14 de octubre de 2011

EAJ-PNV-K FORU ALDUNDIARI ESKATU DIO, PARTE-HARTZE PROGRAMA AURKEZTEKO ETA ONARTUTAKO FORU ARAUA BETETZEKO.

Hona hemen jeltzaleen batzarkide taldearen bozeramaile Markel Olanok Bilduri egindako eskaria: “Lurraldeko Gizarte-kontseilua martxan jartzea, eta, era berean, parte-hartzea sustatzeko neurriak azaltzea nahi dugu”.

EAJ-PNV batzarkide taldea arduratuta dago Foru Aldundiak ez duelako neurririk hartu, herritarren parte-hartzearen arloan. Jeltzaleen batzarkide taldearen bozeramaile Markel Olanok azaldu duenez, “oraindik ez dakigu ezer Foru Aldundiko gobernuaren parte-hartze programari buruz; hau da, ez ditugu ezagutzen ez prozesuak, ez baliabideak, ez parte-hartzearen foru-politiken elaboraziorako, ezarpenerako eta berraztertzerako neurriak”.

Ildo beretik, Olanok esan duenez, “Bilduk ahaztu du gizartearen ordezkaritzekin aurrez egindako lana; alegia, lurraldeko elkarteekin batera foru-plangintzak zein proiektuak zehaztu eta garatu ziren”. Horrenbestez, Gipuzkoako Batzar Nagusietan EAJ-PNV batzarkide taldearen bozeramaileak Foru Aldundiari honakoa eskatu dio: “Parte-hartze programa aurkezteko eta onartutako Foru Araua betetzeko; izan ere, berritzailea, beste lurraldeentzat adibide eta parte-hartze prozesu baten bidez egindakoa da; eta gainera, Batzar Nagusietan gehienek babestu zuten”.

Olanok, halaber, Bilduri eskatu dio, “lurraldeko Gizarte Kontseilua martxan jartzeko, parte-hartzea sustatzeko neurriak azaltzeko, eta, era berean, Gipuzkoako herritar-erakundeei zuzendutako prestakuntza plangintza ezagutzera emateko”. EAJ-PNVren bozeramaileak, orobat, azpimarratu duenez, “Une honetan, gizarteak eskatzen du bere ekarpenak kontuan hartzeko, erakundeen politikak ezartzerako orduan; beraz, ezinbestekoa da Foru Arauan ezarritako protokolo zein prozedurak errespetatzea; alta, kontrakoa egiten bada, funtsik gabeko bileren aurrean egongo gara, neurriak hartzeko eta politiken plangintzak egiteko”.

Hartaz, Markel Olanok azpimarratu duenez, “herritarrak parte-hartzeko ildo berriak eskatzen ari dia; hala, politikariok parte-hartzea bultzatzen jarraitu behar dugu; izan ere, jarrera arduratsua izateko eta gizartearen inplikazioa handitzen jarraitzeko modua da”.

Azkenik, EAJ-PNV batzarkide taldearen bozearmaileak segidakoa adierazi du: “Aurreko legealdian martxan jarritako prestakuntza ikastaroek, Gipuzkoako hainbat herrietako parte-hartze esperientziek, eta gizarte ordezkariekin egindako bilerek, harrera ona izan zuten. Honenbestez, arrakasta handiko parte-hartze prozesuak martxan jarri ziren”. Hori guztia dela eta, Markel Olanok berretsi du, parte-hartzeari buruzko Foru Araua betetzearen aldeko jarrera; eta honakoa gaineratu du: “Bertan herritarrek parte-hartze prozesuak martxan jartzeko dituzten eskubideak zehazten dira”.

No hay comentarios:

Publicar un comentario