Jeltzaleen batzarkide taldearen bozeramaile Markel
Olanoren iritziz, azkeneko bi urteetan Bilduk ez du ezer egin krisiari aurre
egiteko.
EAJ-PNV
batzarkide taldearen bozeramaile Markel Olanok eta Eider Mendoza batzarkide
jeltzaleak prentsaurrekoa egin dute gaur goizean. Bertan, atzoko Bilduren
aginteko Foru Aldundiaren prentsaurrekoa aztertu dute, non eta, Gipuzkoa Saretzen ekimena eta Lurralde
Garapenaren zuzendaritza – Diputatu Nagusiaren kabinetearen barruan izango da –
aurkeztu zuten. EAJ-PNVren batzarkide Eider Mendozak honakoa esan du: “Bilduren
aginteko Foru Aldundiak 2011n iragarri zuen Gipuzkoa Saretzen ekimena martxan
jarriko zuela Gipuzkoa Aurrera ordezkatzeko, ez zutelako gustuko. Gainera, Foru
Aldundiak berak iragarri zuen ekimen hori krisiari aurre egiteko proiekturik
garrantzitsuena izango zela. Beraz, Gipuzkoa Saretzen martxan jarriko zuela
iragarri zuenetik jarraipen zehatza egin diogu”.
Ildo
beretik, Mendozak gogoratu du, orduan, Foru Aldundiak esan zuela bailara
bakoitzaren beharrak eta gabeziak aztertuko zituela, krisiari aurre egiteko
proiektuak garatzeko. Hala ere, nahiz eta Bilduk esan zuen Foru Aldundiak berak
prozesu horren lidergoa izan behar zuela, ez du ezer egin eta, ondorioz, bi
urteren ondoren, hasierako egoerara bueltatu gara. Hori dela eta, EAJ-PNVren
batzarkidearen iritziz, argi gelditu da Bilduk ez duela ezer egin krisiari
aurre egiteko eta ez duela gaia lehenensten; izan ere Gipuzkoa Saretzen
ekimenaren sorrera iragarri eta bi urte igaro eta gero, Lurralde Garapenaren
zuzendaritza egin du, eta zuzendaritza horrek egingo duen lehenengo gauza bailaretako
egoera aztertzea izango da.
Era
berean, EAJ-PNV batzarkide taldearen bozeramaile Markel Olanok Eider Mendozaren
iritziarekin bat egin du eta Bilduri bikoizketa sortu izana egotzi dio, izan
ere, Lurralde Garapenaren zuzendaritzaren eginbeharrak, Berrikuntza
departamentuaren eskumenak dira. Beraz, ezer ere ez egiteko bikoizketa egingo
den lehenengo aldia izango da.
Horrenbestez,
Olanok segidakoa azpimarratu du: “Beste behin ere, argi geratu da Bilduk ez
duela plangintzarik, besteak beste, zuzendaritza berria egin duelako,
aurrekontu-sailik eman ez diolako eta guztia berriro modu sakonean aztertuko
duelako”. EAJ-PNVren bozeramailearen iritziz, azkeneko bi urteetan Bilduk ez du
ezer egin krisiari aurre egiteko eta guztia gelditu du azterketa egin omen
behar duelako”.
Horiek
horrela, Markel Olanok esan du, bi kudeaketa eredu daudela – Martin Garitano
diputatu nagusiak ere gauza bera esan du –: “Alde batetik, Bilduren eredua
dago, hain zuzen ere, guztia gelditzeko eredua eta ondorio nahiko larriak
izango dituena; eta bestetik, EAJ- PNVren eredua; hau da, plangintzaren eredua
eta, hain zuzen ere, eredu ona, lehengo legealdian ikusi ahal izan zen
bezala - bost hilabeteetan ekintza plana
egin zuen EAJ-PNVren aginteko Foru Aldundiak eta, ondorioz, Gipuzkoa Aurrera
ekimena martxan jarri zuen – edota, egun, Eusko Jaurlaritzak ere erabiltzen
duen eredua – bi plangintza egin ditu ehun egunetan ekonomia eta enplegua
sustatzeko –“.
Azkenik,
hona hemen EAJ-PNV batzarkide taldearen eledunaren hitzak: “Gipuzkoako
ekonomiaren egoera oso larria da; izan ere, 50.000 langabetu baino gehiago
daude eta enpresen egoera ere zaila da. Horri aurre egiteko, Bilduren aginteko
Foru Aldundiak bat bateko erabakiak hartu ditu eta, gainera, ez du agindutakoa
bete. Ondorioz, egoera larriagoa da”. Markel Olanoren ustez, Bilduri eta ezker
abertzaleari ez die axola egoera larri hau eta, gaiari behar den garrantzia
eman ordez, beste gauza batzuri buruz hitz egiten du”.
Ekonomia sustatzeko Foru Araua.
No hay comentarios:
Publicar un comentario