27 de noviembre de 2014

EAJ-PNV-K SALATU DU BILDU OZTOPO BIHURTU DELA GIPUZKOAKO EKONOMIAREN GARAPENARENTZAT



Batzarkide-talde jeltzalearen bozeramaile Markel Olanok azpimarratu du, dagoeneko Gipuzkoan ezin direla aldez aurretik pentsatu gabeko erabakiak hartu. Izan ere, bi foru arau daude Bilduren plangintza ezari aurre egiteko, hain zuzen ere, ekonomia garapenaren gaineko estrategia ezartzen duten bi foru arau”.



Astelehenean amaituko da epea Gipuzkoako Batzar Nagusietan, batzarkide taldeek 2015eko Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrekontu proiektuari zuzenketak egiteko – bai osoko zuzenketak, bai zatiko zuzenketak –. Horiek horrela, EAJ-PNVren batzarkide-taldearen bozeramaile Markel Olanok eta batzarkide jeltzale Eider Mendozak prentsaurrekoa egin dute gaur goizean eta, bertan, Foru Aldundiaren aurrekontu proiektuaren analisia egin dute, betiere, ekonomia garapena kontuan hartuta.

Jakina denez, jeltzaleek ekonomiaren garapena eta krisiari aurre egitea lehenesten dituzte eta, horren harira, gogoratu behar da, urrian Gipuzkoako Batzar Nagusiek Ekonomia Sustatzeko Foru Araua onartu zutela, hain zuzen ere, EAJ-PNVk 2012tik landutako eta Gipuzkoako ekonomia- eta gizarte-eragileekin partekatutako foru araua.

Hortaz, EAJ-PNVren batzarkide-taldearen bozeramaile Markel Olanok honakoa esan du: “Sei urte igaro dira krisialdia hasi zenetik eta, egun, ekonomia geldi dago eta, horrenbestez, Gipuzkoak bataz beste Europa baino hazkunde txikiagoa izan du. Baina aitzitik, Gipuzkoako erakundeentzat egoera ezberdina da, izan ere, bi foru arau daude, hain zuzen ere, Gipuzkoan ekonomia sustatzeko estrategia bat ezartzen duten eta aitzindari izango diren bi foru arau”.

Ildo beretik, Olanok segidakoa azpimarratu du: “Ekonomia sustatzeko prozesuak enpresei eragiten die eta hiru zati ditu: lehena, enpresa traktore eta esportatzaileen garapena; bigarrena, enpresa traktore horiei zerbitzu ematen dieten enpresen garapena; eta hirugarrena, Gipuzkoako kontsumo sektorearen sendotzea”. Hortaz, EAJ-PNVren batzarkide-taldearen bozeramaileak honakoa esan du: “Dagoeneko, Gipuzkoan ezin dira aldez aurretik pentsatu gabeko erabakiak hartu”.

Era berean, Markel Olanok segidakoa salatu du: “Nahiz eta, orain, Foru Aldundiak estrategia bat lantzeko tresna duen, ez du aldez aurretik plangintzarik egin aurrekontu proiektua egiteko. Eta horrek erakusten du Bildu ez dela gai krisiari aurre egiteko estrategia eraginkorrik egiteko, izan ere, ez du plangintza horretan sinesten. Hau da, Bildu oztopo bihurtu da Gipuzkoako ekonomiaren garapenarentzat”.

Departeamentuen arteko lehia

EAJ-PNVren batzarkide, Eider Mendozak, halaber, esan du, Foru Aldundian ez dagoela lidertzarik, baizik eta departamentuen arteko lehia dagoela. Horrenbestez, Mendozak adierazi du, Lurralde Garapeneko zuzendaritzaren eta Berrikuntzako, Landa Garapeneko eta Turismoko departamentuaren arteko lehia dagoela eta, ondorioz, aurrekontu-sail asko errepikatuta daudela.

Azkenik, batzarkide jeltzaleak salatu du, Bildu ez dela gardena izaten ari, izan ere, ez dago aipatutako bi departamentuen arteko elkarlanik eta, gainera, biek 10 milioi euroko proposamenak egin dituzte, baina zehaztu gabeko proposamenak dira.

No hay comentarios:

Publicar un comentario