9 de abril de 2014

EAJ-PNV-REN USTEZ, BILDUK GIPUZKOARREI ZIRIA SARTU NAHI DIE, IZAN ERE, BILDUREN HONDAKINAK KUDEATZEKO EREDUAK GEZUR HANDI BAT DU OINARRI.

Batzarkide jeltzale Xabier Ezeizabarrenak esan du, Bilduren helburu bakarra dela hondakinak kudeatzeko arazoa ez konpontzea, ez baitu bere ereduan konfiantzarik.


Gipuzkoako Batzar Nagusiek Foru Aldundiari honakoa eskatu diote: Batzar Nagusietan aurkezteko Bilduren aginteko foru gobernuaren proposamena, hain zuzen ere, Gipuzkoan hondakinak tratatzeko azpiegituren gaineko Bilduren proposamena. EAJ-PNV, PSE-EE eta PP batzarkide-taldeek eskaeraren alde bozkatu dute, eta Bildu eta Aralar taldeek, ordea, kontra bozkatu dute.

EAJ-PNVren batzarkide Xabier Ezeizabarrenak esan du, taldeek legealdi osoa daramatela gaiari buruz eztabaidatzen. Are gehiago: hainbat erabaki ere hartu dituzte, baina Bilduren aginteko Foru Aldundiak ez ditu erabakiak betetzen eta errespetatzen. Eta arazo horri beste bat gehitu behar zaio: Bilduk ez ditu gainerako taldeak informatzen eta ez da gardena izaten ari eta, ondorioz, ez du argitu nola egingo duen hondakinen tratamenduaren azken fasea.

Ildo beretik, Ezeizabarrenak Bilduren kudeaketa kaxkarra salatu du: “Bilduren kudeaketaren oinarria da, plangintzarik ez izatea, aldez aurretik pentsatu gabeko erabakiak hartzea eta inposatzea. Bildu ez da plangintza batetaz baliatu hondakinak kudeatzeko, baizik eta goiburuez baliatu da: lehenik, ‘zero zabor’ goiburua erabili zuen, hau da, munduko herrialde bakar bat ere lortu ez duen helburua; ondoren, egonkortutako hondakin fardelak biltzeko guneak aipatu zituen, hau da, zabortegi berriak irekitzeko asmoa zuen Bilduk, baina ez zuen esan non eta zein plangintzatan oinarritua; eta, orain, egonkortutako hondakin fardelak biltzeko gune bakar bati buruz hitz egiten du, baina aitzitik, ez du argitzen kokapena – eta bitartean, egungo zabortegiak ixteko epeak ez dira betetzen ari”.

Era berean, batzarkide jeltzaleak, berriro ere, salatu du Bildu ez dela gardena izaten ari gainerako batzarkide taldeekin: “Bilduk dio gardena dela, baina batzarkide taldeek egindako azkeneko galderari emandako erantzunak kontrakoa erakusten du: izan ere, batzarkide taldeek Foru Aldundiari eskatu zioten akordioa azaltzeko, hain zuzen ere, Zubietako errausketa-instalazioa ez eraikitzeko enpresa eraikitzaileekin lortutako akordioa. Baina aitzitik, Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako foru diputatu Iñaki Errazkinek segidakoa eranzun zuen: ‘ez dago espedienterik’. Eta erantzun horrek ez du bat egiten Gardentasunari buruzko Foru Arauarekin, hain zuzen ere, Bilduren aginteko foru gobernuak sustatutako eta onartutako foru arauarekin”. Hortaz, Xabier Ezezabarrenaren ustez, Bilduren nortasuna dira, gardena ez izatea eta inposatzea.   

Ezeizabarrenak, halaber, Bergarako Epele konposta egiteko plantari buruz hitz egin du: “Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako foru diputatuak marketing politikoaz baliatu da komunikabideetan aditzera emateko Epeleko plantaren eraikitzen hasi dela. Baina, aitzitik, konposta egiteko planta ez da eraikitzen asi, baizik eta proiektuaren idazketa esleitu da. Hau da, oraindik ez dakigu nolakoa izango den azpiegitura. Beraz, Iñaki Errazkin foru diputatua marketing politikoaz baliatu da eta, hori da hain zuzen ere, ekidin behar duguna legealdi osoa alferrik pasatzen ez uzteko.  Horrenbestez, EAJ-PNVren batzarkidearen ustez, Bilduren helburu bakarra da, hondakinak kudeatzeko arazoa ez konpontzea, ez baitu bere ereduan konfiantzarik.


Azkenik, hona hemen EAJ-PNVren batzarkidearen hitzak: “Bilduk ez du gardena izan nahi. Ez du Batzar Nagusietan plangintzarik erregistratu, eta ez du egin plangintzarik ez duelako. Hau da, gipuzkoarrei sinestarazi nahi die eredua duela, baina eredu hori gezur handi batean oinarritua dago, hain zuzen ere, hondakinen kudeaketan Europako herrialde aurreratuenek gezurtatu duten gezur handi batean. Eta datuak honakoak dira: gehien birziklatzen duten Europako herrialdeek hondakin hondarra erabiltzen dute energia sortzeko. Eta energia sortzeko prozesua eraginkorra, jasangarria eta osasungarria da. Beraz, Iñaki Errazkin foru diputatua bere ustezko eredua herrialde horietan azaltzen duen bitartean, Gipuzkoan ez dugu energia sortzen eta kanpotik ekarri behar dugu. Hortaz, Bilduk pareta baten kontra jo nahi du eta, gainera, hori egitea positiboa dela sinestarazi nahi digu”. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario