7 de septiembre de 2011

EAJ-PNVK GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIARI ETA DONOSTIAKO UDALARI ESKATU DIE, BAKEA SENDOTZEKO PAUSO ERAGINKORRAK EMAN DITZATEN.

EAJ-PNVko udal eta batzarkide taldeak
Jeltzaleen batzarkide tadeak eta Donostiako Udal taldeak ekimenak aurkeztuko dituzte, atzeraezina den helburuaren lorpenean sakontzeko.

Gipuzkoako Batzar Nagusietako EAJ-PNVren bozeramaile Markel Olano adierazi duenez, “ikuspegi politikotik bakearen aldeko urrats garrantzitsuak eman daitezke. Bortizkeriaren txantai politikoa desagerrarazi behar dugu behin betiko; baina, ezin dugu ahaztu bake-egoera sendotzeko, demokrazian sakondu behar dugula. Eta, horretarako, ezinbestekoa da ilegalizazioan oinarritutako estrategia politikoak behin betiko baztertzea”.

Donostiako EAJ-PNV Udal taldeak eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako EAJ-PNV batzarkide taldeak prentsaurrekoa egin dute, bakea eta normalizazio politikoa lortzeko aurkeztuko dituzten ekimenen berri emateko. EAJ-PNV batzarkide taldeko bozeramaile Markel Olanok nabarmendu duenez, “ezin dugu aukera honi ihes egiten utzi. Honenbestez, ezinbestekoa dugu bakerako aukerak ekintzez finkatzea; izan ere, proposamenik gabeko eztabaida politiko hutsak kaltegarriak izan ohi direlako”. Ildo beretik, Olanok honakoa esan du: “Bakearen helburua ez dago alderdikeriazko erabilpenen mendean jartzerik”.

Era berean, jeltzaleen batzarkide taldeko bozeramailearen iritziz, “ikuspegi politikotik bakearen aldeko urrats garrantzitsuak eman daitezke. Hasteko, bortizkeriaren txantai politikoa desagerrarazi behar dugu behin betiko; baina, ezin dugu ahaztu bake-egoera sendotzeko, demokrazian sakondu behar dugula. Eta, horretarako, ezinbestekoa da ilegalizazioan oinarritutako estrategia politikoak behi betiko baztertzea”.

Halaber, Markel Olanok ondorengoa azpimarratu du: “Bakea indartzeko pausoak gizarte ikuspegitik ere egin behar dira. Horretarako, giza eskubideak onartu eta horien errespetua landu behar da; alabaina, gizartearen zein politikaren ikuspegitik harremanak berreraikitzeko gakoa da”. Gainera, Olanoren ustez, “ezinbestekoa da elkarrekiko errespetua eta konfiantza berrezkuratzea. Horretan aurrera egiteko, elkarri entzun eta elkarrizketa landu behar dugu”.

EAJ-PNV batzarkide taldeko bozeramailearen aburuz, “bizikidetza baketsua lortzeko eginkizunetako bat biktima guztien onarpena da. Beharrezkoa da giza eskubideen urraketak eragin dien sufrimenduaren esperientziara elkartasunez hurbiltzen ahalegintzea, biktimek beraien bizitzak lotzen dituen minetik askatu eta bizitza duina berreskura dezaten”. Olanok esan duenez, “bakezko heziketa landu behar dugu gipuzkoarren artean, eta, bereziki, gazteen artean. Era berean, sistema demokratiko sendo aeta arduratsua errotu behar dugu”.

Horren ondorioz, Olanok azaldu duenez, “helburu hori lortzeko EAJ-PNVren batzarkide taldeak Gipuzkoako Batzar Nagusiei eskatu die, Berdintasun Politiken eta Giza Eskubideen Batzordean talde-txostengilea sor dezaten”; eta batzorde txostengilearen betebeharren artean honakoak aipatu ditu: “Gure lurraldean gizartearen adostasunerako guneak eraikitzeko tresnak sortu, oinarri sendoak eta partekatuak finkatu eta gure gizarteko aniztasun politikoa askatasunez garatzeko; Gipuzkoako herri eta hirietan elkarrekiko errespetua eta konfiantza berreskuratzeko tresnak zehaztu, bizikidetza zuzenagoa eraikitzeko; gure lurraldeko herritarrek elkarri entzun eta elkarrizketa lantzeko ekimenak definitu; adituen proposamenak eta azterketak ezagutzeko guneak eta tresnak finkatu; eta bakearen heziketa eta giza eskubideen defentsa gure lurraldean lantzeko proposamenak zehaztu”.

BAKEAREN ETXEARI EDUKIA EMAN

Bestalde, Donostiako EAJ-PNV udal taldeko bozeramaile Eneko Goiak udaletxeko Giza Eskubideen Batzordean proposamena aurkeztu du, udaletxea bake prozesuan eragile aktiboa izan dadin; eta honakoa gaineratu du: “Udaletxeak ezin du erakunde armatu batek erabakitzen duenaren zain egon”.

Ildo beretik, Goiaren aburuz, “Bakearen Etxea donostiarrok edukia emateko gai izan behar dugun proiektua da, herri honetan datozen urteetan eman beharreko pausoak zehaztu eta aurrekariak izateko”. Jeltzaleen bozeramaileak esan duenez, “Bakearen eta Giza Eskubideen Etxea adiskidetzearen eta bakearen lorpenean erreferente bilakatu behar dugu. Horretarako, hautesiok segituan eta kanpoko esku-sartzerik gabe indartsu eta gogotsu lan egin behar dugu”.

EAJ-PNVren Udal taldeak Giza Eskubideen Batzordean aurkeztutako proposamenak honakoa eskatzen du: “biktima guztiak aitortzea; herritarren artean, eta bereziki gazteen artean, bake heziketa lantzea; sistema demokratiko sendo aeta arduratsua errotzea; eta bakearen ikuspegia jorratzea, donostiarroi, bazterketarik gabe, baitagokigu bortizkeriarik gabeko etorkizuna eraikitzea”.

Amaitzeko Eneko Goiak segidakoa adierazi du: “Guztiok lan egin behar dugu errespetua eta konfiantza berreskuratu eta elkarbizitza hobeagoa lor dezagun, betiere elkarrizketaren bitartez”.

No hay comentarios:

Publicar un comentario