Joseba Antxustegi batzarkide jeltzaleak salatu du, Mugi txartelaren ezarketa
kaosa izaten ari dela, Foru Aldundiaren aurreikuspen faltagatik eta
kudeaketarako gaitasun ezagatik.
EAJ-PNVren batzarkide
taldeak bat egin du Mugi garraio-publikoaren txartelaren erabiltzaileek
azaldutako kexuekin eta Foru Aldundiari eskatu dio, eragozpenak konpontzeko lan
egiteko. Joseba
Antxustegi batzarkide jeltzaleak salatu du, Foru Aldundiak ez
duela aurreikuspenik izan eta, ondorioz, Mugi txartelaren ezarketa kaosa izaten
ari dela. Horren harira, Antxustegik honakoa esan du: “Foru Aldundiak presa
handia izan du txartel bakarra ezartzeko. Ez du zer gertatuko zen jakiteko
aurreko azterketarik egin eta, ondorioz, garraio-publikoaren erabiltzaileei
kalte egiten ari zaie”.
Era berean, jeltzaleen
batzarkidearen iritziz, “Mugi txartela eskatzeko eta dirua sartzeko saltokietan
haserre daude, denbora luzea igarotzen delako txartela eskatzen denetik
jasotzen den arte”. Ildo bertik, segidakoa azpimarratu du: “Foru Aldundia ez da
gai izaten ari eskari guztiak erantzuteko eta, ondorioz, erabiltzaileei kalte
egiten ari zaie, izan ere, bidaiak osorik ordaintzen ari dira, beherapenik
gabe. Gainera, hainbestekoa da kaosa, non erabiltzailearena arreta zerbitzua –
bai bulegoa, bai telefonoa - gainezka dagoen. Horren aurrean ere Foru Aldundiak
ez du erantzunik eman”. Hori dela eta, Joseba Antxustegik Bilduren aginteko
Foru Aldundiari eskatu dio, kaltetutako erabiltzaileei – hain zuzen ere, Mugi
txartela eskatuta duten eta jaso ez dutenei – kalte-ordainak ordaintzeko, izan
ere, egoera onartezina da.
Halaber, EAJ-PNVren
hautetsiak honakoa salatu du: “Foru Aldundiak Mallabia-Ondarroa autobus
zerbitzuko erabiltzaileak beherapen politikatik kanpo utzi ditu – gogoan izan,
orain arte Lurraldebus txartelarekin beherapenak zituztela –, bizkaitarrak
direlako. Gure ustez, aldundiak erabiltzaile hauekin ere arreta izan behar du,
izan ere, zerbitzu hori da, esaterako, erabiltzaile horiek Mendaroko ospitalera
joateko duten aukera bakarra”.
Azkenik, Joseba Antxustegik
Bilduren aginteko Foru Aldundiari eskatu dio, esfortzua egiteko RENFE txartel
bakarraren sisteman sartzeko. Antxustegiren iritziz, helburu hori lortzeko Foru
Aldundiak lan gehiago egin beharko luke, izan ere RENFE gabe Gipuzkoako
garraio-publikoaren erabiltzaileen zati handi bat Mugi txartelaren
beherapenetik kanpo gelditzen da.
No hay comentarios:
Publicar un comentario