10 de abril de 2013

EAJ-PNV-K SALATU DU BILDUK ERAGOTZI DUELA TXINGUDIKO MANKOMUNITATEAREN SARRERA GIPUZKOAKO HONDAKINEN PARTZUERGOAN


Xabier Ezeizabarrena batzarkide jeltzalearen ustez, koalizio abertzaleak jarrera ustela du, izan ere, hondakinen alorrean, herritarren gehiengoaren borondatearen aurka egin du eta eskumenak dituzten erakundeak erabili ditu bere ideiak inposatzeko.  
Bilduk Txingudiko mankomunitatearen sarrera Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoan (GHK) eragotzi izanari buruz eztabaidatu dute batzarkide taldeek gaurko osoko bilkuran. EAJ-PNVren batzarkide Xabier Ezeizabarrenaren ustez, Bilduk beldur dio demokraziari eta hauteskundeek alderdi politikoei ematen dizkieten ordezkaritzari. Horregatik, Bilduk ezetz esan dio Txingudiren sarrerari Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoan.

Horren harira, Ezeizabarrenak honakoa esan du: Bilduk ez du nahi Txingudiren mankomunitatea GHKn sartzea, Partzuergoaren gehiengoa aldatu egingo delako. Gainera, bai Juan Carlos Alduntzin Ingurumeneko foru diputatu ohiak, bai Iñaki Errazkin egungo Ingurumeneko foru diputatuak berak, behin eta berriro esan dute Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoan erabakitzen dena errespetatuko dutela; izan ere, beraien iritziz, GHK-k du eskumena hondakinen kudeaketan. Baina aitzitik, errespetatuko al zituzten GHKren erabakiak, baldin eta Txingudiren mankomunitatea sartu izan balitz eta gehiengoa aldatu izan balitz?”.   

Horrenbestez, EAJ-PNVren batzarkidearen iritziz, Bilduk jarrera ustela du, izan ere, hondakinen alorrean, herritarren gehiengoaren borondatearen aurka egin du eta eskumenak dituzten erakundeak erabili ditu bere ideiak inposatzeko.

Halaber, Xabier Ezeizabarrenak segidakoa azpimarratu du: “Bilduk, gainera, Europar Batasuneko Ingurumeneko Komisarioaren iritzia manipulatu du, PIGRUG plana ez betetzeko – hain zuzen ere, Gipuzkoako herritarren gehiengoaren babesa duen plana –. Hau da, argi gelditu da Bilduk bere esku dagoen guztia egingo duela gehiengoa apurtzeko, betiere, baldin eta gehiengo horren iritziak bere programarekin bat egiten ez badu”.

Azkenik, Ezeizabarrenak salatu du, Bilduk Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoan bere ustezko gehiengoa erabailtzen jarraitzen duela – ustezkoa da, izan ere, GHKn Foru Aldundiaren ordezkaritza %33 da eta Batzar Nagusiek agindutakoaren aurka erabiltzen du – eta, orain, Auzitegi Gorena erabiltzen duela, nahiz eta betidanik arnegatu izan duen. Hortaz, hautetsi jeltzaleak Bilduri honakoa eskatu dio: “Zabortegi berriak irekitzeko asmoa baztertzeko eta araudia zein Batzar Nagusien aginduak betetzeko”.  

Bestalde, Irungo eta Hondarribiako alkateek, Jose Antonio Santanok eta Aitor Kerejetak, eztabaida gonbidatuen tribunatik jarraitu dute. Aitor Kerejeta Hondarribiako alkateak komunikabideei segidakoa esan die: “Txindugik GHKn sartu nahi du – betiere, gainerako mankomunitateen baldintza berberekin – eta bere ikuspegia azaldu nahi du Gipuzkoan hondakinen kudeaketan dagoen arazoa konpontzeko. Gainera, gure ustez, gure iritzia garrantzitsua da, izan ere, Txingudiko mankomunitateak ordezkatzen du Gipuzkoako biztanleen %10 edo %11. Baliteke Bilduk gustuko ez izatea esan behar duguna, baina gure iritzia entzun beharko du eta, horretarako, Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoa dago. Beraz, Bilduk ezetz esan dio GHKn Txingudiren sarrerari eta, ondorioz, herritarrei errealitatearekin bat egiten ez duen iritzia ematen ari zaie”. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario