11 de abril de 2013

AINTZANE OIARBIDE: “BIDEGIKO ZUZENDARIAK DIPUTATU NAGUSIAREN HITZEN KONTRAKOA ESAN DU ETA BAIEZTATU DU FAKTURAK BETI EGON DIRELA BIDEGIKO EGOITZAN”.



EAJ-PNVren batzarkidearen iritziz, Bildu ez da kudeatzen ari, baizik eta, boterea erabiltzen ari da arerio politikoari eraso eta kalte egiteko. 



Bidegiren kudeaketaren gaineko eztabaidak gaur goizean jarraitu du; izan ere Mugikortasuneko eta Bide azpiegituretako foru diputatu Larraitz Ugarte eta Bidegiko zuzendari Katy Nevado Batzar Nagusietan agertu dira azalpenak emateko. EAJ-PNVren batzarkide Aintzane Oiarbideren ustez, Bidegiko zuzendariak bakarrik interesatzen zaizkion datuak eman ditu eta, gainera, baieztatu du, diputatu nagusi ohiari eskatutako fakturak beti egon direla Bidegiko egoitzan – gogoan izan, duela aste batzuk Larraitz Ugartek frogarik gabe salatu zuela Markel Olano diputatu nagusi ohiak fakturak etxera eraman zituela –. Hau da, Martin Garitano diputatu nagusiaren atzoko hitzen kontrakoa esan du”.  

Horren harira, Oiarbidek honakoa esan du: “Bilduk bi urte egingo ditu, laister, Foru Aldundiaren gobernuan, baita Bidegiren buruan ere. Bi urte horietan, espioitza politikoa baino ez du egin eta EAJ-PNV behin eta berriro erasotu du kalte egiteko asmoz eta ez du, ordea, bere benetako lana egin: kudeatu eta errepideak finantzatzeko plana egin, izan ere, hori da, hain zuzen ere, Gipuzkoak behar duena egindako inbertsioei aurre egiteko”.

Era berean, Aintzane Oiarbidek gogoratu du, EAJ-PNVren kudeaketa Bidegin eraginkorra eta gardena izan dela eta, ondorioz, sozietate publiko kaudimendunena izan dela. Beraz, zer gertatu da azkeneko bi urteetan egoera hori guztiz kontrakoa eta jasanezina izateko? Aintzane Oiarbideren ustez, erantzuna oso argia da: Bilduk hartu du kudeaketa eta bere lana egin ordez, boterea erabili du arerio politikoari kalte egiteko.

Halaber, batzarkide jeltzalearen aburuz, Foru Aldundiak aipatzen duen 900 milioi euroko zorra, azkeneko urteetan egindako inbertsioen ondorio dira eta, horri esker, egun, Gipuzkoak puntako errepide sarea du. Beraz, 900 milioi euro horiek inbertsio bat izan dira eta ez, ordea, zaborretara botatako dirua.

Horrenbestez, Aintzane Oiarbidek segidakoa azpimarratu du: “Bilduren aginteko Foru Aldundiak aurre egin behar dio maileguari eta, horretarako, errepideak finantzatzeko plana egin beharko du. Baina aitzitik, Foru Aldundiak ez dio gaiari heldu nahi, amore eman du eta hiru alditan atzeratu du bere proposamenaren aurkezpena eta, horren ondorioz, Gipuzkoako diru-kutxari kalte egiten ari zaio, izan ere, urtero milioika euro galtzen ari da eta, bitartean, atzerriko milaka kamioik Gipuzkoa zeharkatzen jarraitzen dute ezer ordaindu gabe”.

Bidegiko langileen ordenagailuen kopiari buruz, EAJ-PNVren batzarkideak esan du, baldin eta egindako lana arrunta bada, zergatik itxaron dute langileek lapurreta Ertzaintzara jotzeko asmoa azaldu duten arte, beraien lanpostuetan lapurreta izan zela salatzeko? Hortaz, Aintzane Oiarbidek Foru Aldundiari gardentasun falta egotzi dio eta Larraitz Ugarte foru diputatuari honakoa galdetu dio: “IZFE informatika zerbitzuak horrelako lanak egunero egiten ditu, orduan zergatik ez zaio eskatu IZFEri lan hori egiteko eta, aldiz, ezker abertzalearekin lotura duen enpresa bati eskatu zaio?”.

Azkenik, Oiarbidek Mugikortasuneko eta Bide azpiegituretako foru diputatuari gogoratu dio, politikan edozer gauzak ez duela balio; alderdien arteko harremanak kaltetu dituela eta zaila izango dela bere onera ekartzea; eta, gainera, eskatu dio, boterea erabiltzeari uzteko arerio politikoari kalte egiteko. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario