3 de mayo de 2013

EAJ-PNV-K BILDURI EGOTZI DIO GIPUZKOAKO KIROL-EREDUARI KALTE EGIN IZANA ETA ESKATU DIO KIROLAREN ETORKIZUNA BERMATZEKO PLANA EGITEKO.



Arantza Rojo jeltzalearen iritziz, Gipuzkoako Foru Aldundiak kirol kudeaketa eredugarria bertan behera utzi du eta, horren ordez, plangintzarik gabeko eredua ezarri du.



Gipuzkoako kirolaren behatoki  Kirolbegiren arduradunak Batzar Nagusietan agertu ziren atzo beraien proiektua zertan den azaltzeko. Horren harira, EAJ-PNVren batzarkide Arantza Rojok honakoa esan du: “Gipuzkoako Foru Aldundiak kirol kudeaketa eredugarria bertan behera utzi du eta, horren ordez, plangintzarik gabeko eredua ezarri du”. Horrenbestez, Arantza Rojok salatu du, Bilduk ez duela Gipuzkoako kirola kudeatzeko eredu garbirik, ez etorkizuneko proiekturik.

Ildo beretik, Rojoren iritziz, Bilduren aginteko Foru Aldundiak ez du planik Gipuzkoako kirola kudeatzeko; are gehiago: ez du eredurik, ez plangintzarik, non eta legealdiko helburuak finkatzen diren, eta horrek, ondorio larriak izango ditu Gipuzkoako kirolarentzat. 

Era berean, jeltzaleen batzarkideak segidakoa azpimarratu du: “Bilduk gelditu ditu lehengo legealdian Foru Aldundiak Gipuzkoako kirolaren eragileekin adostutako plangintza guztiak, besteak beste honakoak: kirol-ekipamenduen lurralde plana; kirol erakundeak antolatzeko plana; herri txikietako herritarren oinarrizko kirol-jarduerak bermatzeko plana; eta goi-mailako kirola antolatzeko plana. Hau da, Bilduk plan horiek guztiak gelditu ditu eta, ondorioz, Gipuzkoako kirolak ez du eredurik, ez norabiderik”.

Horiek horrela Rojo kezkatua dago, kirol arloan ere aurrekontuak behera egin duelako. Esaterako, Bilduk honako aurekontu-sailak murriztu ditu: prozesu estrategikoak; kirol-programen, -proiektuen eta -plangintzen diseinua; kirolaren ikerketa eta ezagutza; edo formazioa. Hautetsi jeltzalearen aburuz, saila horiek guztiek lotura zuzena dute gipuzkoako kirolaren etorkizunarekin, hain zuzen ere, Bilduk gelditu duenarekin.

Halaber, EAJ-PNVren batzarkideak kritikatu du, Bilduk baztertu dituela ikerketa, garapena eta berrikuntza kirol arloan. Egun, ez dago inor pentsatzen, ez ikertzen Gipuzkoako kirolari buruz. Eta lan hori gabe ezin da politikarik egin helburuak lortzeko, edo ezinezkoa da jakitea egindako politikek ezarritako helburuak lortzen dituzten ala ez. 

Azkenik, Arantza Rojok Gipuzkoako kirolaren Kontseilua eta Gipuzkoa Kirola txartela izan ditu hizpide: “Gipuzkoako kirolaren eragileek ez dute Gipuzkoako kirolaren Kontseiluaren berririk – gogoan izan, kontseilu honetan kirolaren eragileek parte-hartzen zutela eta, bertan, erabakiak ere hartzen zituztela –. Gainera, ez dirudi Bilduk Gipuzkoa Kirola txartela egiteko konpromisoa beteko duenik. Hau da, Bilduren aginteko Foru Aldundiak kirol arloan ere egoeraren araberako erabakiak hartzen ditu eta, ondorioz, orain arte egindako aurrerapenak bertan behera gelditu dira; izan ere, ez ditu aintzat hartu nahi egunero kirol arloan lan egiten duten eragileak, elkarteak eta klubak”. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario