17 de enero de 2012

EAJ-PNV-K BILDURI ESKATU DIO HERRITARREI IRUZURRIK EZ EGITEKO ETA, BERAZ, ERREPIDEAK ERABILTZEAGATIK ORDAINTZEARI UTZIKO DIOTELA EZ ESATEKO

Jeltzaleen batzarkide taldearen aburuz, errepideetako batzorde txostengile berriak, bide azpiegituretako finantzazioaren oreka arriskuan jar dezake eta, ondorioz, Bilduri eskatu dio pankarta eusteari uzteko eta erakunde-kudeaketari ekiteko.

Markel Olano Gipuzkoako Batzar Nagusietako EAJ-PNVren bozeramaileak eta Aintzane Oiarbide errepideetako batzorde txostengilean jeltzaleen ordezkariak prentsaren aurrean agertu dira eta, bertan, iritzia eman dute batzorde txostengileari buruz – datorren astelehenean martxan jarriko da – zein lurraldeko errepideen egungo finantzazio-sistemari buruz.

Markel Olanok azaldu duenez, “EAJ-PNVren ereduak egungo bidesarien sistemaren sakontasuna du oinarri, eta honako abantailak ditu: lehenik, errepideen inbertsioen finantzazioa bermatzen du; bigarrenik, erabiltzen dutenek eta, ondorioz, kutsatzen dutenek ordaintzen dituzte errepideen mantentze lanak; hirugarrenik, Gipuzkoa zeharkatzen duten nazioarteko 10.000 kamiolariek ez dute ordaindu gabe gure lurraldea zeharkatuko eta, horrenbestez, gipuzkoarrok ez dugu soilik errepideen mantentze lanak ordainduko; eta, azkenik, lurralde oreka bermatzen du”.

Halaber, EAJ-PNVren bozeramaileak Bilduri segidako kritika egin dio: “Jarrera desegokia dute eta urduri daude. Donostiako bigarren ingurabideari buruz egin genuen galderari Larraitz Ugarte Mugikortasuneko eta Bide Azpiegituretako foru diputatuaren erantzuna baino ez da irakurri behar”. Honenbestez, Markel Olanok Bilduri eskatu dio, “pankarta eusteari uzteko eta erakunde-kudeaketari ekiteko eta, era berean, gai garrantzitsu honen inguruan ezegonkortasunik ez sortzeko”.

Orobat, Olanoren iritziz, “finantzazio eredua zalantzan jartzen bada eta bidesariak kentzen badira, errepideen finantzazioak eta mantentze lanek urteko aurrekontuetan aurrekontu-saila izan beharko dute. Honenbestez, zergak igo beharko dira eta, gainera, Gizarte Politika departamentutik dirua kendu beharko da errepideetan inbertsioak egiteko”. Ildo beretik, jeltzaleen batzarkide taldearen eledunak honakoa azpimarratu du: “Ezin zaie herritarrei esan errepideak erabiltzeagatik ordaintzeari utziko diotenik; alabaina, ‘dena dohakoa’ delakoa faltsua eta arduragabea da”.

Bestalde, Aintzane Oiarbide EAJ-PNVren ordezkaria errepideetako batzorde txostengilean, bide azpiegiturak erabiltzeagatik gipuzkoarrok ditugun beherapenei buruz hitz egin du. Hona hemen Oiarbideren hitzak: “Egungo sistema eredugarria da; alta, bidesariei esker inbertsio handiak egin izan dira eta, ondorioz, Gipuzkoak aurrera egin du. 70.000 gipuzkoarrek baino gehiagok beherapenak dituzte, eta horietatik gehienek ibilgailua egunero lanera joateko edota lan egiteko erabiltzen dute”. 

Oiarbidek, berebat, segidakoa aipatu du: “Gipuzkoako errepideak kalitatezkoak eta modernoak dira eta, beraz, gizartea pozik dago”. Batzorde txostengilean EAJ-PNVren ordezkariaren ustez, “aurrerapauso hau aurreko legealdietako lanari esker egin da eta, besteak beste, honakoa ahalbidetu du: neguan Donostiako saihesbidetik joatea arinagoa izatea, eta debagoiena eta debabarrenaren arteko loturak zein bi eskualde hauen eta Vitoria-Gasteiz-en arteko lotura erosoagoa izatea. Bilduk ezin dio errealitate honi bizkarra eman”.

Azkenik, Aintzane Oiarbidek gogoratu duenez, “baldin eta bidesariak edota ‘bineta’ delakoa jarri, herritarrek ordaintzen jarraituko dute errepideak erabiltzeagatik. Beraz, Bilduri eskatzen diogu herritarrei iruzurrik ez egiteko”.

No hay comentarios:

Publicar un comentario