23 de marzo de 2012

EAJ-PNV-K PASAIAKO BIRSORKUNTZAN BORONDATE FALTA EGOTZI DIE ERAKUNDEEI.

EAJ-PNV batzarkide taldearen bozeramaile Markel Olanok esan duenez, “erakunde publikoak aitzakiak erabiltzen ari dira Pasaiako birsorkuntzan bakoitzaren ardura ez hartzeko”.

EAJ-PNV batzarkide taldearen bozeramaile Markel Olanok, Madrilgo Diputatuen Kongresuan Gipuzkoako diputatu Arantza Tapiak, jeltzaleen legebiltzarkide Maribel Vaquerok eta Pasaiako EAJ-PNVren udal taldearen bozeramaile Nahikari Oterminek prentsaurrekoa egin dute. Bertan, Pasaiako birsorkuntzan eskumena duten erakundeen borondate falta salatu dute eta, era berean, birsorkuntzarekin jarraitzeko hainbat ekimen aurkeztu dituzte.

Markel Olano jeltzaleen batzarkide taldearen bozeramaileak gogoratu duenez, “gure helburua honakoa da: Pasaiako badiaren osoko birsorkuntza. Horretarako, kanpoko kaia ezinbestekoa da, izan ere, egun portuaren barruko ekonomia-jarduera kanpora atera ahalko da”. Dena den, Olanok adierazi duenez, “birsorkuntzari ekiteko ez da beharrezkoa kanpoko kaia amaituta egotea”, eta segidakoa salatu du: “Birsorkuntza esku duten administrazioek aitzakiak baino ez dituzte jartzen bakoitzaren ardura ez hartzeko”.

Ildo beretik, EAJ-PNVren batzarkide taldearen eledunaren iritziz, “Espainiako gobernuak du ardura gehien eta, bitartean, Pasaiako herritarrak dira kaltetuak; alabaina, hainbat eraikin bota dira eta eremua degradatua dago; hots, hondakindegia dirudi, nahiz eta EAJ-PNVren aldundiak behin behineko aparkalekua eta joku-eremua proposatu zituen pasaitarrentzat eta, gainera, kostua ez zen hain handia”.

Bestalde, Madrilgo Diputatuen Kongresuan Gipuzkoako EAJ-PNVren diputatu Arantza Tapiak honakoa eskatu du: “2011ko apirilaren 5ean sinatutako protokoloa betetzeko”;alta, erakunde bakoitzaren egitekoak zehazten dira. Tapiaren ustez, “protokoloa ez betetzea politika-borondate falta da eta, horrek, birsorkuntza proiektua geldirik du. Gainera, kanpoko kaiaren proiektua aitzakitzat dute bai batzuek bai besteek Pasaiako birsorkuntzarako garrantzitsuak diren hainbat erabaki ez hartzeko”.

Era berean, Madrilgo gobernuak iragarritako Jaizkibian inbertsioak egiteari uzteari buruzko erabakiaren gainean, Tapiak segidakoa esan du: “Espainiako gobernuak ez du birsorkuntzarako diru gehiago jarriko; hau da, ez da gehiago inplikatuko. Nola eramango dugu proiektua aurrera ardura gehiena duen erakunderik gabe?”. Orobat, Arantza Tapiak Lezo-Gaintxurizketako garraio mota ezberdinetarako plataforma izan du hizpide, eta honakoa adierazi du: “Pasaiako birsorkuntzarekin jarraitzeko erabakiak ez daude kanpoko kaiaren eraikuntzaren mende. Hau da, Lezo- Gaintxurizketa plataformak egungo kaiari ere emango dio zerbitzua. Beste gauza bat da merkantziak bidaiatzeko Espainiako Gobernuak atlantiar ardatzaren alde ez egitea eta, ondorioz, mediterraneoko ardatza lehentasuntzat izatea, nahiz eta Europak bi ardatzei garrantzi bera eman”.

Halaber, Maribel Vaquero legebiltzarkideak iragarri duenez, “UPyD taldeak ez aurkeztutako ez legezko proposamenari osoko zuzenketa aurkeztu diogu; izan ere, Pasaiako kanpoko kaiaren eraikuntza bertan behera uzteko eskatzen dute”. Vaquerok azpimarratu duenez, “Pasaiako badiaren eta inguruaren birsorkuntza helburu utziezina izan behar du erakunde guztientzat; alabaina, Pasaiako herritarren bizi-kalitatea hobetuko du eta lurraldeak kai lehiakorra izango du eta, ondorioz, lurraldearen ekonomia-jarduera bultzatuko da”.

Gainera, EAJ-PNVren legebiltzarkideak esan duenez, “Lezo-Gaintxurizketako garraio mota ezberdinetarako plataforma Eusko Jaurlaritzaren ardura da; izan ere berak bukatu behar du Donostialdeako Lurraldeko Zati-Plana; horrek, besteak beste, kanpoko kaia, energia-zentrala, hainbat hirigintza-gai eta egungo kaira zein garraio mota ezberdinetarako plataformara sartzeko trenbidea zehazten ditu”.

Azkenik, Nahikari Otermin Pasaiako EAJ-PNVren udal taldearen bozeramaileak eskatu du “birsorkuntza gaur bertan hasteko”. Era berean, Herrera Iparraldeko aparkaleku eta joku eremuari buruz honakoa esan du: “Behin behineko irtenbidea da eta birsorkuntza proiektuaren barruan dagoen proiektua da, herritarrei sortzen ari zaizkien eragozpenei erantzuteko”. Honenbestez, Oterminek iragarri duenez, “Pasaiako Udalaren Hirigintza departamentuari eskatu diogu, Eusko Jaurlaritzaren Itxaspe Programa garatzeko – Euskadiko itsas bazterreko herrien garapenerrako eta sustapenerako laguntza-programa –; izan ere, Pasaiako birsorkuntzarako hainbat proiektu daude kanpoko kaiaren eraikuntzaren beharrik ez dutenak”.

No hay comentarios:

Publicar un comentario