1 de marzo de 2013

EAJ-PNV-K SALATU DU BILDUK ERAKUNDEEN IZEN ONARI KALTE EGITEN DIOLA ETA MODU ALDERDIKOIAN ERABILTZEN DITUELA ARERIO POLITIKOARI ERASOTZEKO

EAJ-PNVren GBBren presidente Joseba Egibarrek azpimarratu du, esker abertzaleak ez dakiela, oraindik, politikan edozer gauzak ez duela balio eta esan du, jarrera horrek argi uzten duela esker abertzaleak nola ulertzen duen boterea: lehendabizi arerioa seinalatu egiten dute eta, ondoren, suntsitzen saiatzen dira”.

Gipuzkoako Batzar Nagusietan jeltzaleen batzarkide taldearen bozeramaile Markel Olanoren aburuz, ezker abertzalea pertsonen aurkako estrategia burutzen ari da, baina lortzen ari den gauza bakarra da alderdien arteko harremanak gaiztotzea.

EAJ-PNVren GBBren presidente Joseba Egibar eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan jeltzaleen bozeramaile Markel Olano komunikabideen aurrean agertu dira gaur arratsaldean. Bertan, gezurtatu dute Mugikortasun eta Bide Azpiegituretako foru diputatu Larraitz Ugartek egindako salaketa. Ugartek Markel Olanori Burofax-a bidali dio eta egotzi dio BIDEGI-ko dokumentuak lapurtu izana.  

EAJ-PNV batzarkide taldearen bozeramaileak honakoa azaldu du: “Asteartean Larraitz Ugarteren Burofaxa jaso nuen. Bertan, 2007. eta 2011.urte arteko BIDEGIko Gastuetako fakturen dokumentazioa eskatu dit. Paper horiek pribatuak dira, datu-babespean daude eta ezin dira BIDEGIko instalazioetatik atera”. Ildo beretik, Olanoren iritziz, Larraitz Ugarte nire aurka egiten ari da eta egotzi dit dokumentuak lapurtu izana, eta, hori, Zigor Kodean tipifikatua dago”.

Era berean, Markel Olanok Larraitz Ugarte foru diputatuari erantzun ziola adierazi du: “Idatziz erantzun nion hurrengo egunean eta argi utzi nion ez dudala inoiz dokumenturik atera BIDEGItik. Gainera, esan nion, eskatzen dizkidan faktura horiek BIDEGIn bertan daudela eta beti han izan direla. Aitzitik, ez dut ez erantzunik ez jarrera zuzenketarik jaso”.

Hori dela eta, EAJ-PNVren batzarkide taldearen eledunak iragarri du, interpelazioa aurkeztu duela eta, beraz, Martin Garitanori eskatuko diola Larraitz Ugarteren adierazpenak zuzentzeko: “Dagoeneko, bi aldiz eskatu diogu Martin Garitano diputatu nagusiari Larraitz Ugarteren adierazpenak zuzentzeko. Gogoan izan, duela hilabete batzuk dirua lapurtu izana egotzi zigula eta, orain, aldiz, BIDEGItik fakturak atera ditugula salatu du”.

Horrenbestez, Markel Olanoren iritziz, ezker abertzalearen estrategia dago horren guztiaren atzetik: “Pertsonen aurka egiten saiatzen ari dira, baina lortzen ari diren gauza bakarra da alderdien arteko harremanak gaiztotzea. Hau da, Bilduk erakundeak nahierara erabiltzen ditu arerio politikoaren aurka egiteko eta, horrek, erakundeei izen ona kentzen die”.

Bestalde, GBBren presidente Joseba Egibarrek babesa eman dio EAJ-PNVren batzarkide taldearen bozeramaileari eta segidakoa esan du: “Politikan ez du edozer gauzak balio. Ezker abertzaleak politikaren alde egitea erabaki du eta, horrek eskatzen dio demokraziarekiko, gainerako alderdiekiko eta pertsonekiko errespetua. Hau da, orain ezker abertzalea estrategiak uztartzearen aurkakoa da – hain zuzen, orain arte babestu duena –. Hala ere, oraindik ez du ez azaldu, ez berriro aztertu, ez zuzendu, zergatik egin izan duen orain arte estrategiak uztartzearen alde”.  

Horren harira, Egibarrek honakoa salatu du: “Ezker abertzalearen jarrera Alemaniako Stasi-ren oso antzekoa da: hasteko, boterea lortu dute; ondoren, arerioa seinalatu dute; jarraitzeko, arerioa etsaian bihurtu dute eta, azkenik, etsaia suntsitzen saiatzen ari dira. Hau da, Gipuzkoako diputatu nagusi ohi Markel Olanori egotzi diote hainbat dokumentu lapurtu izana. Zer jarrera mota da hori? Ezker abertzaleak nahiago izan du frogarik gabe salatzea, Markel Olanori galdetzeko deitu eta jarrera arduratsua eta leiala izan ordez”.
  
Azkenik, GBBren presidenteak ezker abertzaleari eskatu dio, jarrera hori zuzentzeko: “Izan ere, baldin eta ezker abertzaleak alderdien arteko harremana konfiantzazkoa izatea nahi badu, horrelakorik ezin du gertatu. Ezker abertzaleak iraganeko jarrera izan du eta, hori, onartezina da”. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario