horrenbestez, Bilduk ez du PIGRUG hondakin plangintza
arautzen duen 7/2008 Foru Araua kontuan hartu nahi, nahiz eta foru dekretua
baino maila handiko araua den. Beraz, horrek erakusten du Bilduren kudeatzeko
modua: Foru araua aldatzeko gehiengoa ez duenez, Batzar Nagusiei bizkar ematen
die aldaketa egiten saiatzeko”.
EAJ-PNVren batzarkideak, halaber, segidakoa esan du: “PTS delakoaren
aurrerapen dokumentuak ez du ia aipatzen Osinbeltz harrobiko zabortegiak Urola
Ibadan izango duen eragina. Eta gainera, dokumentuak berak dio harrobian sartuko
diren hondakinak ez direla bizigabeak eta kokalekua ez dela onena. Eta horrek
guztiak zalantza juridikoak, politikoak eta teknikoak sortzen dizkigu. Beraz,
Bilduk gaia arduragabekeriaz kudeatu du”.
Azkenik, hona hemen Xabier Ezeizabarrenaren hitzak: “Foru Aldundiak behin
erabakia hartuta Zestoan kontsulta egin nahi du. PTS delakoa aldatzeko
aurrerapen dokumentuan agerian gelditzen da zabortegia irekitzeko erabakia
hartu duela. Beraz, zein izango da kontsultaren galdera? Izan ere, hartutako
erabaki bati buruz galdetuko die zestoarrei eta, horrek, erakusten du zein den
Bilduren benetako parte-hartzearen eredua: bere burua zuretzeko herritarrei
galdetuko die, baina emaitza zeinahi den Bilduk bere iritzia inposatuko die”.
No hay comentarios:
Publicar un comentario