19 de febrero de 2013

EAJ-PNV-K GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIARI ESKATU DIO GIPUZKOAKO LUR-JAUSIEN ONDORIOEI AURRE EGITEKO DIRU-LERRO BAT EGITEKO



Jeltzaleen batzarkide taldearen bozeramaile Markel Olanok Foru Aldundiari eskatu dio, ekintza-plana aurkezteko Batzar Nagusietan eta, bertan, zehazteko lehentasunak eta jarduerak euriteek eragindako lur-jausiak konpontzeko. 



Otsaila zehar izandako euriteek hainbat lur-jausi eragin dituzte Gipuzkoan, esaterako, Azkoitian eta Mutrikun. Lur-jausi horiek kalteak sortu dituzte bai etxebizitzetan zein baserrietan eta, ondorioz, bertako bizilagunek bere etxetik kanpo igaro behar izan dituzte hainbat egun.

Hori dela eta, Gipuzkoako Batzar Nagusietako EAJ-PNV batzarkide taldeak Foru Aldundiari eskatu dio, gertatutako lur-jausiei aurre egiteko diru-lerro bat egiteko. Jeltzaleen bozeramaile Markel Olanok honakoa esan du: “Krisialdian, lur-jausiek kaltetutako herritarrek nahiz udalek ezin dute konponketei aurre egin. Horregatik, gure iritziz, Foru Aldundiak konponketa horiek egiten lagundu behar die, bai herritarrak bai udalerriak lehenbailehen lehengo egoerara itzultzeko”.

Horrenbestez, jeltzaleen batzarkide taldeak ebazpen-proposamena egin du eta, bertan, Gipuzkoako Foru Aldundiari segidakoa eskatu dio: Lur-jausiak pairatu dituzten udalekin elkarlanean aritzeko kalteak zehatz ezagutzeko eta, horiek ezagutu ostean, Batzar Nagusietan ekintza-plan bat aurkezteko, non eta lehentasunak eta jarduerak zehaztuko diren euriteek eragindako lur-jausiak konpontzeko”. 

Halaber, Markel Olanok azaldu du, EAJ-PNV batzarkide taldeak Bilduren aginteko Foru Aldundiari eskatu diola, Gipuzkoako udalekin elkarlanean aritzeko, lur-jausirik gerta daitezkeen kokalekuak jakiteko eta leku horietan lehenbailehen konponketa-lanak egiteko etorkizunean lur-jausiak ekiditeko.

Azkenik, jeltzaleen batzarkide taldearen bozeramaileak elkartasuna adierazi die lur-jausiak pairatu dituzten herritarrei eta honakoa esan du: “Gure esku dagoen guztia egingo dugu egoera lehenbailehen lehengora itzul dadin”.

No hay comentarios:

Publicar un comentario