29 de julio de 2011

ARANTZA TAPIA: “MORATORIAK LURRALDEKO HONDAKINEN KUDEAKETA SISTEMA ERABAT KOLAPSATUKO DU”.

Arantza Tapia eta Eider Mendoza
Jeltzaleen batzarkide taldeko bozeramaileak azaldu duenez, arduratuta daude proiektuaren inguruan zalantzak sortu direlako, eta moratoriaren eskaerak ez duelako batzar nagusiek onartutako plangintzari alternatibarik aurkezten.


Gipuzkoako Batzar Nagusietako EAJ-PNVren batzarkide taldeak prentsaurrekoa eman du, Gipuzkoako Foru Aldundiko kudeatzaile berriek hondakinen arloan hartu dezaketen erabakiaren inguruan arduratuta daudela adierazteko. Ingurugiro eta Lurralde Antolaketa Batzordeko EAJ-PNVren bozeramaile Arantza Tapiak esan duenez, Diputatu Nagusiak eta foru aldundiko bozeramaileak egin dituzten moratoriaren aldeko adierazpenak, hondakinen kudeaketarako proiektuaren inguruan zalantzak sortu ditu.

Ildo beretik, Tapiak honakoa nabarmendu du: “Moratoriak lurraldeko hondakinen kudeaketa sistema erabat kolapsatuko du; izan ere, Sasieta, Lapatx eta Urtetako zabortegiak duten ahalmenaren limitera iristen ari dira”. Era berean, jeltzaleen bozeramaileak moratoriaren eskaera kritikatu du, eta ondorengoa gaineratu du: “Moratoriarekin batera ez dute aurkeztu batzar nagusiek onartutako egungo plangintzari alternatibarik”. Honenbestez, Arantza Tapiaren iritziz, oso erraza da beti ezezkoa esatea, baina zeintzuk dira alternatibak? San Markoseko zabortegia berriro ireki behar al dute? Zer egin behar dute erabaki hori hartzen den bitartean?

Gainera, EAJ-PNV batzarkide taldeko bozeramaileak gogoratu duenez, Gipuzkoako hondakinen kudeaketa ereduak Europako honakinen kudeaketarako arautegiarekin bat egiten du; alabaina, Inbertsioetarako Europako Bankuak parte hartzen du. Halaber, Arantza Tapiak azpimarratu duenez, plangintzan aurreikusitako tratamendurako azpiegiturak operatiboak, eraikitzen edota esleituak daude. Horretarako, aurretik, esleipenak eman izan dira, betiere aurrera eramateko finantziazioa dutela ziurtaturik.

Zubietako Hondakinen Kudeaketarako Zentroa martxan jar dadin, Gipuzkoako Hondakinen Patzuergoa osatzeko aurreko legealdian mankomunitateen artean lortutako akordioei – zabortegien itxiera honen barruan zegoen – edo Bizkaiko Foru Aldundiarekin sinatutako hitzarmenari – urtero 25.000 tona hondakin bertako zabortegietara bidratzeko – buruz, Tapiak segidakoa esan du: “Konpromezu sendoak behar dira prozesuan parte hartzen duten eragileen zalantzak argitu, eta gure lurralderako beharrezkoa den proiektu estrategikoarekin amaitzeko kontrako jarrerarik har ez dezaten”.

Hori guztia dela eta, EAJ-PNVren bozeramaileak azaldu duenez, Hondakinen Foru Arauan hartutako konpromezuak berretsi daitezen eskatu dugu, indarrean dagoen araudian aldaketarik egon ez dadin. Gainera, Arantza Tapiak argitu duenez, talde jeltzaleak Gipuzkoako Batzar Nagusietan ebazpen-proposamena aurkeztu du, non foru aldundiari dei egiten dioten, indarrean dagoen plangintza zein hartutako konpromezuak bete ditzan; exekuzioa bermatzeko beharrezkoak diren hitzarmenak lor ditzan, eta azpiegituren exekuzioa eta proiektuaren amaiera arriskuan jar ez ditzan.

Amaitzeko, Tapiak Martin Garitano eta Larraitz Ugarteri ondorengoa gogoratu die: “Indarrean dagoen foru araua aldatzen ez den bitartean, arlo honetan batzar nagusiek adostutakoa derrigorrez bete behar dute”. Ildo berean, honakoa galdetu die: “Egungo foru araua aldatzen duen foru arau proposamenik aurkeztuko duzue? Eta, zeintzuk dira hiri hondakinen ondarren tratamendurako edota ezabatzeko proposatzen dituzuen alternatibak?”.

No hay comentarios:

Publicar un comentario